Literatura

111 Akademiaren saria, Canorentzat

Bigarren aldiz jasoko du sari hori idazleak. Ekainaren 6an izango da ekitaldia.

Harkaitz Cano idazlea. JON URBE
Miren Garate.
2019ko apirilaren 29a
08:13
Entzun

111 Akademia osatzen duten kideek Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa eleberria (Susa) aukeratu dute 2018an argitaratutako liburuen artean gustukoena. Hiru fasetan banatu da bozketa, urtarrila eta apirila bitartean, eta hiruretan izan da bozkatuena. Azken fasean, Katixa Agirreren Amek ez dute eleberria izan du lehiakide.

199 akademiakide ditu une honetan 111 Akademiak, eta horietako 102k parte hartu dute bozketetan. Ekainaren 6an jasoko du saria Canok, eta ekitaldi hori aldatuta dator aurtengoan. Hainbat urtean Andoaingo (Gipuzkoa) Bastero kulturgunean eman da saria,  baina aurten Amasako Hika txakolindegira joango dira. Toki berriak ikuskizun berria ere eskatzen duela iritzita, 111 Akademiako kideak ekitaldi berria diseinatzen ari dira uneotan. "Eta hori patxadaz egin nahi dutenez, aurten sari- ematea pixka bat atzeratu eta ekainaren 6an jasoko du saria Canok", iragarri dute antolatzaileek.

Bigarrenez saridun

Aurrez ere 111 Akademiaren saria jasotakoa da idazlea, 2011n ere harentzat izan baitzen irakurleek ematen duten sari hori, Twist eleberriagatik. Anjel Lertxundi eta Ramon Saizarbitoria dira sari hori bi aldiz irabazi duten beste bi idazleak. Twist-ek bezalaxe, gertakari historikoak ditu oinarri Fakirraren ahotsa eleberriak ere.

Euskal irakurleei literaturaren plazan hitza eta protagonismoa ematea dira sariaren helburuak, eta 23. aldiz emango da aurten. 2012. urtera arte Beterriko Liburua izena zuen sariketak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.