Euskal presoak

Emakumezko presoak urrunduago eta bakartuago daudela ohartarazi du Sarek

Emakumeari eta kartzelari buruzko Sareren lantaldeak aurkezpen bilkura bat egin du Basaurin, besteak beste, Poltsa bete kontu egitasmoaz aritzeko. Euskal presoen zaintzaren eremuan ere genero rolak erreproduzitu ohi direla azaldu dute.

Hodei Iruretagoiena.
2019ko maiatzaren 4a
07:44
Entzun

Mugimendu feministan, bakegintzan eta euskal presoen inguruan lanean ari diren hogei bat emakume bildu ditu Sarek Basaurin (Bizkaia), emakume izateagatik euskal presoek eta haien inguru hurbilekoek jasaten duten "zama erantsiaz" hausnartu eta gaia lantzen ari den taldearen asmoak jakinarazteko. Batetik, preso dituzten emakumeen egoeraz eta bizi baldintzez aritu dira, espetxe egiturak ere sistema patriarkalean oinarritzen direla kontuan hartuta. Bestetik, presoen sostengu lanean ere genero rolen banaketa agerikoa dela hausnartu dute, andreek jasan ohi dutelako zeregin horien zamarik handiena.

Euskal preso emakumezkoen inguruan, egoera zehatz baten gainean jarri nahi dute arreta, salaketa lana egiteko: andrazkoak urrunduago eta bakartuago dituztela, emakume izateagatik. Datuek erakusten dute neurria. Sareren arabera, 35 emakume dituzte preso gaur egun, eta batez beste, Euskal Herritik 600 kilometro baino gehiagora dituzte. Horietatik bederatzi, Frantziako Estatuan: binaka edo hirunaka, baina Euskal Herritik urrunago gizonak baino. Espainiako Estatuan dituzten 26 presoetatik, EPPK-ko kiderik gabe dituzte erdiak baino gehiago (15). "Urgentea da emakume izateak dakarkien zailtasun erantsia salatzea", ohartarazi dute Sareko arduradunek. 

Gaurko bilkuran parte hartu dutenek lehen eskutik entzun ahal izan dute preso emakumezkoen errealitate horren berri, Ekhiñe Eizagirre preso ohiaren ahotik. Berak bizi izandakoa kontatzeaz gain, kide izandakoen testigantzak ere helarazi ditu Eizagirrek.

"Ikusezina" denaz hausnartzeko ariketa

"Ikusezina" izan den egoera baten inguruan ere hausnartu dute gaurko topaketan: euskal presoen sostengu lanaz. Eremu horretan ere genero rolak erreproduzitzen direla ohartu dira; izan ere, senide eta lagun emakumezkoak izan ohi dira gehienetan presoak zaintzeko "motor lana" egiten dutenak. Hausnarketarako tartea ireki nahi dute gaiaren inguruan, eta horretarako prestatu dute Poltsa bete kontu izeneko egitasmoa.

Apirilean aurkeztu zuten dokumentalaren trailerra. Euskal presoen zaintza lanetan aritu diren lau emakumeren esperientziak jasotzen ditu Poltsa bete kontu lanak; senideak dira gehienak, baina lagun bat ere bada tartean. Lau elkarrizketa horiek banan-banan zabalduko dituzte datozen asteetan, eta gaur eman dute argitara lehenengo testigantza: Gotzone Ijurko senidearena.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.