Migratzaileak

Abesti bat enpatiatik, Irungo Harrera Sarea laguntzeko

Harrera izeneko abestia sortu du Patxuko Nice taldeak, eta bideoklip bat ere osatu dute. Euro baten truke deskargatu daiteke kantua, eta Irungo Harrera Sarearentzat izango dira etekinak.

2019ko maiatzaren 8a
16:03
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irungo Lakaxita gaztetxean aurkeztu dute bideoklipa, hiriko Harrera Sarea sortu zen leku berean. Oier Guillanek egin ditu letrak Patxuko Nice taldearen Harrera izeneko abestirako, gaur goizean Sergio 'Patxuko' Ordoñez abeslariak eta Malen Garmendia Gomez Irungo Harrera Sareko kideak azaldu dutenez. Ordoñez: "Proiektuarekin migratzen ari diren pertsonekiko elkartasuna adierazi nahi izan dugu, baita sareko boluntarioek egiten duten lan ikaragarria omendu ere". Lan hori indartzeko, kantua euro baten truke deskargatzeko aukera jarri dute, Patxuko Nice taldearen bandcamp plataforman. Irungo Harrera Sarearentzat izango dira etekinak.

Bideoklipa sortzen, berriz, Adrian Fernandez eta Oscar Marcos zinegileak aritu dira. Harrera Sarean dabiltzan boluntarioen "enpatia" nabarmendu nahi izan dute, "ezjakintasunetik bada ere, migratzaileek egiten duten bidaiaren parte izan nahi hori". Aurreratu dutenez, egun osoko jaialdi solidario bat prestatzesn ari dira ekainaren 1erako, Harrera abestiarekin lotuta. Musika izango da protagonista hor ere; aurrerago jakinaraziko dute egitaraua.

Hirira iristen ari ziren migratzaileei laguntzeko asmoz, 2018ko uztailean sortu zuten Irungo Harrera Sarea Lakaxita gaztetxean. Ehunka pertsonari eskaini diote laguntza ordutik, hasiera batean instituzioek ez baitzituzten aktibatu beharrezko mekanismoak. Egoera aldatzea lortu duten arren, erakundeen jarrera kritikatu du Garmendiak: "Haiek dira harrera sistema duin eta integrala eskaini behar dutenak". Gainera, Harrera Sareko kideak gogora ekarri du EBren eta bertako estatuen politika dela migratzaileak "era klandestino eta arriskutsuan bidaiatzera kondenatzen dituena".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.