Kultura

Kulturaren balioak goretsi ditu Tomas Yerrok Vianako Printzea saria jasotzean

Kultura eta hezkuntza "bizitzeko modu humanizatu bat" direla azaldu du idazle eta irakasleak, "errespetuan, bizikidetza emankorrean, elkartasunean eta justizian oinarrituak". Sarituaren gizatasuna nabarmendu du Barkos lehendakariak.

Vianako Printzea saria emateko ekitaldia, gaur, Vianan. NAFARROAKO GOBERNUA.
2019ko maiatzaren 4a
07:28
Entzun

Tomas Yerro (Lerin, 1950) idazle eta irakasleak jaso du aurtengo Vianako Printzea saria, gaur goizean Vianan (Nafarroa) egindako ekitaldian. Nafarroako Gobernuak urtero banatzen du sari hori, kultura arloan bereizi diren pertsona edo taldeak omentzeko helburuarekin. Aurten, gainera, 800 urte beteko ditu hiriak. Yerro pozik agertu da saria jasotzean, eta aita izan du gogoan, besteak beste. "Nire maisurik onena izan zara", esan du, eta hezkuntzaren eta kulturaren balioak goretsi ditu, "bizitzeko modu humanizatu" gisa. "Errespetua, bizikidetza emankorra, elkartasuna eta justizia" aldarrikatu ditu.

Uxue Barkos lehendakariaren eskutik jaso du Yerrok Vianako Printzea saria. Bere hitzaldian, Barkosek nabarmendu du sariak islatzen dituen balioen "hizki larriko erreferente" izan dela idazlea: "Liburuenganako maitasuna transmititzen jakin du". Yerro oinarriko kulturaren erreferente ere badela gaineratu du Barkosek, haren gizatasuna nabarmentzearekin batera: "Gazte eta helduen irakasle, urteetan zehar transmititu du letren bidezko jakintzarako grina, eta haren balio eraldatzailea erakutsi die gainerakoei". Barkos ez ezik, Nafarroako Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarez, Vianako alkate Yolanda Gonzalez eta Nafarroako Idazleen Elkarteko presidente Fatima Frutos ere izan dira ekitaldian, besteak beste.

Tomas Yerro Nafarroako Unibertsitateko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle izan da, eta literatur lanak argitaratu ditu hainbat hedabidetan. Nafar Ateneoa sortzeko prozesuan parte hartu zuen, eta Nafarroako Gobernuan ere izan ditu ardurak: Nafarroako Gobernuko Kultur Ekinaldien zerbitzuko buru izan zen 1991tik 1995era, eta Kultura zuzendari nagusi 1995etik 1999ra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.