Itun posibleak

Behin irabazita, Pedro Sanchezek bi bideren artean aukeratu beharko du

PSOEkoak adierazi du "Espainiako Konstituzioa errespetatzea" izango dela negoziazioetan jarriko duen muga bakarra. Ez du baztertu Ciudadanosekin ituna egitea. Albert Riverak, bere aldetik, oposizioa egingo duela nabarmendu du, itunaren aukera alboratuta.

Pedro Sanchez Espainiako presidente eta PSOEren presidente gaia, atzo, alderdi sozialistaren hauteskunde garaipena ospatzen. JAVIER LOPEZ, EFE
Igor Susaeta - Gorka Berasategi Otamendi
2019ko apirilaren 29a
16:12
Entzun

Botoen %98 kontatuta, Katalunian, Hego Euskal Herrian, eta Ceutan izan ezik, Espainiako probintzia guztietan irabazi du PSOEk. Sanchezek bi modu ditu presidente izaten ahalegintzeko. Batetik, ituna egin dezake Ciudadanosekin. Bien arteko baturak gainditu egingo luke 176 diputaturen muga, eta, beraz, gehiengo osoa izango lukete. PSOEk 123 diputatu ditu orain —7,3 milioi boto eskuratu ditu, duela hiru urte baino ia bi milioi boto gehiago, eta azken hauteskundeetan baino 38 diputatu gehiago—. Ciudadanosek, berriz, 57 ordezkari lortu ditu; 2016an baino 25 gehiago —3,1 milioi bototik, lau milioi boto pasatxora igaro da—.

Sanchezek ez du aukera hori baztertu, nahiz eta Ferrazen garaipena ospatzera atera denean, "Riverarekin ez!" oihu egin dioten jarraitzaileek. Albert Rivera Ciudadanosekoak, bere aldetik, aukera hori alboratu du, zaleen aurrean emaitzen balorazioa egitera atera denean. "Albiste txar bat nahi dizuet eman: Sanchezek eta Iglesiasek [Pablo] nazionalistekin osatu behar dute gobernua", nabarmendu du. Gaineratu duenez, "oposizioan" egongo da.

Azken hamar hilabeteotan Espainiako presidente izan denari balizko aukera horri buruz galdetu izan diote azken asteetan, eta ez du baietz esan, baina ezta ezetz ere; hauteskunde gauean egin duen bezala, alegia. Odon Elorzak lehengoan BERRIAn esan zuenez, aukera horrek "atzeraka" eragiten dio. 2016ko otsailean, 2015eko abenduko hauteskundeak igaro eta gero, Riverak eta Sanchezek ituna egin zuten. Azkenean, baina, ez zuen biderik egin, eta 2016ko ekainean hauteskundeak errepikatu behar izan zituzten. Izan dira "bakarrik" gobernatzearen alde mintzatu diren agintari sozialistak ere. PSOEren gobernu bat osatzea proposatu dute, eta Kongresuan unean uneko babesak bilatzea neurriak aurrera ateratzeko.

Unidas Podemosek, berriz, koalizio gobernua eratzeko eskatu dio Sanchezi. Pablo Iglesias Unidas Podemoseko presidentegaiak esan du emaitzetatik bi irakurketa egin daitezkeela. Batetik, "alderdi progresistek Colonen bildutakoek baino emaitza hobeak lortu dituztela". Eta bestetik, "Espainia estatu plurinazionala" dela "argi" geratu dela, "Euskadiko eta Kataluniako" emaitzak ikusita. Onartu du emaitza hobeak ateratzea gustatuko zitzaiola —67 diputatu lortu zituen 2016an—, baina "nahikoa" izan direla emaitza horiek, "bi helburuak" betetzeko. "Batetik, eskuinari galga jartzeko; eta bestetik, ezkerreko koalizioko gobernu bat osatzeko". Aitortu du Sanchezekin hitz egin duela jada, eta negoziazioek "luze" joko dutela. "Diskrezioa" eskatu du.

Hain zuzen, Unidas Podemos bakide nagusi bihurtzea da PSOEk duen bigarren aukera. Mariano Rajoy Espainiako presidente ohia (PP) boteretik kentzeko zentsura mozioaren alde bozkatu zuen gehiengoa balia dezake horretarako. Unidas Podemosekin (35) bat egin eta ERCren (15), EAJren (6) eta EH Bilduren (4) botoak batuz, Sanchezek aise gaindituko luke gehiengoaren langa. Horien guztien botoari esker iritsi zen presidentetzara, joan den ekainean.

Presidente izateko balizko inbestidura batean, lehen bozketan gehiengo osoa beharko luke; hau da, 176 boto. Hori lortu dezake, bai Ciudadanosekin bat eginda, baita independentisten, subiranisten eta Unidas Podemosen botoak lortuta ere. Gehiengo osoa lortuko ez balu, ordea, bigarren bozketa batean aski luke gehiengo sinplearekin. Ciudadanosekin akordiorik egingo ez balu, bozketa horretan Unidas Podemosen botoak eta ERC Esquerra Republicanaren, EAJren eta EH Bilduren abstentzia nahikoa luke presidente izateko.

Ikusteko dago, baina, indar horiek zerren truke emango luketen balizko babes hori. ERCk eta EH Bilduk aurreratu dute eskuina geldiarazi eta boteretik aldentzearren, Sanchez Moncloara eramateko gertu daudela. Unidas Podemosek, aldiz, gobernu koalizioa nahi du. Gobernutik kanpo geldituta ere, Sanchez babestuko al luke bestelako akordio baten truke —legealdi akordio bat, esaterako—?  Hurrengo asteetan zeresan handia emango dute aukera horiek. EAJk bere aldetik, emaitzak jakin berritan adierazi zuen "eskua luzatuta" duela akordiotarako, eta PSOEri ohartarazi zion "errealitate kataluniarrari eta euskal herritarrari erreparatzen hasi" behar diela.

Bestetik, PPk danbatekoa jaso du. 66 diputatu lortu ditu soilik —2016an 137 eskuratu zituen—. Ia lau milioi boto galdu ditu. Voxek 24 ordezkari dauzka, 2,6 milioi boto aterata. Eskuinaren eta eskuin muturraren arteko baturak indarra galdu du hauteskundeotan. Duela hiru urte 169 eserleku atera zituzten —PPk (137) eta Ciudadanosek (32)—, eta oraingoan 137 lortu dituzte bi indar horiek eta Voxek.

Parte hartzea %75,80koa izan da, Espainiako Estatuan. 2016koekin alderatuta, bederatzi puntu handiagoa.

Frankismoaz geroztik, Espainiako Gorteetarako egindako hamahirugarren hauteskundeak dira gaurkoak, eta parte hartze handiena 1982koek eduki zuten: %80. 1996koetan ere handia izan zen (%77,4), eta baxuena azkenekoetan gertatu zen (%66,48). PSOEk zazpigarren aldiz irabazi ditu Espainiako Gorteetarako hauteskundeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.