MIGRAZIOA

Lau lagun atzeman dituzte Irunen, migratzaileei muga pasatzeko dirua kobratzea egotzita

Espainiako Poliziak jakinarazi du 40-100 euro kobratzen zutela Irundik Baionarako bide bakoitzeko, eta taldean aritzen zirela kontrolak saihesteko.

Migratzaile batzuk, Irungo kaleetan. GORKA RUBIO, FOKU
2019ko apirilaren 30a
09:38
Entzun

Espainiako Poliziak jakinarazi duenez, Espainiatik Irunera (Gipuzkoa) iritsitako migratzaileak Baionara eramaten aritzen zen taldea. Irunen bertan jartzen ziren harremanetan etorkinekin, eta diru truke Baionara eramatea proposatzen zieten. 40-100 euro kobratzen zieten, Poliziaren esanetan.

Atzemandako lau lagunek egunean bidaia bat baino gehiago egiten zuten Irundik Baionara. Frantziako Polizia kontrol ugari jartzen ari da hilabeteotan, eta ehunka migratzaile bueltatzen ditu Gipuzkoara —legea hautsiz horietako batzuk, hainbat elkartek salatu dutenez—.

Espainiako Poliziak azaldu duenez, taldean aritzen ziren kontrolak saihesteko: Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan poliziarik ba ote zegoen zelatatzen zuten, auto eta ibilbide desberdinak erabili, eta Polizia sumatuz gero norabidea aldatu.

Atzemandako lau lagunei bi delitu leporatu dizkiete: atzerriko herritarren eskubideen aurkakoa eta talde kriminal bat osatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.