Arnasa hartu ezinda

Osakidetzako lehen arretako langileak grebara deitu dituzte biharko. Azken urteetan okertu egin dira haien lan baldintzak, eta ohartarazi dute nabaritzen ari dela herritarren osasunean.

CC0.
jokin sagarzazu
2019ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Gizartea zahartzeagatik, gaixo kronikoak ugaritzeagatik, gaixotasun agiriak gero eta gehiago eskatzeagatik, askotariko kontsultengatik... Gainezka dabiltza osasun sistemako lehen arretako zerbitzuetan. Langileek salatu dute euren lan baldintzek okerrera egin dutela: besteak beste, pazienteak behar bezala artatzeko denborarik ez dutela, burokrazia gehiegizkoak jarduna eragozten diela eta eri diren langileak edo oporraldietan daudenak ez dituztela ordezkatzen. Osakidetzan protestan daude, eta bihar dute lehen greba eguna; hilabetean behin egin asmo dituzte lanuzteak.

Duela bi urte hasi zituzten tirabirak Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailarekin. 2017ko urrian sortu zuten Lehen Arreta Arnasberritzen taldea. Mobilizazioak egin dituzte osasun zentroetako atarietan, eta aurtengo otsailean grebara deitu zuten. Egun batzuk geroago, lehen mailako zerbitzuen kalitatea hobetzeko estrategia aurkeztu zuen gobernuak. Langileek salatu dute proposamena «anbiguoa eta zehaztugabea» dela, eta mobilizazioei eutsi diete, gehiengo sindikalaren babesarekin. Herritarrak deitu dituzte bat egitera, haiek direlako guztiaren «kaltetu nagusiak». Bihar greba egingo duten lau langilerekin izan da BERRIA.

RAFA GARZON Administraria

«Mahaitik altxatzeko tarterik ez dugu»

«Hemen dugun egoerak zerikusirik ez du beste administrazio batzuetakoekin». Rafa Garzonek Bilboko Errekaldeberri auzoan lan egiten du; administraria da. Auzo horren «berezitasunak» azpimarratu ditu: klase ertain-baxuko bizilagunak, adineko asko, migrazio tasa handia... Leihatilan egiten du lan. «Adinagatik, hizkuntzagatik, baina bereziki ezagutza faltagatik, pazienteek arazoak dituzte medikuek azaldutakoa guri esplikatzeko».

Etengabea da pertsonen joan-etorria. «Batekin amaitu eta jarraian dator bestea: mahaitik altxatzeko tarterik ez dugu. Baina hori ez da hemen bakarrik gertatzen». Horri aurre egiteko irtenbide bat jarri diete: ilarak kudeatzeko sistema bat. «Guk botoia sakatu arte ezin dute leihatilara gerturatu». Azaldu du horrek «ezer gutxirako» balio duela, bera bezalako langile batek egunean ehun pertsona ingururekin egon behar baitu. «Paziente askok ordubete itxaron behar dute. Tentsio une asko izan ditugu, eta erasoak», ohartarazi du. Gainera, langile horiek beraiek kudeatu behar dituzte kexak, zeinak «gero eta ugariagoak» diren.

Denbora urriaz gain, leihatila bakarrean zerbitzu asko tramitatzen dituztela azaldu du Garzonek: horietako batzuk «lotura zuzenik» ez dute osasun arloko prestazioekin. «Ardurak gehitu dizkigute, eta erantzukizun handiko erabakiak hartu behar ditugu». Baina administrari denek ez dituzte aukera berberak: «Ordezkoek edo behin-behinean daudenek ezin dute ia ezer egin». Horrek «arazo ugari» eragiten ditu.

Horrekin batera, nabarmendu du «alde handia» dagoelaosasun etxeetako eta ospitaletako administrarien lan baldintzen artean. Lehena, ratioak. «Osakidetzak dio administrari bat dagoela 2.500-3.000 pazienteko, baina egiaz gurean ez dago ratiorik». Gainera, kopuruaz gain, beste «aldagai» batzuk kontuan hartu behar direla dio: «Adineko asko dituen osasun etxe bat den, gaixo kroniko asko dituen...».

RUBEN GARCIA  Pediatra

«Egunean 80 haur artatzera iritsi gara»

«Hasieran, oso momentu zehatzetan gertatzen zen, baina azken bi-hiru urteetako joera da ordezkorik ez jartzea, baita udan eta aurreikus daitezkeen beste egoeretan ere». Pediatra da Ruben Garcia, Bilboko Txurdinaga auzoan. «Bi gaude —hori da ohikoena, zentroaren tamainaren arabera—, baina batek ezin duenean besteak egin behar du biren lana».

