Udal eta foru bozak

EH Bilduk salatu du ez diotela bozetara aurkezten utzi Iruñeko zerrendakide bati

Espainiar nazionalitaterik ez duela-eta, Modou Fayeri ukatu egin diote hauteskunde zerrendan aurkezteko aukera. EH Bilduk azaldu du duela hamar urte erregularizatu zuela egoera administratiboa, eta bizileku baimena ere baduela.

Joseba Asiron berriz ere EH Bilduren alkategai izango dela jakinarazteko agerraldia, iaz. IñIGO URIZ, FOKU
2019ko maiatzaren 7a
18:45
Entzun

Modou Faye Beltxa-k ezin izango du udal hauteskundeetara aurkeztu. EH Bilduren zerrendan joan behar zuen Iruñean, baina koalizioak berri eman duenez, ukatu egin diote aurkezteko aukera, Espainiako nazionalitaterik ez duelako. EH Bilduk azaldu duenez, badira hamar urte egoera administratiboa erregularizatu eta bizileku baimena lortu zuela. Hauteskunde Batzordearen erabaki horren aurka, "pertsona migratzaile guztien" eskubide politiko, zibil eta sozialak bermatu beharra dagoela aldarrikatu du koalizioak, eta "halako kasuetarako", bizileku baimena nazionalitatearekin parekatu behar litzatekeela esan du, "baldintza berdintasuna bermatzeko eta gizarte bazterkeria kasuekin amaitzeko".

"Benetan sentitzen dugu hiriarekin konprometituta eta Iruñea hiri hobea eta irekiagoa egiteko inplikatuta dauden pertsonek parte hartzeko traba administratibo eta politikoak topatzea etengabe, [Espainiako] Estatutik inposatuta datozenak", adierazi du EH Bilduk, ohar batean. Hori dela-eta, "bere bizi eta lan proiektuak" Iruñean dituzten migratzaileek sufragiorako eskubidea izan behar dutela nabarmendu du. "Hiri anitz eta aktibo baten alde egiten dugu, Iruñea kulturanitz baten alde, non pertsona guztiek izango dituzten bermatuta parte hartzeko aukera eta eskubide politikoak, baldintza berdintasunean".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.