Albistea entzun

Literatura

Maskara gai hartuta egingo dute Literaturia jaialdia Zarautzen

Seigarrenez hartuko du Zarautzek Literaturia jaialdia, maiatzaren 10etik 12ra bitarte. Liburu azoka, liburu aurkezpenak eta askotariko emanaldiak aurkeztu dituzte antolatzaileek.

Anjel Lertxundi eta Uxue Alberdi idazleak, Yoseba Peña eta Itziar Iruretagoiena Literaturia jaialdiko antolatzaileen artean, gaur, Donostiako Tobacco Days liburu dendan.
Anjel Lertxundi eta Uxue Alberdi idazleak, Yoseba Peña eta Itziar Iruretagoiena Literaturia jaialdiko antolatzaileen artean, gaur, Donostiako Tobacco Days liburu dendan. Gorka Rubio / FOKU

Andoni Imaz -

2019ko maiatzak 2

Ez dute "paraxutean bota" nahi, "landu" baizik. Literaturia jaialdia "sarea zabaltzen" ari da, Yoseba Peña antolatzailearen hitzetan, eta gaur aurkeztu dute Zarautzen (Gipuzkoa) egingo den seigarren edizioa, Donostiako Tobacco Days liburu dendan. Ideia berari bueltaka, "auzolana" nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek, batez ere, herriko ikastetxeekin lankidetzan antolatutako ekitaldiei dagokiena. Maiatzaren 10ean abiatuko da literatur jaialdia, eta, Zu naiz, ni zara lelo hartuta, Maskara gaiak lotuko du asteburuko egitaraua.

Hiru egunez, idazleak, argitaletxeak eta irakurleak nahastuko dira Zarauzko zenbait gunetan, literaturaren bueltan. Ekintza guztien artean, liburu azokari eman nahi dioten "zentraltasuna" aipatu du Peñak: larunbatean eta igandean egingo dute, Musika plazan. Hori indartzeko, bonuak banatuko dituzte sarrera duten ekitaldietan, eta deskontu bonuak ere jarriko dituzte salgai, jendea azokara bideratzeko asmoz.

Uxue Alberdi idazlearentzat, "liburua bera bihurtzen da idazlearen maskara", eta berak idatzitako Jenisjoplin azken nobelarena "kentzen" ari den honetan, liburuaren jendaurreko irakurraldia egingo du ostiralean, jaialdia abiatzeko, Modelo aretoan. Ondoren, Paul Beitiak egingo dio elkarrizketa. Errepikatu egingo du Alberdik hurrengo ekitaldian: Andoni Egaña "kozinatzen" ari den bertso-maskaradan, hain zuzen. Literatura, bertsoa, musika eta marrazkia nahastuko dituzte emanaldian. Xabier Lizasok pianoa joko du, Unai Gaztelumendik marraztu, eta Uxue Alberdi eta Maialen Lujanbio ariko dira bertsotan, "Egañaren testu literarioen pentzura".

"Irakurleak egiten du liburu batek irautea", Anjel Lertxundiren hitzetan; berak idatzitako Otto Pette eleberriak 25 urte bete ditu aurten, eta urtemuga ospatuko du Literaturiak. Larunbatean egingo diote omenaldia Lertxundiri, eta igandean beste urteurren baten karietara ariko da Modelon: Salbatore Mitxelenaren jaiotzaren 100. urteurrena. "Euskal Herrian oro har baztertua izan da" Mitxelena, Lertxundiren ustean: "Ulertzen dut, gai erlijiosoak duen pisuagatik, baina hori asko dago lotuta Euskal Herriaren egoerarekin". Ikuspegi literariotik, bere garaiko idazlerik "gihartsuena" iruditzen zaio Mitxelena, estilistikoki "inor indiferente uzten ez duena". Idazlearen inguruko mahai ingurua antolatu dute igande eguerdirako, eta Alex Gurrutxaga eta Lourdes Otaegi EHUko irakasleen emango dute Mitxelenaren lanari buruzko ikuspegi akademikoa, Lertxundirekin berarekin batera.

Anjel Lertxundiri bakarrik ez, Yolanda Arrieta idazleari ere egingo diote omenaldia aurtengo Literaturian, igandean. Ipuin kontaketa saioa egingo du aurrena, eta ondoren, Literattipia umeentzako literatura festan, aitortza egingo diote "haur eta gazte literaturan egindako lan itzelagatik".

Horrez guztiaz gain, hainbat liburu aurkezpen egingo dituzte asteburu osoan Garoa liburu dendan. Bertatik igaroko dira, besteak beste, Ione Gorostarzu, Miren Amuriza, Miren Agur Meabe, Juan Luis Otamendi eta Beñat Sarasola, haien azken literatur lanak aurkezteko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Jone Laspiur, atzo, emakumezko aktore berririk onenaren saria telematikoki jasotzen. ©Miguel A. Cordoba / EFE

Euskal filmek zortzi sari jaso dituzte Goya sarietan

Paulo Ostolaza

Bost garaikur eskuratu ditu Akelarre pelikulak, eta hiru Ane-k. Emakumezko aktore protagonistarik onenaren saria Patricia Lopez Arnaiz gasteiztarrari eman diote, eta emakumezko aktore berririk onenarena Jone Laspiur donostiarrari.

1 ©ALEMANIAKO ARTXIBO FEDERALAK / EZEZAGUNA

GOERINGEN ARTEKARIA GURE ARTEAN

Amagoia Gurrutxaga Uranga

Bigarren Mundu Gerra garai oparoa izan zen naziek espoliatutako artelanen negozioan sartzeko prest zeudenentzat. Horietako bat izan zen Alois Miedl enpresaria. Artelan ugari pasarazi zituen Euskal Herritik barrena, Espainiako eta Portugalgo merkatuetara bidean. Hainbat euskal herritar izan zituen laguntzaile horretan.

Sarah Mary Chadwick abeslari eta pianista. ©BERRIA

Minari amaiera emateko biluztea

Mikel Lizarralde

Bi heriotza, harreman baten haustura eta suizidio saiakera bat. Mina eta samina dario Sarah Mary Chadwick musikariak azken bi urteetan ondu duen trilogiari. 'Me and Ennui Are Friends, Baby' du azken alea.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.