GIPUZKOA

EH Bilduk aulki bat irabazi du, eta Ahal Dugu-k, galdu

Bina ordezkari lortu dituzte EAJk eta EH Bilduk, eta bana Ahal Dugu-k eta PSEk. Espainiako Gorteetako hauteskundeetan izandako parte hartzerik handienetan hirugarrena izan da: hautesleen %74 joan dira botoa ematera.

Joseba Agirretxea EAJren hautagaia, botoa ematen. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko apirilaren 28a
11:36
Entzun

Aulki baten aldaketa utzi dute Espainiako Gorteetako hauteskundeek Gipuzkoan. Ahal Dugu-k ordezkari bat galdu du —bi zituen, eta bat izango du—, eta EH Bilduk irabazi —bat zuen, eta bi izango ditu—. EAJk orain arteko ordezkaritzari eutsiko dio bi aulkirekin, eta PSE-EEk batekin segituko du. Honako hauek izango dira Gipuzkoako diputatuak Espainiako Kongresuan:

EAJ. Joseba Agirretxea eta Iñigo Barandiaran.

EH Bildu. Mertxe Aizpurua eta Jon Iñarritu.

Ahal Dugu. Pilar Garrido.

PSE-EE. Odon Elorza.

Hona hauteskundeek Gipuzkoan utzitako datuak, hamar gakotan:

1. Parte hartzea. Azken urteetako hauteskundeetan baino nabarmen handiagoa izan da mobilizazioa: boza ematera deituta zeudenen %74 joan dira hauteslekuetara. Atzera jo behar da parte hartze hori baino handiagoa aurkitzeko: 1982ra (%78). Aurreko bozen aldean, hamar puntu igo da parte hartzea.

2. Aldaketa. Aulki bat mugitu da emaitzetan. Ahal Dugu-k galdu du: botoen %29 lortu zituen 2016an, eta %17 orain. EH Bilduk, berriz, ordezkari bat irabazi du: bozen %19 zituen, eta %24 orain.

3. Berdin. EAJk eta PSE-EEk azken legealdiko ordezkaritza bera izango dute: jeltzaleek, bi ordezkari; sozialistek, bat. Botoetan gora egin dute bi alderdiek: EAJk %29 lortu ditu —2016an, %23—, eta PSE-EEk, %19 —2016an, %14—. EAJk, gainera, 1982ko hauteskundeetatik ez du horrenbeste boto bildu: 116.000 baino gehiago. EH Bildu da bigarrena, eta 94.000 ditu.

4. Espainiako eskuina. Gipuzkoan ez dute ordezkaritzarik lortu Espainiako eskuineko alderdiek. Aurreko bozetan ere ez zuten lortu. Ehunekotan, gainera, pisua galdu dute: PPk eta Ciudadanosek botoen %13 lortu zituzten 2016an, eta orain, Vox ere gehituta, %10 eskas. Eskuin muturreko alderdiak 6.500 boto pasatxo lortu ditu Gipuzkoan (%2 eskas).

5. Gainerako alderdiak. Eskuineko blokearen ondoren, beste bost taldek ere jaso dituzte bozak, nahiz eta ordezkaritzarik gabe geratu: bosten artean botoen %1 pasatxo lortu dituzte. Horien artean PACMA alderdi animalista da nagusia, 3.000 boto baino gehiago jasota.

6. Donostia. Gipuzkoako emaitzen aldean aldaketak daude hiriburuan, Donostian: EAJ da lehena, baina bigarrena ez da EH Bildu. Aurretik ditu PSE-EE eta Elkarrekin Podemos. Boto portzentajean gora egin dute EAJk (%21etik %28ra), PSEk (%15etik %21era) eta EH Bilduk (%12tik %15era), eta behera Ahal Dugu-k (%28tik %18ra) eta PPk (%16tik %8ra). Eskuineko blokeak Gipuzkoan baino pisu handiagoa du Donostian: botoen %16.

7. Herri nagusiak. Hiriburuaz kanpo, Gipuzkoan biztanle gehieneko hamar herrietako datuei begiratuta, hara: EAJ izan da lehen indarra Zarautzen, Arrasaten, Tolosan eta Hondarribian; PSE-EEk lortu du boto gehien Irunen, Errenterian, Eibarren eta Lasarte-Orian; EH Bilduk Hernanin; eta Ahal Dugu-k Pasaian.

8. Senatua. Lau ordezkari ditu Gipuzkoak Espainiako Senatuan, eta hau izango da banaketa: EAJk hiru ordezkari lortu ditu (Maribel Bakero, Mertxe Garmendia eta Luke Uribe-Etxebarria), eta EH Bilduk, bat (Gorka Elejabarrieta). Aurreko legealdian bi izan ditu EAJk, eta beste bi Ahal Dugu-k.

9. Eguneko gorabeherak. Hauteslekuetan ez da aparteko gorabeherarik izan egunean zehar. Ezbehar bat, bai, izan da Donostian: botoa ematera joan den gizon bati ondoeza egin zaio Donostian, EHUren Zuzenbide fakultatean, eta hil egin da.

10. Atzerriko botoak. Aurrez aurreko eta posta bidezko botoak zenbatuta, atzerritik boza bidali duten gipuzkoarrena zenbatzea falta da. 3.569 lagunek eskatua dute botoa ematea; beraz, ez da mugimendurik izango emaitzetan. Asteazkenetik aurrera egingo dute behin betiko kontaketa, atzerriko botoak ere sartuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.