Katalunia

ERCk aise irabazi du Katalunian

Hamabost eserleku lortu ditu, eta PSCk hamabi; parte hartzea %14,17 handitu da. Independentistek 1,5 milioitik gora boto eskuratu dituzte.

Gabriel Rufian, ERCko burua Kongresuan, hauteskunde gaueko ekitaldian. ALBERTO ESTEVEZ, EFE
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2019ko apirilaren 29a
17:15
Entzun

Espainiako hauteskundeetako kanpainan Kataluniak pisu handia izan du, eta han izan da bereziki parte hartze handia: %14,17ko igoera izan du 2016ko hauteskundeekin alderatuz gero: %77,61eko parte hartzea. Alderdi independentistek emaitza oso onak izan dituzte, Espainiako hauteskunde orokorretan inoiz baino boto gehiago jaso dituzte eta, ERCk bereziki, Oriol Junqueras espetxean dagoen hautagaiaren alderdiak: hamabost eserlekurekin gailendu da, duela hiru urte baino sei diputatu gehiago eskuratuta. PSOEk Ciudadanos baztertuz gero —gehiengo osoa lortuko lukete bi alderdiek Madrilen—, ERCren babesa ezinbestekoa izango du lehen bozketan gehiengo osoa lortzeko (PSOEk (122) eta Unidas Podemosek (42) 164 eserleku baitituzte. Ez ordea, bigarren bozketa batean, gehiengo sinplea nahikoa baita.

Edozein kasutan, hauteskundeetara aurkeztu diren alderdi independentisten artean —ERC, Junts per Catalunya (JxCat) eta Front Republica (FR)— 1,5 milioi boto baino gehiago eskuratu dituzte, botoen %39,35.

PSCk hamabi eserleku lortu ditu, 2016an baino bost gehiago. ECP-Guanyem El Canvi Podemosen adarrak, berriz, bost galdu ditu hamabi eserlekutatik zazpira jaitsiz. JxCat-Junts Carles Puigdemonten alderdiak zazpi eskuratu ditu.

Ciudadanosek duela hiru urtetako emaitzak berdindu ditu (bost eserleku), eta PP seitik batera jaitsi da.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.