Maiatzeko bozak

Eta datorren astean, kanpaina hasiko da

Hilabete eta erdi barru egingo dira Hego Euskal Herrian udal eta foru hauteskundeak, Europakoekin batera. Atzoko emaitzak presente izango dira ezinbestean modu batera edo bestera.

Botopaperak, Espainiako bozetan. MARISOL RAMIREZ, FOKU
jon ordonez garmendia
2019ko apirilaren 29a
17:29
Entzun

Ez dira konparagarriak inondik inora Euskal Herian Espainiako hauteskundeetako emaitzak eta udal eta foru hauteskundeetarako bozetako emaitzak. Hilabete eskas besterik ez da falta, ordea, bigarren horietarako, eta aurki hastear den kanpainan (datorren astean) oso presente izango dituzte batzuek eta besteek atzoko emaitzak.

Nafarroan, zer?

Maiatzekoak hitzordu nagusi bat du Euskal Herrian, eta Nafarroako Parlamenturako bozak izango dira. Atzoko emaitzak ezin dira bere horretan estrapolatu Iruñeko legebiltzarra nolakoa izango den irudikatzeko. Geroa Bai-k atzo eskuratu zituen 22.150 botoak dira horren, adibide. Baina datuak tentuz hartzeko badira ere, aintzat hartzekoa da Navarra Suma ez dela gai izan duela hiru urte UPNk eta PPk elkarrekin eta Ciudadanos gabe jaso zituzten 106.000 botoak handitzea. Ciudadanosek 20.500 eskuratu zituen 2016an, baina gehitu beharrean kendu egin dizkio botoak koalizioari eta 107.124 boto

Indartuta PSN atera da atzoko hauteskundeetatik, Pedro Sanchezen efektuak lagunduta. 2016an baino ia 36.000 boto gehiago eskuratu ditu. Ikusteko dago, ordea, babes hori errepikatuko duen maiatzean, ikusita zer rol bete duen azken urteetan Nafarroako Legebiltzarrean. Kontrakoa gertatzen zaio EH Bilduri: sozialisten mesedetan azken botoetan galdu zuen Madrilgo diputatua koalizio abertzaleak, baina 15.266 boto gehiago eskuratu ditu eta 46.640 izan dira denera. 2015eko foru hauteskundeetan 48.166 jaso zituen, eta atzoko kopuruarekin duela lau urteko babesa gainditzeko moduan izango da.

Abertzaleak, gora

Ortuzarren irribarreak beste behin EAJren emaitza onak islatzen zituen atzo. Geroa Bai alde batera utzita, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan botoen %31 eskuratu dute jeltzaleek eta 400.000 botoetara hurbildu dira. Zalantzarik gabe, aurkezpen ona dute hori udal eta foru hauteskundeetarako. 394.627 boto jaso dituzte zehazki Espainiakoetan, eta ordezkari bat gehiago izango dute Madrilen negoziatzeko. Lehen indarra izan dira hiru herrialdeetan, eta Araban, gainera, lehen aldiz izan dira indar bozkatuena.

Gauari itzalen bat bilatzekotan esan behar da matematikoki ez direla ezinbestekoak Pedro Sanchezentzat. Sozialistek Unidas Podemosekin akordioa egitekotan, ERCrekin negoziatzea nahikoa luke gehiengo osoa izateko. Ciudadanosekin egingo balu hori ere ez luke behar. Hala ere, ez da baztertu behar PSOEk gutxiengoan gobernatzea berriro, Unidas Podemosekin batera eskuinak baino eserleku gehiago biltzen baitu. Senatuan, gainera, gehiengo osoa izango du.

EH Bilduk ere badu pozik egoteko motiborik. Gipuzkoan bigarren eserlekua eskuratu du, eta Araban eserleku oso esanguratsua kendu dio PPri, Javier Marotori. Koalizio abertzalearentzat Madrilgoak ez dira hauteskunde onenak emaitza onak lortzeko, baina bikoiztu egin du. Gutxigatik, gainera, ez du atera bosgarren eserlekua, Bel Pozuetarena, Nafarroan.

Espainiako eskuinaren babes eskasa

Ezker eskuin ardatzari dagokionez Espainiako eskuinak bi ordezkari soilik lortu ditu Hego Euskal Herrian, Navarra Suma-renak, eta bi horiek hiru alderdiren baturari esker eskuratu ditu. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan PP ordezkaritzarik gabe geratu da, eta Ciudadanosek botoen %3,14 soilik eskuratu du. Hauteskunde hauek erakutsi zer zailtasun duen eskuin horrek, ETA desagertuta, Euskal Herrian lekua egiteko. EAJk eremu oso zabala bereganatu du, eta tokirik gabe utzi ditu bai PP baita Ciudadanos ere. Udal hauteskundeetan ez dute errazagoa izango.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.