POLIZIA OPERAZIOA

Espetxeratu egin dute Josu Urrutikoetxea

Frantziako eta Espainiako segurtasun indarren arteko polizia operazio batean atzeman dute ETAko buruzagi politikoa izandakoa. Urrutikoetxea ETAren gidaritzan izan zen talde armatuaren azken fasean. Zortzi urteko espetxe zigorrera kondenatu zuen Frantziak 2017ko ekainean.

Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko maiatzaren 16a
07:48
Entzun

Goizean goiz atxilotu dute Josu Urrutikoetxea ETAko buruzagi politikoa izandakoa, Frantziako Alpeetan, eta espetxeratu egin dute arratsaldean. 07:30ak aldera izan da atxiloketa, Goi Savoiako Sallanches herrian. Frantziako zerbitzu sekretuek gidatu dute operazioa, eta Guardia Zibilak ere parte hartu du, Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi duenez. Polizia etxe batera eraman dute, eta bertan mediku batek arta dezala eskatu du. Poliziak ospitalera eraman du, eta, proba batzuk egin ondoren, Sallancheseko jendarmeriara eraman dute berriz. Goizean Poliziako iturriak aipatuz berri agentziek zabaldutakoaren aurka, Bonneville hiriko auzitegi batera eraman dute arratsaldean, epailearen aurrera.

Handik, hiri bereko espetxera bidali dute Urrutikoetxea. Patrice Guigone prokuradoreak kazetariei esan dienez, hamar egun ditu orain Frantziak jarritako zortzi urteko zigorrari uko egin eta beste epaiketa bat eskatzeko. Prokuradorearen arabera, lau bat egun egin ditzake Bonevilleko kartzelan, Pariserako lekualdatzea antolatu arte.

Urrutikoetxea Sallanches herriko ospitalera bidean zihoala atxilotu dute, herriko alkate Georges Morandek azaldu duenez. France Bleu Pays Basque irratiaren arabera, osasun arazoengatik artatzera joana zen. Grande-Marlaskak adierazi du ezin duela informaziorik eman Urrutikoetxearen egoerari buruz, baina azaldu du ospitalera oinez eta bere kabuz iritsi dela. Urrutikoetxearekin batera zihoan lagun bat deklaratzera eraman dutela azaldu du Fernando Grande-Marlaska Espainiako jarduneko Barne ministroak. Urrutikoetxearekin zein lotura duen argitu nahi du Poliziak.

ETAko buruzagi ohiak zortzi urteko espetxe zigorra du betetzeko Frantzian. Parisko Auzitegiak 2017ko ekainean kondenatu zuen, 2011-2013 artean Norvegian izan eta ETAko egitura politikoan parte hartzea egotzita. Urte haietan, ETA ahalegindu zen Espainiako Goberunarekin elkarrizketak abiatzen, nazioarteko bitartekaritza tarteko, baina saiakera antzua izan zen. Urrutikoetxearen kontrako epaia bera ez epaiketan bertan ez zegoela ebatzi zenez, hari uko egin eta beste epaiketa bat egiteko aukera aitortzen dio Frantziako legeriak.

Ez da lehenengo aldia Urrutikoetxea Frantziako Alpeetan atxilotzen saiatzen direna. 2011ko udan, polizia hesi bati izkin egitea lortu zuen, eta menditik egin zuen ihes. Garai hartan, ETA Aieteko bide orria lantzen ari zen, beste eragile batzuekin batera.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak jakinarazi du Urrutikoetxea Espainiaratzea galdegingo diola Frantziari, nahiz eta oraindik ez duen zehaztu zer arrazoirengatik. Adierazi duenez, Espainiaratzeko eskatu aurretik aztertu egingo du zein kausa dituen epaitu gabe. Horien artean dago 1987. urtean Guardia Zibilaren Zaragozako kuartelaren aurkako erasoa agindu izanaren akusazioa —11 lagun hil zituen ETAk—.

Grande-Marlaskak azaldu du bi kausa dituela zabalik, eta "inputazio zehatz bat".  Frantzian espetxeratuko duten arren, nabarmendu du Espainiaratzeko behin-behineko eskaera egiteko aukera dagoela, "beste batzuetan egin bezala", Urrutikoetxearen atxiloketa "lehentasun gorenekoa"  baitzen Espainiako segurtasun indarrentzako.

ETAren azken urteetan talde armatuaren gidartitzan izan zen Urrutikoetxea. Askok lotzen diote zeregin garrantzitsua ETAk bere jarduera behin betiko eten eta desegiteko hartu zuen erabakian. Urrutikoetxeak jarri zion ahotsa ETAren azken komunikatuari —iazko maiatzaren 3an egin zen publiko—, Marixol Iparragirrerekin batera.

Urrutikoetxearen atxiloketak erreakzio politiko ugari eragin ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.