Udal eta foru hauteskundeak

Iglesias: "Nafarroarako Podemosen itunak Nafarroan erabakiko dira"

Iruñean izan dira gaur arratsaldean Podemoseko Pablo Iglesias eta Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusi eta Espaniako gobernuburugaia. "Ultraeskuinaren ezin da itunik egin", esan du Sanchezek.

Pablo Iglesias eta Mikel Buil, gaur, Iruñean. IñAKI PORTO, EFE
2019ko maiatzaren 15a
07:31
Entzun

Iruñean izan dira gaur PSOEko eta Podemoseko idazkari nagusiak. "Aurrera" egin beharraz aritu da Pedro Sanchez, apirilaren 28ko "balentria burutu" beharraz: "PSOE da Espainiako proiektu politiko nazional bakarra, gainerakoak proiektu politiko pertsonalak dira, Supervivientes telebista programan bezalakoak". "Aldaketaz" mintzatu da Pablo Iglesias: "Lortu dugu gauza asko aldatzea gobernatu gabe; orain, fasez aldatzea dagokigu, gauza asko aldatzea dagokigu Nafarroan eta Espainian gobernatuz".

Eskuinaren zatiketa nabarmendu du Sanchezek: "Jendea nekatu da ikusten ea laranjek urdinak gaindituko ote dituzten, urdinak berdeak baino moderatuagoak ote diren", esan du, PPri, Ciudadanosi eta Voxi erreferentzia eginez. "Baina maiatzaren 26a ez da hori, beste zerbait da: espainiarren etorkizuna, udalena, autonomia erkidegoena dago jokoan, ez Abascalen, Riveraren edo Casadoren proiektu pertsonala". Hala, nabarmendu du "ultraeskuinarekin" ezin dela itunik egin.

Iglesiasek, berriz, "fasez aldatzea" dagokiela azaldu du, orain "Nafarroan eta Espainian gobernatzea" dagokiela. "Amaitu da agintekeriaren gobernua, mundu guztiak daki gobernu hobea dela lankidetzarako eta elkarrizketarako prest dagoena". Hauteskunde osteko itunak ere aipatu ditu Iglesiasek, zehaztapen handirik egin ez arren. Ziurtatu du, dena den, Nafarroako kideen irizpidea errespetatuko dutela: "Nafarroarako Podemosen itunak Nafarroan erabakiko dira".

Sanchez Donostian, goizean

Donostian izan da gaur goizean Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusi eta Espaniako gobernuburugaia, eta esan du apirilaren 28ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetako emaitzei segida eman behar zaiela bizikidetzan eta politika sozialetan aurrera egin ahal izateko. Apirileko "mobilizazioa" berriro gertatzeko "ahalegin bat" eskatu die herritarrei, duela hiru aste emandako "aldaketa sendoagoa" izan dadin. PSOEk irabazi zituen bozak: Kongresurako 123 aulki lortu zituen —350etik—, eta, Senatuan, gehiengo osoa. "Ezin gara erdibidean geratu".

Denis Itxaso PSE-EEren Gipuzkoako ahaldungai nagusiarekin eta Ernesto Gasco Donostiako alkategaiarekin egon da Donostian, eta adierazi du sozialisten proposamenak aurrera ateratzeko beharreko izango dela udalen eta diputazioen konpromisoa ere. Justizia soziala —osasuna, hezkuntza. mendekotasuna, soldaten duintasuna, trantsizio ekologikoa, berdintasuna...—, ustelkeriaren aurkako borroka eta politikako "zintzotasuna" aipatu ditu ardatzen artean.

Alderdi indenpendentisten aurka mintzatu da, ERCk Miquel Iceta PSCko burua senatari izateko ezezkoa emango duela eta. "Ezingo dute Kataluniak eta Euskadik bizikidetzarako eta espainiar guztien batasunerako nahi duten nahia bukatu. Egiaz, ez dira Icetari betoa jartzen ari, baizik eta elkarbizitzari, elkarrizketari eta ulermenari ari dira betoa jartzen, eta horrek erakusten du beldurra diotela konponbideari, eta beldurra dietela katalanei esateko independentzia ez dela posible izango eta irtenbide bakarra konstituzioa eta estatutuaren bidea direla".

Itxasok Gipuzkoako Liburu Zuria eman dio Sanchezi. "Aldaketa klimatikoaren eta zahardadearen kontrako borrokaren eta berdintasunaren aldeko agenda sozialdemokrata da, [Sanchez] presidentearen politikekin bat egiten duena. Hemen lideratu nahi ditugu politika horiek".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.