Venezuela

Estatu kolpeak "porrot" egin duela adierazi du Venezuelako Gobernuak

"Estatu kolpeak" porrot egin duela adierazi dute gobernuko ordezkariek. Leopoldo Lopez oposizioko burua etxeko atxiloalditik atera du militar talde batek goizean —gero Txileko enbaxadan babesa eskatu du Lopezek—, eta Juan Guaidorekin agertu da armadaren kuartel baten inguruetan, hiriburutik hamabost kilometrora. Istilu batzuk izan dira, baina "kolpeak" ez duela eraginik izan adierazi du gobernuak, eta armadak "leial" jarraitu duela.

Venezuelako Gobernua babestera Miraflores aurrean bildu diren herritarrak. MIRAFLORES
jon ordonez garmendia
2019ko apirilaren 30a
09:32
Entzun

Venezuelako militar talde batek —Efe albiste agentziaren arabera 40 bat izan dira, armatuak, eta xingola urdin batzuekin identifikatuak— Leopoldo Lopez etxeko atxiloalditik atera du astearte goizalde honetan Venezuelan. Juan Guaidorekin, bere burua Venezuelako presidente izendatutakoarekin, elkartu dute ondoren, eta herritarrak Nicolas Maduroren aurka kalera ateratzera deitu dute biek. Guaidoren aldeko nazioarteko aliantzak berehala jarraitu dio deialdi horri, nazioartean presio eginez. NBEk, berriz, bortizkeria saihesteko eskatu die bi aldeei.

La Carlota kuartelaren atarian agertu dira oposizioko buruak astearte goiz honetan, zenbait soldadurekin. Bideo batzuk zabaldu dituzte sare sozialetan. Gerora jakin ahal izan da militarren egoitzatik kanpoan zegoela talde hori, hasieran kuartela haien esku zegoela iradokitzen bazuten ere. Militarrei altxamenduarekin bat egitera dei egin die Guaidok, eta herritarrei eskatu die kaleak hartzeko.

Handik aurrera, La Carlotako kuartelaren kanpoaldean herritar batzuk biltzen hasi dira, eta istilu batzuk ere sortu dira. Berri agentziek zabaldutakoaren arabera, poliziek negarra eragiteko gasa jaurti diete manifestariei; haiek, berriz, harriekin eta suzko jaurtigai batzuk bota dizkiete poliziei. Bideo batzuetan grabatu dute nola Venezuelako Poliziaren ibilgailu blindatu batzuk manifestarien aurka oldartu diren.

Iskanbila handia izan da hedabideetan eta sare sozialetan, baina Euskal Herrian 23:00ak zirela altxamenduak aurrerabide handirik gabe jarraitzen zuen, Venezuelatik iristen diren albisteak nahasiak diren arren. Oposizioak zabaldutako irudietan ikusi dira La Carlotako kuartelaren inguruan suzko armak prest zituzten militar batzuk, eta suzko jaurtigaien kaxa pare bat ere atera dituzte. Efe albiste agentziaren arabera, kuartel militarrera sartzen saiatzen ari ziren herritar batzuk. Horrez gainera, agentziak zehaztu du lau alditan gutxienez aditu direla suzko armen tiro hotsak, baina ezin dela egiaztatu nola gertatu diren, edo bi aldeen artean aurrez aurreko borrokarik gertatu ote den.

"Porrot egin du; saiakera baldarra izan da"

Samuel Moncadak, Venezuelako Gobernuak Nazio Batuen Erakundean duen ordezkariak, arratsaldean adierazi du "porrot" egin duela estatu kolpe saiakerak. "Atzerriko herrialde batzuek gerra zibil bat sortzeko, kanpoko esku hartze militar bati ateak irekitzeko eta gure herrialdean gobernu-txotxongilo bat ezartzeko saiakera egin dute, baina porrot egin du". Kolpea "oso arriskutsua" izan dela erantsi du Moncadak, baina baita "oso baldarra" izan dela ere: "Ez baitute herritarren, herrialdearen gehiengoaren, babesik, eta are gutxiago estatuko ordena publikoaren indarren babesik".

Goiz-eguerdi parteko saiakeraren ondoren, Guaido eta haren laguntzaileak desagertu egin dira kaletik, nahiz eta sare sozialetan idazten jarraitu duen. Leopoldo Lopezek, berriz, asiloa eskatu du Txileko enbaxadan, Caracasen. 25 bat militarrek ere asiloa eskatu dute, Efe berri agentziaren arabera, Brasilgo enbaxadan. Graduaziorik gabeko edo maila baxuko soldaduak dira guztiak.

Iluntzerako epeldu egin da, beraz, altxamendurako giro hori. Hala ere, tiro eta sirena hotsak entzun dira Caracas inguruko leku batzuetan. Bideo batean zabaldu dutenez, bestalde, La Carlotako base militarraren atariraino iritsi dira herritar altxatuak; militarrak ateetan haiei eusten saiatzen agertzen dira.

