Venezuela

Venezuelako Asanblea Nazionaleko presidenteordea atxilotu dute

Inteligentzia zerbitzuek Edgar Zambrano atzeman dute, bere alderdiko egoitzatik gertu. Diputatu gisa zegokion immunitatea indargabetu dio Asanblea Nazional Konstituziogileak, joan den asteartean porrot egin zuen altxamendu militarra babesteagatik.

Sebin inteligentzia zerbitzu venezolarrak Edgar Zambrano Asanblea Nazionaleko presidenteordea atxilotu duen unea. MIGUEL GUTIERREZ, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko maiatzaren 9a
12:21
Entzun

Edgar Zambrano oposizioko diputatu eta Asanblea Nazionaleko presidenteordea atxilotu du bart Sebin Inteligentzia Nazionaleko Zerbitzu Bolivartarrak. Zambrano AD Ekintza Demokratikoa alderdiaren egoitzatik gertu atzeman dute —ADko militantea da—, auto barruan zela, eta, ibilgailutik irteteari uko egin dionez, garabian eraman dute atxilo, auto eta guzti.

Juan Guaido oposizioko kide, Asanblea Nazionaleko presidente eta bere burua Venezuelako behin-behineko agintari zilegitzat duenaren esanetan, Nicolas Maduroren gobernuak "bahitu" egin du Zambrano. Guaidok salatu du Maduroren helburua oposizioaren esku dagoen Asanblea Nazionala desegitea dela. Ohartarazi duenez, ganbera horretako 29 diputatu "jazarriak eta atxilotuak" izan dira Venezuelako Auzitegi Gorenaren aginduz. Guaidok mobilizaziora deitu ditu herritarrak.

Diputatu gisa zuen zigorgabetasuna indargabetu dio Zambranori ofizialismoaren kontrolpean den Asanblea Nazional Konstituziogileak. Joan den asteartean, Guaidok gidatutako altxamendu militarrerako ahalegina babestu zuela eta, hainbat delituren arduradun izan daitekeelakoan utzi dute bertan behera haren immunitatea.  Asanblea Nazionaleko beste sei diputaturi ere indargabetu die zigorgabetasuna Asanblea Nazional Konstituziogileak. Luis Florido, Mariela Magallanes, Americo de Grazia, Richard Blanco eta Simon Calzadilla dira sei ordezkari horiek.

Horrez gain, Venezuelako Auzitegi Gorenak Asanblea Nazional Konstituziogileari eskatu dio beste hiru diputaturen foruak aztertu ditzala. Sergio Vergara, Juan Andres Mejia eta Freddy Superlano diputatuen zigorgabetasuna berrikusteko galdegin dio. Hirurak VP Borondate Herrikoia alderdiko kideak dira. Hau da, joan den asteartean etxeko atxiloalditik ihes egin zuen Leopoldo Lopez oposizioko kidearen alderdikideak dira.

AEBek "ondorioak" iragarri dituzte

AEBetako gobernuak berehala salatu du Zambranoren atxilotzea, eta ohartarazi du "ondorioak" izango direla Venezuelako Gobernuak Asanblea Nazionaleko presidenteordea askatzen ez badu. "Edgar Zambranoren atxilotzea arbitrarioa eta barkaezina da. Maduro eta haren konplizeak dira Zambranoren segurtasunaren arduradun zuzenak. Berehala aske uzten ez badute, ondorioak izango dira", adierazi du Twitterren AEBren Venezuelako enbaxada birtualak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.