ETAren desegitearen urteurrena

"Konponbide osoa" lortzeko ardurari eutsiko diotela berretsi dute EH Bilduk eta EH Baik

Arnagako Adierazpenaren urteurrenean, ekitaldi bat egin dute Donostiako Miramar jauregian. "Gai garrantzitsu batzuk" konpontzeke daudela ohartarazi dute, hala nola preso, iheslari eta deportatuena.

EH Bilduk eta EH Baik Donosian egindako ekitaldia, gaur. JON URBE, FOKU
Hodei Iruretagoiena.
2019ko maiatzaren 4a
07:44
Entzun

"Bizikidetza demokratikorako ahaleginean" jarraituko dutela ziurtatu dute EH Bilduk eta EH Baik, Arnaldo Otegiren eta Anita Lopeperen ahotik, eta proiektu politiko guztiak defendatu eta gauzatzeko aukera bermatu beharra nabarmendu dute. Arnagako Adierazpenaren urteurrenean egin dute ekitaldia indar subiranistek, Donostiako Miramar jauregian. Dena den, "kezka" ere agertu dute, tarte horretan Espainiako eta Frantziako estatuak "oztopoak jartzera" mugatu direla iritzita. Otegirekin eta Lopeperekin batera, beste kide batzuk ere izan dira agerraldian; esaterako, Maddalen Iriarte, Peio Urizar, Xabi Larralde eta Adolfo Araiz.

"Konponbide oso, justu eta iraunkorra lortzeko deia egin zuten [Arnagako Adierazpenean]", ekarri dute gogora Lopepek eta Otegik. "Munduko beste eremu batzuetan iduriz konpondu ezineko gatazkei aurre egiten dietenei ere itxaropena emango diela espero dugu", esan zuten, besteak beste, duela urtebete Kanbon (Lapurdi) egindako ekitaldian. "Guk itxaropen horri eutsiko diogu", berretsi dute gaur EH Bilduk eta EH Baik.

Izan ere, "gai garrantzitsu batzuk" konpontzeko daudela ohartarazi dute biek: preso, iheslari eta deportatuen auzia aipatu dute, batez ere. "Sakabanaketa eta urrunketa mantentzea, gaixo dauden presoen egoera bere horretan mantentzea, gradu progresioaren ukatze sistematiko eta bidegabea, salbuespenezko legediari eustea eta zigor bikoitzen aplikazioa" salatu dituzte, eta azaldu dute estatuek egindako urratsak ez direla aski. "Ez diote heldu bakea eraikitzeko duten ardurari".

Biktima guztien aitorpena, eta haien egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea gauzatzeko beharra ere nabarmendu dute EH Bilduk eta EH Baik. Zenbaitek "etekin politikoak" lortzeko erabili izana kritikatu dute. "Guk, berriro ere gure begirunea azaldu nahi diegu biktima guztiei", esan dute, giza eskubide guztiekiko konpromisoa berrestearekin batera.
[youtube]https://youtu.be/MJriMhwK4k0[/youtube]

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.