Lan gatazka

Sindikatuek salatu dute Osakidetzak ez duela negoziatzeko borondaterik agertu

Gaur egin dute bilera Osakidetzako zuzendaritzarekin, eta ostiralerako greba deialdiari eutsi diote ELAk, LABek, SATSEk, ESK-k, CCOOk eta UGTk eta Lehen Arreta Arnasberritzen plataformak.

Apirilaren 12an lehen arretako langileek Bilbon egindako manifestazioa. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
2019ko maiatzaren 14a
18:25
Entzun

Gaurko bileran ezer berririk ez duela proposatu, eta orain arte hitzemandakoa nahikoa ez dela iritzita, ostiralerako greba deialdiari eutsi diote Osakidetzako lehen arretako langileek —5.000 langile inguru daude protestara deituta—. Apirilaren 12an ere egin zuten greba. Sindikatuek eta Osakidetzako zuzendaritzak gaur egin dute bilera; 23 puntuko proposamen bat egin zuten sindikatuek, baina azaldu dute ez dela behar besteko aurrerabiderik izan.

Langileek salatzen dute euren lan baldintzek okerrera egin dutela azken urteetan: besteak beste, pazienteak behar bezala artatzeko denborarik ez dutela, burokrazia gehiegizkoak jarduna eragozten diela eta eri diren langileak edo oporraldietan daudenak ez dituztela ordezkatzen.

23 neurrietatik 15 onartu dituztela adierazi Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgak. ELAk kritikatu duenez, maiatzaren 2ko bileran "nolabaiteko borondatea" agertu zuen Osakidetzak 13 punturen gainean proposamen bat egiteko, baina "neurri zehatz bakar bat ere" ez du proposatu gaurko bileran. LABek erantsi du, gainera, lehentasunezkotzat dituzten gaiak kanpoan utzi dituztela. Ildo beretik egin dituzte kritikak gainerako sindikatuek ere. Hilaren 27rako jarri dute beste hitzordu bat.

Gaur, 46 plaza sortzeko asmoa dutela esan du berriz Murgak, baina sindikatuen iritziz, kalitatezko zerbitzu publiko bat emateko beharrezko dutenetik urrun dago kopuru hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.