Saskibaloia

Euroligaren aitzakian "eskubideak murrizten" ari direla salatu dute Gasteizen

Diru publikoa interes pribatuetarako erabiltzea, kalean ekitaldiak egiteko baimenak murriztea eta lan baldintza "lotsagarriak" sustatzea kritikatu dute hainbat kolektibok.

Gasteizko Final Four lehiaketaren aurkezpena, otsailean. JON RODRíGUEZ BILBAO, EFE.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko maiatzaren 15a
20:06
Entzun

Gasteizko mugimendu feministak deituta, elkarretaratzea egitekoa zuten gaur iluntzea Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan, lapurreta batean hildako emakumearen heriotza salatzeko. Azkenean, ordea, bertan behera utzi behar izan dute, Final Four saskibaloi txapelketa dela-eta, Ertzaintzak ez baitie baimenik eman. Ez da kasu bakarra izan. Final Four-Euroliga honi ez izeneko agiria babestu duten kolektiboek salatu dutenez, "eskubide murrizketak" jasan dituzte beste eragile batzuek ere: "Horren adibide dira Gasteizen inor ez kalegorrian kanpaldia edo ostiralero egiten den euskal pres politikoen aldeko elkarretaratzearen aurkako boikot saiakerak".

Ostiralean hasi zuten kanpaldi hori, babespean lo egiteko eskubidea aldarrikatzeko. Ostiralean bertan deitu zieten udaletik antolatzaileei: "Debekatzeko deitu ziguten, eta, handik ordubetera baimena eman ziguten, baldintza askorekin", azaldu zion BERRIAri Maialen Saez de Okarizek. Besteak beste, kanpin dendarik ez jartzeko esan zieten. "Guk ez, baina Lauko Finalaren karpa jar daiteke, plaza erdian", gehitu zuen Ozaetak. "Lauko Finala dela, eta saskibaloiaren hiria izatea... Askoz hobe litzateke Gasteiz jendearen hiriburua balitz, inor atzean uzten ez duen hiria".

Traba horiez gain, "Euskal Herriak bizi duen erreatalite nazional propioa ukatzea" ere egotzi diete Euroligako antolatzaileei, Spain markapean antolatu dutelako ekitaldia. Diru publikotik 4.000.000 euro jarri izana ere salatu dute. Gogoan izatekoa da, gainera, Euroligak eta UEFAk zerga gutxiago ordaintzea eskatzen dietela lekuan lekuko erakundeei halako txapelketak antolatzeko.

"Lan baldintza lotsagarriak"

Agirian salatu dutenez, Euroligan lan egiteko baldintzak "lotsagarriak" dira. SHEE Soin Hezkuntzako Euskal Erakundeko fakultateko ikasleek bolondres gisa aritzeko eskaera jaso dute —Hala Bedik zabaldu zuenez, EHUk bidali zien mezua ikasleei, posta elektronikoz—. Euroliga honi ez ekimenak gogora ekarri du enpresa pribatua dela Euroliga: "Ez da GKE bat". Horrez gain, azafata edo laguntzaile aritzeko hautagaiei argazkiak eskatu dizkietela salatu dute, aurpegia eta gorputza erakutsi eta "edertasun maila" ikusteko.

"Horrez gain, ez da ahaztu behar klubeko langileek lan baldintza prekarioak izango dituztela, [Baskoniako presidente Joxean] Kerejetaren eskuetan dagoen Onalan S.L aldi baterako laneko enpresaren bidez", erantsi dute eragileek. "Argi ikusten da Gasteizera Final Four txapelketa ekartzeagatik onurak jasoko dituztenak betikoak izango direla: enpresa handien nagusiak, multinazionalak eta Gasteiz postaleko hiri bilakatu nahi duten alderdi politikoak".

Hori guztia salatzeko, Final Four Honi Ez! lelopan elkarretaratze bat egingo dute ostegunean. 19:30ean izango da, Babesgabetuen Andra Mari Zuriaren plazan.

Martxoaren amaieran, Bilbon ere antzeko salaketak egin zituzten 2020ko Eurokoparen inguruan. Futbol txapelketa "euskal-espainiar burgesiaren negoziorako" erabiliko dutela salatu zuten Eurokopa honi ez dinamikako sustatzaileek.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.