Udal eta foru bozak

Anasagastiri erantzun dio Karrerek: "Oraindik horrela?"

'Charlie Otegiren aingeruak' izenburua jarri dio artikulu bati Iñaki Anasagasti EAJko senatari ohiak, Reyes Karrere, Miren Larrion eta Jone Goirizelaia alkategaiak eta Jasone Agirre legebiltzarkidea aipatzeko.

H BILDU. EH Bilduren hautagaien agerraldia, astelehenean, Nueva Economia foroan. MONIKA DEL VALLE, FOKU
2019ko maiatzaren 15a
19:30
Entzun

"Oholtzaren aurrean VIP gonbidatuentzat jartzen den mahai biribilean zegoen eserita Arnaldo Otegi, aita ponteko handia, serieko Charlie bezala, bere hiru hautagaiekin gustura, dudarik gabe, pertsona inteligenteak baitira, esperientziadunak eta iristeko gogoa dutenak. Dena zilegi. Otegiri katu bat bakarrik falta zitzaion, filmean bezala laztantzeko". Iñaki Anasagastiren artikulu bateko pasarte bat da, eta Reyes Karrere Donostiako alkategaia, Miren Larrion Gasteizkoa eta Jone Goirizelaia Bilbokoa aipatzeko erabili du alderaketa. "Los angeles de Charlie Otegi " (Charlie Otegiren aingeruak) jarri dio izenburu EAJkoak.

Sareko erabiltzaile askok salatu dute komentario matxista dela EAJko senatari ohiak egindakoa. Karrerek berak ere erantzun dio, Facebooken zabaldutako mezu batean. "Iruzkin matxista eta despektiboa da. Errespeturik gabe aritu zara hiru emakumeren, hiru hautagairen aurka", kritikatu du EH Bilduren Donostiako alkategaiak. "Hamarkadak dira EAJko lehen lerroko militantea zarela, eta oraindik horrela pentsatzen duzu? Ez duzu pentsatzen aldatzea?".

Anasagasti ez da isilik geratu kritiken aurrean ere. Twitter bidez erantzun dio Karrereri: "Ulertzen dut erantzuna. Uste dut tituluan jarri duzula artikuluan baino arreta gehiago (ez zuen intentzio txarrik, inondik ere). Hori gertatzen da titularrak bakarrik irakurtzen direnean. Gainerakoan, zorte on". Umorerik ez izatea ere aurpegiratu die jeltzaleak erabiltzaile batzuei, eta ondokoa ere idatzi du Karrereri buruz: "Ikusten dut kritika ez onartzen ez ulertzen ez duen jendea dagoela".

Alderaketa gustuko du, nonbait, Anasagastik. Duela hiru urte ere erabili zuen, Jasone Agirre, Maddalen Iriarte eta Miren Larrion EH Bilduko hautagaiak izendatzeko. Otegiren aingeruak, jarri zuen izenburuan orduko hartan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.