Garciaren arabera, egun Osakidetzan 330 pediatria plaza inguru daude, eta lautik batek mila haur baino gehiago ditu bere zaintzan. Beste lankide batzuen agendak beren gain hartzen dituztenean—gaixoaldiengatik, oporrengatik...—, aise gainditzen dute zifra hori: «Osakidetzak aitortu du gehiegizkoa dela, zortziehundik beherakoa izan beharko lukeela».

Gainera, familia medikuek bezala, pediatrek ere egunero artatu behar dituzten gaixoen kopuruak ez du mugarik. «Pazienteek edo gurasoek uste badute egun horretan artatu behar dituzula, printzipioz ezin diozu ezetz esan». Uste du egunean 25-30 ume hartzea «arrazoizkoa»dela, baina, dioenez, gripe garaian-eta 80 artatzera iritsi dira; «pazientearen segurtasun klinikoan horrek duen eraginarekin», ohartarazi du.

Garciak azaldu duenez, horri «aurre egiteko» Osakidetzak aurreikusi zuen konpentsazio ekonomiko bat ematea langileei «paziente kopuru jakin batzuetatik aurrera». Baina haren ustez ez da eraginkorra, eta oso modu ezberdinetan kudeatzen ari dira: baldintzak eta zifrak ez dira berdinak zentro guztietan. «Badago agindu bat, baina, dirudienez, nahiko anbiguoa da: erakunde integratu bakoitzak [eskualdeetako ospitaleak eta horiei atxikitako zentroetako zuzendaritzak] bere erara interpretatzen du».

Horrez gain, salatu du zerbitzuak ere murriztu direla. Adibidez, bere kasuan, arratsaldeko kontsultak bost egunetik hirura pasatu dituzte. «Lankideari bi egun kendu dizkiote, beste zentro batera joan dadin». Aldaketa «aurretik abisatu gabekoa» izan da, eta gurasoak kexu dira. «Ondorioz, arratsaldeko txandako 330 ume goizekoan jarri dituzte». Eta horrek guztiak eragina dauka ospitaleko pediatren lanean ere. «Lehen mailan kontrola daitezkeen patologiak behar bezala ez artatzeagatik, haurrek amaitzen dute larrialdietan eta kanpo kontsultetan. Hau ekosistema bat da: alde bat kaltetzen bada, maila guztietan nabaritzen da».

ANGELA FUENTES Familia medikua

«Ordezkorik ez dago, baldintza hauetan inork ez duelako lan egin nahi»

«Lehen arretako medikuak osasun zerbitzuetarako sarbidea gara, eta gure lana ondo egiteko nahikoa denbora ez izateak segurtasun arazoak eragin ditzake pazienteen osasunean». Santurtziko Mamariaga auzoko osasun etxean (Bizkaia) egiten du lan Angela Fuentesek. Familia medikua da. «Arnas luzekoa izan behar du gure lanak, baina arnasa hartu ezinda gabiltza». Azaldu duenez, arlo horretan ari direnentzat ezinbestekoa da jarraitutasuna izatea —pazientea aspalditik ezagutzea eta familiaren historia, besteak beste—, bai eta zeharkakotasuna izatea ere —inguruan dituzten osasun eta gizarte baliabideena, besteak beste—. «Egoera larritzen du hori ez bermatzeak».

Hala gertatzen zaio bereziki berari, ordezko gisa baitabil «osasun etxe batetik bestera». Baina oro har lehen arretako mediku denek «arazo bera» dutela dio. «Denborarik eza. Horri gehitu zaio, orain, ordezkoak aurkitzeko zailtasuna». Horren lekuko zuzena da bera; baita pazienteen kexena ere. «Oso nekatuta etortzen dira, eta haserre; euren medikuak bajan daudenean, bereziki, beste bat nahi dutela esaten digute: ordezkorik ez dutela nahi. Eta ulergarria da hori, behin-behinean gaudelako eta ez diegulako jarraipen egokia emango».

Gaixo kronikoak eta zaintza aringarriak behar dituztenak dira kaltetu nagusiak, Fuentesen arabera. Gogoratu du Osakidetzak protokolo bat egin zuela haien jarraipena bermatzeko, baina salatu du ez dela betetzen: «Ezinezkoa da». Egingo balitz, «ziur» da ospitalizazio gutxiago egongo liratekeela.

