SOSLAIA. Tomas Yerro

30. Vianako Printzea sariduna

JESUS DIGES / EFE.
Ane Eslava.
2019ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Tomas Yerro (Lerin, Nafarroa, 1950) idazle eta irakasleak jasoko du aurtengo Vianako Printzea saria, hogeita hamargarrena. Nafarroako Gobernuak urtero banatzen du sari hori, kultura arloan bereizi diren pertsona edo taldeak omentzeko helburuarekin. Atzo goizean egin zuen bilera Nafarroako Kultura eta Arteen Kontseiluak, eta, horren ostean, Ana Herrera Kultura kontseilariak jakinarazi zuen saridunaren izena, eta hiru eremutan egindako lana aitortu zion: «Irakasle gisa, ikertzaile gisa eta literatur hedatzaile gisa, bereziki talde ahulenen artean». Erantsi zuenez, Yerro «erreferentea» da Nafarroako idazleentzat. Nafarroako Idazleen Elkarteak aurkeztu du Yerroren hautagaitza, hain zuzen.

Filologia erromanikoan lizentziatua da saritua, eta Nafarroako Unibertsitateko eta NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle izan da. Zutabegilea da prentsan, eta hainbat zientzia aldizkaritan argitaratu ditu idatziak. Nafar Ateneoa sortzeko prozesuan parte hartu zuen, eta Nafarroako Gobernuan ere izan ditu ardurak: Kultur Ekinaldien zerbitzuko buru izan zen 1991tik 1995era, eta Kultura zuzendari nagusi 1995etik 1999ra. «Pablo Antoñana, Rafael Moneo, Miguel Sanchez-Ostiz eta kultur munduko beste hainbat erraldoi handien, gainean dagoen ipotxa sentitzen naiz», adierazi zuen sarituak lehen balorazioa egitean. Maiatzaren 4an jasoko du saria, Vianan (Nafarroa).

Saria jasotzeko beste bost hautagai ere bazeuden aurten: Amaia Remirez eta Raul de la Fuente zinemagileak, Sagrario Aleman euskaltzaina, Atenea fundazioa, Fernando Hualde idazle eta ikerlaria, eta Pamplonesa musika banda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.