Espainia

PPk diskurtsoa aldatu du, eta berriro zentroan kokatzen saiatuko da

Espainiako alderdi popularraren Batzorde Nazionala gaur goizean bildu da Madrilen. Espainiako Gorteetarako kanpainaren buru izan direnak —tartean, Javier Maroto— kargutik kentzea erabaki dute, eta lehen aldiz "ultraeskuin" gisa kalifikatu du Vox.

Teodoro Garcia Ejea eta Pablo Casado, gaur Madrilen PPk egin duen bileran.
Teodoro Garcia Ejea eta Pablo Casado, gaur Madrilen PPk egin duen bileran. EMILIO NARANJO / EFE

Mikel P. Ansa -

2019ko apirilak 30

Voxek eta Ciudadanosek eraginda, eskuin muturrerako bidaia bat hasi zuen PPk joan den urtean, Pablo Casadok alderdiaren agintea hartu zuenean. Muturreko diskurtsoak eta manerak erabili ditu, ustez eskuinera ihes egingo zion boto galera geldiarazteko. Alferrik izan da. 66 diputatu besterik ez ditu lortu PPk, Ciudadanos oso gertu paratu zaio, finantza arazo larriak ditu aurrean, eta lehenbailehen estrategia aldatzea erabaki du: zentroko alderdi bilakatzen saiatuko da berriro, eskuin muturrerantz hasitako abentura bertan behera utzita.

PPren batzorde Nazionala hauteskunde emaitzak baloratzeko eta aurrera begirako erronkak markatzeko bildu da gaur, Madrilen. Batzordearen aurrean hartu du hitza Pablo Casadok. Aurreneko aldiz, adierazi du Vox "ultraeskuina" dela —inoiz ez du halakorik esan jendaurrean—, eta Ciudadanos "sozialdemokrata" eta "transfugen" alderditzat jo du. Horien aurrean, PPk "zentroeskuineko" alderdi gisa indartu behar duela adierazi du. Andaluziako Gobernuari buruzko hitzik ez du egin, ordea —hirurek elkarrekin gobernatzen dute han—.

Maiatzaren 26ko hauteskundeetarako lelo berria ere aurkeztu du bilera horretan: Centrados en tu futuro (zure etorkizunean zentratuak) izango da. Leloak berak erakusten du popularren estrategia aldaketarako asmoen muina. Kanpaina horren buruak Isabel Garcia Tejerina eta Cuca Gamarra izango dira. Horrela, beraz, Javier Maroto eta Teodoro Garcia Ejea ardura horietatik atera ditu PPren buruak, bi horiek izan baitira Espainiako Gorteetarako kanpainaren buruak. Araban aurkeztu zen Maroto, eta diputatu akta ere ez du lortu; alderdiko Antolakuntza idazkariorde izaten jarraitzen du, nolanahi ere.

Gaurko bileran, Batzorde Nazionaleko kideek autokritika eskatu diote Pablo Casadori, eta estrategia aldaketa bati ekiteko esan diote, zentroko eremu hori berreskuratzeko. Baina aitortu diote denbora behar duela PPren gidaritzan finkatzeko, eta konfiantza eman diote postuan jarraitu dezan.

Egoera ekonomiko kritikoan

Hauteskundeetako emaitzek egoera larrian utzi dute PPren ildo politikoa, baina egoera ekonomikoa ez du askoz hobea. Publico Espainiako egunkariak kaleratu dituen kalkuluen arabera, apirilaren 28ko hauteskundeen ondoren PPk edukiko dituen irabaziek ez lukete nahikoa sarrera emango orain alderdiak dituen langileen soldaten erdiak ordaintzeko ere.

66 diputatu eta 56 senatari ditu orain PPk; alderdiak inoiz eduki duen kopuru txikiena eta emaitza kaskarrenak. Publico-ren arabera, kargu publiko horiengatik jasotako diru laguntza 8 milioi eurokoa litzateke —iaz, konparaziorako, 18 milioi jaso zituen kargu publikoengatik—.

Lehenago ere zabaldu dira susmoak, PPn enplegu erregulazio txosten bat egin beharko ote duen. Orain 24 milioi euro inguruko zor bat du alderdiak bankuekin, eta maiatzeko udal hauteskundeetan kargu publiko asko galduko balitu, finantza egoera larrian egongo lirateke popularrak.

