Guardia Zibilaren "sustrai nafarrak"

Espainiako poliziaren 175. urteurren ekitaldia egin dute Iruñean, eta ez dela Nafarroatik joango azpimarratu dute.

Basotxo kalean desfilatu dute guardia zibilek urteurrena ospatzeko. JESUS DIGES, EFE
jon ordonez garmendia
2019ko maiatzaren 9a
21:12
Entzun

Datorren astelehenean Guardia Zibilak 175 urte beteko ditu, eta urteurren hori ospatzeko ekitaldia egin dute gaur goizean Iruñean. Jose Santiago Martinez Nafarroako Guardia Zibilaren koronel buruak hitz egin du ekitaldian, eta Europa Press albiste agentziak azaldu duenez, adierazi du Guardia Zibilak "sustrai nafarrak" dituela.

Modu berean aritu da ekitaldi horretan Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuaren ordezkaria, Nafarroa eta Guardia Zibila lotuz. "Nafarroan ez dugu ahazten Guardia Zibilak lurralde honengatik egindako guztia. Hemen ez zaudete soberan" esan du, eta azpimarratu du Guardia Zibila ez dela Nafarroatik joango.

"Foru Erkidegoak eskuduntza historikoak har ditzan pausoak eman ditzakegu, polizien arteko koordinazioa hobetzen saia gaitezke, baina izan ezazue argi horrek ez duela suposatuko Guardia Zibila Nafarroatik ateratzea", gaineratu du Arastik.

Trafiko eskuduntza, airean

Aipagarriak dira hitz horiek, iaz Espainiako eta Nafarroako gobernuak trafiko eskuduntza Guardia Zibilaren eskuetatik Foruzaingoaren eskuetara pasatzea negoziatzen hasi zirenean Espainiko hainbat sektorek esan baitzuten hori Guardia Zibila Nafarroatik ateratzeko modu bat zela. Negoziazioak, ordea, ez dira gauzatu, eta eskuduntza horrek Madrilen esku jarraitzen du.

Nafarroan 1.600 guardia zibil inguru daude gaur egun eta Martinezek esan duenez, Guardia Zibilak 54 kuartel ditu Nafarroan. Horien lana "egoera koiunturalagatik ez gutxiesteko" eskatu du.

ETAren "40 urte"

Basotxo kalean egin dute ekitaldia, eta UPN, PSN, PP eta Ciudadanoseko alderdietako, Espainiako armadako, auzitegietako eta Nafarroan dauden polizietako ordezkariak egon dira. ETAren biktima batzuk ere izan dira han. Horiei eskaini die, hain zuzen, Martinezek urteurren ekitaldia.

Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuaren ordezkariak Guardia Zibilak ETAren kontra egindako lana balioetsi du eta esan du "hilketa, bahiketa, mehatxu eta indarkeri 40 urte (sic)" izan direla ETAk eragindakoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.