Urrutikoetxearen atxiloketa

Urrutikoetxearekin biltzen zenekoa

ETArekin hitz egin zuten politikarien artean dago Jesus Egiguren. 2005-2007ko prozesuan mintzatu zen, PSE-EEko presidentea zela; besteak beste, Josu Urrutikoetxearekin. Hauxe kontatu zion Egigurenek iaz BERRIAri, ETAren desegiteari buruzko gehigarrirako.

Jesus Egiguren 2014an, Iruñean. IñIGO URIZ, FOKU
enekoitz esnaola
2019ko maiatzaren 16a
14:45
Entzun

Lehen hitzordua

»Arnaldo Otegik eta biok Txillarren gauzak nahikoa aurreratuta geneuzkala, ikusi zen ETA Espainiako Gobernuarekin kontaktuan jartzea. Egin genituen saio batzuk Vatikanoarekin-eta, baina azkenerako Otegiri esan nion zergatik ez zuen lortzen berak ETAren gutun bat eta nik gobernuarena. ETArenak niri François Maitiak ematen zizkidan, eta nik hari gobernuarenak. Kartak autoan aurrealdeko aulki ondoan uzten nituen, eta behin Espainiako Poliziak geratu ninduen kontrolean. Ezagutu egin ninduten, eta ez zuten begiratu auto barrukoa. Hala, behintzat, ETA-gobernua lehen bilera finkatu zen, 2005eko ekainaren 21erako: Genevan, Wilson hotelean. Pello Rubio Txillarrekoarekin joan nintzen, haren autoan. Hotelean sartu, eta sarreran lo hartu nuen. ETAkoak ez ziren orduan azaldu, eta Henri Dunant zentrokoek arratsalderako jarri zuten bilera. Ordubetekoa izan zen, nik hurrengo egunean Eusko Legebiltzarrean egon behar nuelako, inbestidura saioan. Autoa hartu, eta hona. Gero bakarrik joaten hasi nintzen, lagun bati autoa eskatuta. Josu Urrutikoetxeak esaten zidan trena seguruagoa dela.

»Henri Dunantekoek Suitzan hoteletik hotelera eramaten gintuzten bilerak egiteko, eta normalki parkingetik sartzen ginen, misterio handiz eta une desberdinetan. Ez zuten esaten zer hotel zen, jakin ez genezan non geunden, baina nik beti hartzen nuen bertako oroigarri bat: poxpolo kaxa, boligrafoa… Beraz, badakit zein hoteletan egon ginen. Gero, Oslon beti hotel berean egon ginen, eta normal sartzen ginen barrura.

Josu Urrutikoetxearekin

»Josu Urrutikoetxearekin hasi nintzen biltzen, Genevan. Hura beti Jon Iurrebasorekin azaltzen zen; honek ordenagailua zeraman, eta oharrak hartzen zituen. Josuk eta biok lehen aldiz ikustean, bostekoa eman genion elkarri. Miguel moduan aurkeztu ninduten, eta Josu, George moduan; ez zen zentzuzkoa hori, ezagunak ginelako.

»Oslon Norvegiako Atzerri ministroa agertu zen behin, eta, aparte batean, esan zidan horrelako bilera askotan egon zela eta lehen aldiz ikusi zuela gobernuaren ordezkaria —alegia, ni— arropa plantxatu gabe, eta bestea, berriz, galtzak dena plantxatuta, jakarekin…

»Behin, Norvegiaren zerbitzu sekretuetako hegazkinean eraman gintuzten biok Genevatik Oslora.

»Josuk asko zaintzen zuen elikadura, eta kirola egiten zuen, lasterka. Madrilen esaten zuten gaixorik zegoela, nekatu egiten zela negoziazioetan eta horrelako istorioak, baina nik Rubalcabari esaten nion ondo ikusten nuela.

Negoziatu ez, kolaboratu

»Bileretako giroa oso ona zen. Josuk eta biok negoziatu baino gehiago kolaboratu egiten genuen, eta Henri Dunantekoak, harrituta. Giza faktorea tartean zegoen, haien ustez. Adin bertsukoak gara, aspalditik gaude kontu hauetan, euskaldunak gara… Norvegian elkarrekin bazkaltzen genuen, eta familiako kontuak-eta ateratzen ziren solasaldietan.

»Behin bakarrik haserretu ginen, Norvegian: egun batez oso berandu bukatu genuen afaria, hitzartutakoa ospatu baikenuen, eta neure gelara joan nintzenean, Rubalcabari deitu nion, eta esan zidan testuan zerbait aldatzeko; Josuk nirearen goiko solairuan zeukan gela, igo nintzen, jo nion atea eta azaldu nion aldaketa, eta haserretu egin zitzaidan, uste zuelako negoziazio teknika bat zela. Hurrengo egunerako bilera eskatu zion Henri Dunanti; elkarri esan genizkion gauzak orduan. Baina lortu genuen akordioa ixtea. 2005ean uztailaren 14an bukatu genuen aurreneko bilera saila. Frantziako festa delako daukat gogoan eguna.

»Bide orri bat osatzea zen helburua: Zapateroren adierazpena Euskadiko erabakiak errespetatzeaz; mahai politikoa eta teknikoa; ETAren su-etena; negoziazioan behatzaileak ere egotea...

Genevan gusturago

»Goizez biltzen ginen Genevan. Negoziatu orduan, eta arratsaldea, libre. Onak ziren baldintzak, beraz. Negoziatzen hasi ginenerako, dena buruan neukan; saiatu nintzen ETAk proposatuko zuena aurreikusten. Gainera, Suitzara joan aurretik, gatazken teoriak asko irakurrita nengoen. Arratsaldean oharrak-eta koaderno batean apuntatzen nituen. (...).

Rubalcabari mezuak

»Nik, gobernutik, Rubalcabarekin hitz egiten nuen. Baina ahal zen gutxien deitzen nion, eta ez nion dena kontatzen, beti nahi izaten zuelako gauza batzuk murriztea. T4koa [2006-12-30] baino lehenago abisatu nion zerbait gerta zitekeela, ETAko ordezkaritza berriak esan zidalako erantzuteko asmoa zutela. Zapaterok T4koaren bezperan adierazi zuen urtebete geroago hobeto egongo ginela… Gaizki informatuta zegoen.

Bukaera, eta hasiera

»ETAk 2006ko martxoan eman zuen su-etena; kostatu zitzaion. Gero ordezkaritza aldatu zuen, eta ikusten hasi ginen hura ez zihoala aurrera. Elkarri leporatzen genion akordioa bete ez izana.

»Nire ustez, T4koan bukatu zen prozesua, 2007an berriro Genevan bildu ginen arren. T4an hasi zen sortzen bakea. Ezker abertzalean eztabaida bat hasi zuten ETAri eskatzeko buka zezala. Poliziak ere egin zuen bere lana. 2011ko urrian bukatu zen ETA.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.