Kolore bakarreko gobernuaren bila

Beste aldean, Isabel Zelaa Espainiako Gobernuko bozeramaileak berretsi du PSOE bakarka saiatuko dela gobernua osatzen. "Ekonomiaren munduak" sozialisten gobernua begi onez ikusten dutela adierazi du, zentzu hroretan IBEX 35eko enpresek eta arrisku primak "seinale garrantzitsuak" eman dituztela adierazita.

Azkeneko hauteskunde kanpainan tentsio giro handia izan dela, eta orain hori baretzeko eta "zubiak" egiteko garaia dela adierazi du Zelaak. PSOEren gobernuak akordioak egiteko gaitasuna erakutsi duela erantsi du, baina "bakarka gobernatzeko asmoa" dutela errepikatuta, eta sozialistek eskuetan aukera bat baino gehiago dituztela iradoki du.

Idoia Mendia PSE-EEko burua ere antzera mintzatu da: Pedro Sanchezek Kongresuan 84 diputatu edukita gobernatu ahal izan badu, 123rekin ere egin ahalko duela esan du. Miquel Iceta PSCko buruak, berriz, "Portugalgo gobernu akordioaren gisako baten" alde egin du: PSOE gobernuan egonda, baina kanpotik Unidas Podemos eta EAJ bezalako alderdien babesa jasota. Aldiz, PSCko buruak baztertu egin du ERCri gobernagarritasunaren eta "egonkortasunaren giltza" emateko aukera. Independentista katalanekin ezer negoziatu gabe gobernua osatzearen alde egin du Icetak, beraz.

Ciudadanosen rola ere argitzen doa pixkanaka. Azkeneko orduetan Santander bankuaren buruak, CEOE patronalaren buruak eta beste zenbait ahotsek PSOE-C's gobernu baten aldeko mezuak zabaldu dituzte. Gaur, ordea, Albert Rivera Ciudadanoseko buruak errepikatu egin du bere jarrera, hauteskunde gauetik eusten ari dena: "Espainiarrek bozkatu dute, ez bankuek, ez CEOEk". Ciudadanos oposizioaren buru izatea nahi du Riverak, PPrekin leiha horretatik etekina atera dezakeelakoan.

Irene Montero Unidas Podemoseko kidea, ordea, gobernu koalizio baten alde mintzatu da gaur irratian. PSOEk gobernatu nahi badu, bere alderdiarekin gobernu akordio bat egitea beste aukerarik ez duela berretsi du.

Frantzian, berriz, Jean Mari Le Penek, Fronte Nazionaleko sortzaile eta Marine Le Penen aitak Vox zoriondu du, apirilaren 28an lortutako emaitzengatik. España, una, grande y libre! Arriba VOX! (Espainia, bat, handia eta librea! Gora Vox!) idatzi du Le Pen aitak Twitterren, frankismoaren leloa hitzetik hortzera hartuta.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Bainako Oihana ikastolako eta Estitxu Robles kolegioko ikasleak ©Gillaume Fauveau

Ziburuko eskolan agerraldi bat atzeman dute

Oihana Teyseyre Koskarat

Eskualdeko Osasun Agentziak agerralditzat jo du Aristide Briand eskolako kasuen agertzea. Zazpi haur kutsatu dira, gutxienez.

 ©Raul Bogajo / Foku

Ziurtasunik ez ikasle pisuetan

Maria Ortega Zubiate

Ikasle pisuen egoerari buruzko kanpaina bat jarri du abian Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak. Ziurgabetasunaren aurrean, klausulak eta halakoak jartzen hasi dira.

Mekanikari bat lanean, iragan apirileko irudi batean. ©Jon Urbe / FOKU

Ekonomia %19,5 jaitsi da bigarren hiruhilekoan, aurreikusi baino pixka bat gutxiago

Imanol Magro Eizmendi

Langabezia datuetan ere arindu egin dira uztailean eginiko aurreikuspenak: %17,2 izan zen tasa

Baionako campuseko ikasleak, maskara jantzita. ©GUILLAUME FAUVEAU

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna