Espainiako bozak

EH Bilduk "elkarrizketa bideak" irekitzeko eskatu dio Sanchezi

Diputatu eta senatari aktak jaso ahal izateko ziurtagiriak aurkeztu dituzte gaur Espainiako Kongresuan EH Bilduko kideek, eta azaldu dute ERCrekin negoziatzen ari direla inbestidura saioan hartu beharreko jarrera.

Elejabarrieta, Ruiz de Pinedo, Matute, Aizpurua eta Iñarritu, gaur, Espainiako Kongresuan. EH BILDU
Hodei Iruretagoiena.
2019ko maiatzaren 14a
07:24
Entzun

ERCrekin datorren legegintzaldirako akordio estrategiko bat negoziatzen ari direla azaldu dute gaur EH Bilduko kideek, Espainiako Kongresuan ziurtagiriak aurkeztu ondoren. Mertxe Aizpurua, Oskar Matute, Iñaki Ruiz de Pinedo eta Jon Iñarritu diputatuak eta Gorka Elejabarrieta senataria Madrilen izan dira, eta agerraldi batean aurreratu dutenez, talde parlamentarioa osatzeko, inbestidura saiorako nahiz legegintzaldiko politika nagusietarako jarrera adosten ari dira ERCrekin.

Hiru ardatz jarri ditu mahai gainean Aizpuruak: autodeterminazio eskubidea, "preso politikoen arazoa" eta herritarren askatasun eta eskubideetan aurrera egitea. "Ez dugu baldintzarik jartzen, elkarrizketa bideak eskatzen ditugu, eta Sanchezek aukera bat du gauzak beste era batera egiteko", adierazi du Aizpuruak. Presidentea hautatzeko inbestidura saiorako, esaterako, EH Bildukoek ez diote aterik itxi PSOEren hautagaia babesteari: "Haren esku dago".

Kongresuan taldea osatu ahal izateko formulak ere ari dira aztertzen EH Bildu eta ERC. Bi batzorde osatu zituzten lankidetzaz aritzeko, eta Aizpuruak berretsi du aukera bat baino gehiago ari direla aztertzen: ERCk diputatu batzuk EH Bilduri uztea, esaterako, edo talde bakarra osatzea. Azken aukera litzateke talde mistoan sartzea. EH Bilduko iturriek zehaztu dute ordezkaritza handiagoa lortzea dela helburu nagusia, eta ez diru sarrerak handitzea.

EAJ: "Ez diogu inori botorik emango [mahaia osatzeko]"

EAJren bozeramaile Aitor Estebanek, berriz, baieztatu du ez dutela eserlekurik izango Espainiako Kongresuko Mahaian. Diputatu jeltzalearen hitzetan, aukerarik "garbiena" da PSOEk, PPk, Ciudadanosek eta Unidas Podemosek osatzea mahai hori. Esteban: "Ez dugu posturik eskatu mahaian. Ez dugu inor aurkeztuko, eta ez diogu inori botorik emango". Dena den, EAJkoak ziurtatu du "protagonismo handia" izango dutela legegintzaldi berrian. "Legegintzaldi guztietan egiten dugu politika eta lortzen dugu akordioren bat; batzuetan protagonistak gara, eta beste batzuetan ez horrenbeste".

Bihar goizean, Donostian izango da Pedro Sanchez, udal eta foru hauteskundeetarako PSE-EEren hautagaiak babesten. Arratsaldean, berriz, Nafarroara joango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.