Gakoak

Inboluzioaren aurkako indarrak garaile

Espainiako Gorteetarako hauteskundeen emaitzek azterketarako hainbat gako utzi dituzte, gobernabiderako aukera ugari zabaltzearekin batera. Honakoak dira eguneko gakoetako batzuk:

jon olano
2019ko apirilaren 29a
17:49
Entzun

1. Parte hartzea, gora.

Hauteskunde sistema guztiek dauzkate beren ezaugarriak eta, horiekin, beren ondorioak. Frantziako hauteskunde sistema, esaterako, bi itzulikoa da, eta eredu horren ondorioa izan ohi da bigarren itzulian zentro politikotik gertuen dauden alderdiak saritzea. Itzuli bakarreko sistemek, beraz, sorpresarako abagune gehiago eskaintzen dituzte.

Iazko abenduan Andaluziako hauteskundeak egin zituztenetik, hauteskunde kanpainaurrearen eta kanpainaren ardatzetako bat izan da eskuin muturra zenbateraino agertuko zen Espainiako panorama politikoan. Hipotesi horrek ondorio zuzen bat izan du: parte hartzeak nabarmen egin du gora Hego Euskal Herrian, Katalunian eta, oro har, Espainiako Estatuan. Espainian, Andaluziako hauteskundeek piztu zuten eskuin muturraren hazkundearen alerta, eta, formalki bi itzulirik ez badago ere, Andaluziako bozek lehen itzuli gisa jokatu dute, eskuin muturraren aurkako botoa suspertuta. Ez da izan nolanahiko igoera: %75a gainditu du Nafarroan eta Bizkaian; 2016ko hauteskundeekiko, parte hartzeak hiru puntu egin du gora Araban, zazpi Bizkaian, zortzi Gipuzkoan eta sei Nafarroan, eta 1982az geroztik parte hartze handieneko bigarren hauteskundeak izan dira. 2004an gainditu zen gaurko zifra, bozak Madrilgo atentatuak eta hiru egun geroago egin zirenean. Hego Euskal Herria eta Katalunia erabat mobilizatu dira hipotesi atzerakoiaren aurrean.

2. EAJ nagusi.

Mobilizazio horren onuradun nagusiak, ordea, alderdi ugari izan dira. Hego Euskal Herrian, hiru, nagusiki. Batetik, EAJ; jeltzaleak garaile izan dira botoetan eta eserlekuetan Araban, Bizkaian nahiz Gipuzkoan. Emaitza: 394.586 boto eta sei diputatu; duela hiru urte baino diputatu bat eta 100.000 pasa boto gehiago.

Iazko maiatzean, ez zuen ataka erraza EAJk; Katalunian 155. artikulua indarrean zela, Mariano Rajoyren aurrekontuak onartu zituzten jeltzaleek; kritikak ugaritu ziren, eta erabaki horrek izan zezakeen kostea hauteskundeetan. Kontrakoa gertatu da: PSOEren boto baliagarriak hari kalte egiteko arriskuaren aukera baztertu, eta boto baliagarri gisa EAJ saritu dute hautesleek. Iragan den legealdi nahaspilatsuari EAJk atera dion zukua balioan jarri dute hautesleek, eta, Jaurlaritzan, Nafarroako Gobernuan, hiru diputazioetan eta Gasteizen, Bilbon eta Donostian aginduta, une gozoa bizi du alderdiak. Madrilgo aritmetika parlamentarioari erreparatuta, legealdi berrian ere erabakigarria izan daitezke sei diputatu jeltzaleak, eta eskua jada luzatu du Andoni Ortuzar EBBko lehendakariak: "Gure ordezkaritza Euskadiren eta ongizatearen zerbitzuan arituko da". Agertoki berrian, "elkarrizketa aukera eta konponbide politikoak" proposatzen dituela nabarmendu du.

3. PSOE, gobernatzeko prest.

PSOE eta, haren eskutik, PSE eta PSN izan dira parte hartzearen hazkunde horren beste onuradunak. Pedro Sanchezek bi milioi boto gehiago eskuratu ditu 2016ko bozekin alderatuta, eta esanguratsua da Euskal Herria eta Katalunia izan direla hazkunde horren bi adierazle: 346.713 boto eta sei diputatu, eserleku kopuruan lehen postuan, EAJrekin berdinduta, eta duela hiru urte baino 120.000 boto indartsuago. PSOEk Hego Euskal Herrian azken 11 urteetan lortu dituen emaitzarik onenak dira, baina 2008 hartako 548.610 horietatik urrun.

Espainiako Kongresuan 123 eserleku lortuta, emaitzek gobernatzeko moduan jarri dute Sanchez. Hilotz zegoen alderdia berpiztu du Sanchezek, beheranzko joera etenda, kolpean 38 diputatu gehiago eskuratuta eta, batez ere, bigarren indarrak lortutako diputatu kopurua bikoiztuta. Bi aukera ditu orain Sanchezek: ezkerrera eta penintsulako periferietako nazioetara begiratzea edo Ciudadanosekin lerratzea. Lehen aukerak ez dio gehiengo osoa ematen; bai, ordea, bigarrenak, baina argi esan diote PSOEko jarraitzaileek Sanchezi, hura jendaurrera irten eta berehala: "Riverarekin, ez". Datozen egun edo asteek argituko dute balizko akordioen panorama.

