Euskal presoak

Txus Martinek jasan duen "tratu bidegabea" salatu du Sarek

Plataformak elkarretaratzea egin du Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen delegaritzaren parean. Ertzaintzak Txus Martinen zaintzan jarreraz aldatu duela adierazi du, baina ohartarazi du bere horretan jarraitzen dutela "larriki gaixo dauden presoen egiturazko arazoak".

Txus Martinen etxeratzea eskatzeko Sareren elkarretaratzea, gaur, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko delegaritzaren parean. SARE, @SARE_HERRITARRA
2019ko maiatzaren 7a
12:35
Entzun

Joan den larunbatean deitu zuen Sarek elkarretaratzera, Martinen gaineko "zaintza zorrotza" eta "Ertzaintzaren une oroko presentzia" salatzeko. Inaxio Oiarzabal plataformako bozeramaileak azaldu duenez, presoaren zaintza "nabarmen" aldatu da "azken orduetan", Sarek berak eta presoaren senide eta lagunek eginiko eskarien ondorioz. "Gizatasuna eskatzen genuen, zurruntasun gutxiago izatea eta presoaren egoera kliniko konplexuan ahalik eta gutxien eragitea".

Ertzaintzak jarrera aldatu arren, Sarek elkarretaratzeari eustea erabaki du, "Txusek eta bere senideek jasan behar izan duten tratua salatzeko eta larriki gaixo diren presoen berehalako etxeratzea eskatzeko".

Sarek euskal presoen eskubideekiko errespetua eskatu du, eta larriki gaixo dauden presoen kasuan, "dagokien tratamendua espetxetik kanpo eta senideekin jaso ahal izateko" aukera izatea.

Sareren ustez, ETAren desagertzearen ostean eta euskal presoek legedia errespetateko eginiko hautuaren ostean, ez du "inolako zentzurik" presoei "osasunerako eta bizitzarako eskubidea" ukatzea, "salbuespen legediaren" bitartez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.