Irtenbide «zaila» ikusten dio auziari, haren ustez «egiturazkoa» delako. «Osasun sistema honen oinarria dira ospitaleak; horretan inbertitzen da, eta hortik abiatzen dira estrategiak». Fuentesentzat, etxea teilatutik hastea bezalakoa da hori. «Prebentzioak izan behar du oinarria».

Eta horrek beharko luke lehen arretako medikuen zeregin «nagusiena» ere. «Baina oso zabalduta dago denerako gaudelako ustea». Haiei ez dagozkien beharrekin batera, burokrazia lanak, «urgentzia administratiboak» nabarmendu ditu: egun bateko froga agiriak eta epe laburreko gaixoaldietako txostenak egitea, besteak beste. Horrek guztiak beste lan batzuetarako tartea gutxitzen diela azaldu du: formaziorako, pazienteei eman dizkieten botikak berrikusteko, praktikan dauden ikasleen jarraipena egiteko...

Fuentesek, halaber, mediku hasiberrien egoera azpimarratu du. Lan kontratu «malgu-egonkorra» du berak. Berriak dira, garai batean ordezkoek zituztenak baino luzeagoak, baina langileei «egun batetik bestera» alda diezazkiekete ordutegiak, mugi ditzakete osasun etxe batetik bestera... Horrek «nekea» sortzen die hasiberriei. «Ez dago ordezkorik, baldintza hauetan ez dutelako lan egin nahi». Eta haietako asko atzerrira joaten dira. «Europako edozein herrialdetan askoz ere hobeak dira lehen arretako medikuen baldintzak eta soldatak».

MARIA MUÑOA EHUko irakaslea

«Bokazio gutxi daude; prestigiorik ez duadar honek»

Oraintxe bertan, langile asko erretiroa hartzen ari dira Osakidetzan, eta fakultatetik ez da ateratzen hutsune horiek betetzeko nahikoa mediku. «Badago poltsa bat, baina berehala gelditzen gara gabe». Hala azaldu du Maria Muñoa EHUko Medikuntza eta Erizaintzako irakasleak. Familia mediku lanetan ere ari da.

Muñoak salatu du erakundeek aurreikus zezaketela hori. «Ez dute ondo kudeatu; beranduegi hasi dira mugitzen espezialitateko plaza gehiago sortuz-eta [aurten iaz baino %19 gehiago]. Ikasleak aterako dira sei urte barru, baina orain dugu beharra».

Arazo horrek bat egin du «aspaldiko» beste batekin, Muñoaren iritziz: alor horrek duen «prestigio falta». Baita langileen artean ere. «Badago gaizki sentitze bat orokortua familia medikuen eta lehen arretako erizainen artean, beste adar batzuetakoekin konparatuta: gutxi baloratuak direla». Beste alorretako medikuen artean ere nabari du «gutxiespena». Muñoak dioenez, beste osasun sistema batzuetan familia medikuak hobeto ikusita daude lankideen artean. Uste du herritarren artean ere gertatzen dela hori. «Ez dute berdin hartzen lehen arretako medikuak esandakoa edo mediku espezialistak esandakoa».

Eta hori ikasleengan ere nabari da, haren ustez. Seigarren mailan, azken urtean, ikasle guztiek egiten dituzte praktikak lehen arreta zerbitzuetan. Espezialitatea aukeratzeko orduan, plaza ia denak bete arren, urtean ez dira nahikoa mediku ateratzen. «Bokazio gutxi daude, prestigiorik ez duelako lanbide honek, eta ikasketa prozesuan harreman txikia dutelako: ohartzen dira ez dutela ezagutza teorikorik alor horretan», azaldu du Muñoak.

Hori gertatzen da, besteak beste, EHUn ez dagoelako familia medikuaren ikasgaia. Espainiako Gobernuaren lege dekretu bat dela-eta, beste unibertsitate batzuetan «pixkanaka-pixkanaka» hasi ziren, derrigorrezko ikasgai gisa edo hautazko moduan; EHUn, ez. «Aspaldiko eskaera da, baina dekanotzak ez du inoiz aintzat hartu». Argudiatutako zailtasunen artean, ikasketa plana aldatu behar dela.

Iaz, baina, Osasun Sailak eta EHUk hitzarmena egin zuten. Lantalde bat sortu dute, bost pertsonak osatua —horko kide da Muñoa—, besteak beste aztertzeko eduki horiek graduan nola txertatu: ikasgai gisa jarriz edota zeharkako eduki gisa sartuz, familia mediku gehiago jarrita irakasle, ikerkuntzarako gaien artean sustatuz —egun ezohikoa da—... Elkarrizketak hasi baino ez dituzte egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.