Udal hauteskundeak

Gasteizen EH Bildu izango litzateke nagusi, EITB Focus inkestaren arabera

EAJk irabaziko lituzke bozak Bilbon eta Donostian; bi hiriburuetan handituko litzateke jeltzaleen sostengua. Arabakoan, berriz, koalizio abertzaleak irabaziko luke botoetan.

jarraia166430.jpg
arantxa elizegi egilegor
2019ko maiatzaren 16a
19:45
Entzun

Gizakerrek EITBrentzat egindako inkestaren arabera, zazpi zinegotzirekin berdinduta geratuko lirateke EH Bildu eta EAJ Gasteizen. Botoetan, ordea, koalizio abertzalea izango litzateke nagusi, lau hamarren gehiagorekin —%23,5 eskuratuko lituzke EH Bilduk, eta %23,1EAJk—. Aldiz, antzera geratuko lirateke PSE eta Elkarrekin-Podemos, lau eta hiru zinegotzirekin, hurrenez hurren. Kolpea, berriz, Alderdi Popularrak hartuko luke, bederatzi eserlekutik bostera igarota eta botoen %19 eskuratuta —%30,2 lortu zituen duela lau urte—.

Bilbon, gehiengo osotik gertu geratuko litzateke Juan Mari Aburto jeltzalearen zerrenda, duela lau urte baino eserleku bat gehiago eskuratuta. Hala, botoen %42,5ekin, 13 zinegotzi izango lituzke EAJk. Bigarren indarra litzateke EH Bildu, botoen %16,1ekin eta bost eserlekurekin —lau eskuratu zituen 2015ean—. Bana irabaziko lukete PSEk —lautik bostera igaroko lirateke sozialistak— eta Podemosek —bitik hirura pasako lirateke—. Popularren kasuan, Gasteizen bezala Bilbon ere behera egingo lukete nabarmen, lau eserlekutik bira igaroz.

Azkenik, Donostian jeltzaleak izango lirateke garaile, duela lau urte baino bi eserleku gehiagorekin—bederatzitik hamaikara igaroko lirateke—, eta botoen %35,1 eskuratuta. Hemen ere EH Bildu izango litzateke bigarren indarra, botoen %23,1ekin eta zazpi zinegotzirekin —2015ean baino bat gehiago—. Bi eserlekuri eutsiko lieke Elkarrekin-Podemosek, eta bat galduko luke PPk —hirutik bira pasatuko litzateke—. Gipuzkoako hiriburuaren kasuan, Ernesto Gasco sozialistaren taldea irtengo litzateke galtzaile, zazpi zinegotzitik bostera igarota, eta botoen %18,9 lortuta —%24,9ra heldu ziren 2015ean—.

Maiatzaren 9tik 14ra 1.750 herritarri egindako inkestaren arabera, Ciudadanosek eta Voxek ez lukete ordezkaririk lortuko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiriburuetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.