4. Independentistek, 26 eserleku.

Era berean, hipotesien artean zegoen EH Bildu ere PSOEren aldeko boto baliagarriaren biktima izatea. Ez da hala izan; koalizio subiranistak 258.804 boto eskuratu ditu, 2016an baino 75.000 boto gehiago, eta bikoiztu egin du ordezkari kopurua: bitik laura. Bigarren diputatua lortu du Gipuzkoan, eta Javier Maroto PPkoari kendu dio Arabako azkena. Nafarroan, oso gertu izan du Bel Pozuetak ordezkaritza lortzea, baina PSNk eskuratu du bere bigarrena. Zaila dirudi, baina Espainiako Estatu kanpotik bidalitako botoek alda litzakete Arabako eta Nafarroako azken diputatuak.

EH Bilduren emaitzak joera baten isla izan dira: kataluniarrek eta euskal herritarrek Unidos Podemos lehenetsi zuten aukera gisa, baina indar abertzale eta subiranistak lehenetsi dituzte orain. Katalunian, independentismoa oso sendo agertu da: ERC izan da boto eta eserleku gehien eskuratu dituen indarra (15), lehen aldiz irabazi ditu Espainiako hauteskundeak Katalunian, eta sei diputatuko hazkunde horrek apenas eragin dion beste indar independentista katalanari, Junts Per Catalunyari. Bi katalanen eta EH Bilduren artean, independentismoaren indarra esanguratsua izango da Espainiako Kongresuan: 26 eserleku eta 1,7 milioi boto; jazarpenak jazarpen, 2016an baino ia 500.000 boto eta zazpi ordezkari gehiago. Sanchezek ezingo dio ezikusiarena egin errealitate horri.

5. Eskuin espainiarzalea, ezdeus Euskal Herrian

Gaueko galtzaile nagusia, berriz, PP izan da, eta, gainerako eskuin espainiarzaleek gora egin badute ere, hiruren batura ez da nahikoa izango Espainian. Eremu politiko baten eskaintza dibertsifikatzeak edo indarrak metatzeak ez du berez emaitza zehatz bat ematen; batuketa batzuek biderkatu egiten dute, eta beste batzuek, kendu. Ezker abertzalea, Sortu eta Alternatiba elkartuta, Bilduk hiruren baturatik harago zihoan emaitza lortu zuen; beste batzuetan, ordea, komeni da eremu berean alderdi politiko bat baino gehiago aurkeztea, balizko abstentzionisten botoa eskuratzeko.

Navarra Sumak, ordea, bi joera horietako bat azaleratu du: ez du gehitu. UPNk eta PPk 106.976 boto jaso zituzten 2016an, 20.505 Ciudadanosek, eta hiruren arteko batura 106.915 bototan geratu da. Beste asmo batzuekin emandako botoa bada ere, datu hori aintzat hartzekoa da hilabete barru egingo diren foru hauteskundeei erreparatzerakoan. Oro har, Hego Euskal Herrian 23 diputatu zeuden jokoan, eta bi besterik ez dituzte lortu eskuin espainiarzalearen alderdiek; Araban eta Bizkaian, PPk galdu egin ditu ordezkariak, eta horien mesederik ez dute atera Ciudadanosek eta Voxek.

Baina, Espainian, errelebo baten zantzuak erakutsi ditu eskuinak. 40 urtean, zentro-eskuinaren erreferentziazko indarra izan da AP aurrena eta PP gero, eta gaurko emaitzek ataka zailean utz dezakete Pablo Casado eta berak zuzendutako alderdia. Batetik, zortzi urtean sei milioi bototik gora eta 2011n zituen eserlekuen bi heren galdu dituelako; eta, bestetik, eskuinen arteko lehian, ia pare-parean jarri zaiolako Ciudadanos, goranzko joera duen alderdia. Bederatzi eserlekuren eta 200.000 boto eskasen aldea dago orain bi indarren artean. Hortaz, epe ertain-luzera argitu beharreko zalantza da PPk jarraituko duen eskuinaren hegemonia ordezkatzen, edo eremu hori ordezkatzeko zikloa agortu duen.

Gainera, beste lehiakide bat azaleratu zaio PPri eskuinean; galdu dituen 3,6 milioi botoetatik 2,6 Voxek kendu dizkio, eta beste milioia, Ciudadanosek. Hortaz, parte hartzearen hazkundean, botoak zatitu egin ditu eskuinak, eta ez du boto berririk erakarri.  Ondorioa: 169 eserleku zirenak 149ra murriztea.

6. Podemos, PSOEk irentsia.

Paradoxikoa da, berriz, Unidas Podemosi gertatu zaiona. 2014an, hura izan zen Espainiako bi alderdiko sistema apurtu zuen aurrenekoa, austeritatearen eta stablishment-aren aurkako diskurtso bat garatuta. Ordura arte indar berri batek ezagutu gabeko indarrarekin sartu zen Espainiako Kongresura, eta neurri batean, haren indarra neutralizatu nahian sustatu zen Ciudadanos; alderdi berria, baina eskuinaren eremukoa. A-28aren paradoxa da Ciudadanosek Unidas Podemos gainditu duela, bototan eta diputatutan, Ciudadanosek eskura duela PPren hegemonia apurtzea eta, kontrara, Unidas Podemosek ez diola sorpasso-rik egin PSOEri; kontrara, sozialistak Unidas Podemosen kontura hazi direla.

Diputatuei nahiz boto kopuruari erreparatuta, PSOEren boto baliagarriaren biktima zuzena izan da Pablo Iglesiasen alderdia; 71 diputatutatik 42ra igaro da, 29 galdu ditu. Botoetan, 1,5 milioi joan zaizkio, eta bi milioi bototan hazi da Pedro Sanchezen alderdia. Horietatik 400.000 inguru, esaterako, Katalunian eta Euskal Herrian galdu ditu. Diputatu moreak ez dira nahikoa izango Sanchez babestu eta gehiengo absolutua lortzeko, baina baliagarriak izan daitezke Sanchezi gutxieneko egonkortasun bat emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.