Nazioarteko merkataritza

Trumpen mehatxuek arriskuan jarri dute Txina-AEB ituna

Txinaren inportazio guztiei %25eko muga zerga ezarriko diela iragarri du AEBetako presidenteak, Pekini presio egiteko.

jarraia165980.jpg
Iker Aranburu.
2019ko maiatzaren 6a
07:31
Entzun

Gaur zen AEBetara joatekoa Liu He Txinako lehendakariordea eta nazioarteko merkataritzako negoziatzaile nagusia. Ehun laguneko negoziatzaile talde handi bat eraman behar zuen berarekin, ez baitzen baztertu behar azken negoziazio txandak balio izango zuela AEBen eta Txinaren arteko merkataritza gerra amaitzeko. Negoziazioak asteazkenean ziren berriro hastekoak. Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaileak azaldu du Liuk bidaia egingo duela, baina ez du jakinarazi negoziatzaile talde osoa eramango ote duen.

Joan den irailean beste bidaia bat bertan behera utzi zuen Liuk, Trumpen txio sorta baten ondoren. Oraingoan, AEBetako presidenteak ziurtatu du ostiralean Txinak AEBetan saltzen dituen produktu guztiek ordainduko dutela %25ko tarifa. Azken hamar hilabeteetan, 50.000 milioi dolarren inportazioek %25 ordaindu dute, eta %10 beste 200.000 dolarren inportazioek.  Trumpen arabera, muga zerga horiek AEBetako "emaitza ekonomiko handien arduradun partzialak dira", eta ez dute eragin handirik izan produktuen prezioan. "Txinarekiko merkataritza itunak jarraitu egiten du, baina oso poliki, berriro negoziatu nahi dute eta. Ez!", dio Trumpen txioak.

AEBetako presidentearen mehatxuen aurretik, negoziatzaileen inguruko iturriek iradoki zuten ituna gertu zegoela, eta bazitekeela Trumpek eta Xi Jinping Txinako presidenteak sinatzeko ekitaldia ekainean egingo zutela.

Hiru ziren lotzeke zeuden gaiak. Lehenik, zer gertatuko zen gaur egun indarrean dauden muga zergekin; Txinak bertan behera utzi nahi ditu, baina AEBek eutsi egin nahi die, horrela uste baitu Pekin behartu dezakeela sinatutakoa betetzera.

Bigarrenik, auzitan zegoen zein neurriraino zegoen prest. Pekingo gobernua Txinako industriei diru laguntzak gutxitzeko eta atzerriko enpresen jabetza intelektuala babesteko.

Azken desadostasun gaia da Txinak AEBei egin beharreko erosketak, bien arteko merkataritza harremana orekatze aldera.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.