Hortik aurrera, oposizioaren deialdiari jarraituz, Caracasen eta beste zenbait herritan elkarretaratzeak egin dituzte Maduroren aurkariek. Leopoldo Lopezek eta Juan Guaidok La Carlotako kuartel ingurutik Caracas erdira joateko asmoa agertu dute, baina ez dute aurreratu bide horretan. Kuarteletik kilometro bat ingurura dagoen Altamira auzoan egin dute ekitaldi bat, han bildutako herritarren aurrean, auto baten gainera igota.

Oposizioak altxamendura dei egin eta ordu batzuetara, Nicolas Maduro presidenteak lasai baina erne egotera dei egin die venezuelarrei. Guaidoren deiak ez duela inolako eraginik eduki, eta armada Venezuelako Gobernuari leial zaiola nabarmendu du Madurok. Zehaztu du eskualde militar guztietako buru guztiekin hitz egin duela, eta guztiek leialtasuna agertu diotela "herriari, Konstituzioari eta aberriari". Hala ere, mobilizatzera deitu ditu herritarrak, "bakearen garaipena ziurtatzeko". Miraflores jauregiaren inguruan bildu dira herritarrak.

Venezuelako Defentsa ministro Vladimir Padrinok ere berretsi du armadaren kuarteletan ez dagoela inolako mugimendurik. Ministroa izan da argitu duena oposizioko kideek ez dutela La Carlotako kuartela hartu, baizik eta kanpoan egon direla. Han agertu baitira Juan Guaido Asanblea Nazionaleko presidentea eta Leopoldo Lopez oposizioko kidea, azken horrek militar talde baten laguntzarekin etxeko atxiloaldia hautsi ondoren. Kuartelaren barruan dauden militarrak gobernuaren aldekoak direla zehaztu du Defentsa ministroak, eta barrutik jarraitu dutela kanpoan gertatzen ari zena.

Defentsa ministroak berak jakinarazi du altxatutakoek koronel bat zauritu dutela, lepoan tiro bat emanda. Yerzon Jimenez Baez izena du koronelak, eta Francisco Fajardo autopistaren inguruan zauritu dute. Orain arte gutxienez 69 bat lagun eraman dituzte erietxeetara, zauriturik; horietatik bi balaz zaurituak zeuden. Efe albiste agentziaren arabera, oposizioa nagusi den Caracasko Cachao auzoan gertatzen ari dira istilu horiek. Ehunka altxatu daude hor, eta errepideak blokatuta dauzkate, baina Venezuelako poliziak inguratuta dauzka.

"Azken fasea": Askatasuna Operazioa

Venezuelako Gobernuak estatu kolpetzat jo du gaur goizean izan diren mugimenduak. Leopoldo Lopezek eta Juan Guaidok, La Carlotako kuartelaren kanpoaldean, adierazi dute Maduroren kontrako "azken fasea" hasi dela. Askatasuna Operazioa izena jarri dio Guaidok. Gobernuak gogor erantzun dio: "Herrialdea indarkeriaz bete nahi duen kolpea gaitzesten dugu. Matxinada honen aurrean jarri diren sasi-liderrek gerrarako armak dituzten soldaduak eta poliziak atera dituzte kalera beldurra sortzeko", adierazi du Vladimir Padrino Defentsa ministroak.

Leopoldo Lopezek berak baieztatu du goizean militar batzuek atera dutela etxeko atxiloalditik. "Konstituzioaren aginduetara eta Guaido presidentearen aginduetara dauden militarrek askatu naute", esan du.

Jorge Rodriguez Venezuelako Komunikazio ministroak esan du baietz, militar batzuek oposizioarekin bat egin dutela, baina "traidore" talde txiki bat besterik ez dela. Diosdado Cabello Asanblea Konstituziogileko presidenteak, berriz, Venezualako Gobernua defendatzera deitu ditu herritarrak, eta horretarako Miraflores jauregian biltzeko eskatu die, gobernuaren egoitzan.

Hamahiru urteko espetxe zigorra ari zen betetzen Leopoldo Lopez, 2014an 43 hildako eragin zituzten istiluen arduradun izateagatik. Bere osasun egoera argudiatuta, espetxe zigorra etxeko atxiloaldiarekin ordezkatzeko eskatu zuen bere defentsak, eta 2017ko uztailaren 8az geroztik ari zen zigorra etxean betetzen. Oposizioko buruetako bat izan zena atxikita egon den bitartean, Guaido nabarmendu da oposizioan. Asanblea Nazionaleko presidentea da Guaido, baina aurtengo urtarrilean bere burua Venezuelako presidentetzat jo zuen. Guaidok gaur zabaldu duen bideoan bere ondoan agertzen da Lopez, baina ez du aske geratu berri den oposizioko kidea aipatu. Maduroren aurka egin dutenei eskerrak eman dizkie Guaidok. Lopez serio agertzen da bere ondoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.