Urrutikoetxearen atxiloketa

Sasi arteko negoziatzailea

ETA erakundean ibilbide luzea eginik, Josu Urrutikoetxeak konponbide prozesuan jardun du taldearen zuzendaritzatik. Bera izan zen maiatzaren 3an publiko egin zen ETAren azken komunikatuari ahotsa jarri zion bi kideetako bat.

jarraia166431.jpg
jon olano
2019ko maiatzaren 16a
07:49
Entzun

Josu Urrutikoetxearen historia (Ugao, Bizkaia, 1950) ETAren azken 30-40 urteetakoa da, neurri batean. Ingeniaritza ikasketak hasi zituen, baina ETAn sartu, eta ez zituen amaitu. Fakultatean eta erakunde armatuan kide izanik, harreman estua izan zuen Jose Miguel Beñaran Argala-rekin. Ipar Euskal Herrira ihes egin zuen, eta, informazio ugariren arabera, ETAren zuzendaritzan zegoen 1975erako. Frantziako Poliziak atxilotu, eta Porqueroll irlara deportatu zuen, baina aske geratu zen 1977ko amnistiaren ondorioz. Klandestinitatera jo zuen berriro, eta, 1980ko hamarkadaren hasierarako, ETAko ordezkari inportanteenetakotzat jotzen zuten.

Angelun atxilotu zuten berriro, 1989ko urtarrilean, Aljerko negoziazioak abiatzear zirela, eta Frantzian epaitu. Hamar urteko zigorra ezarri zioten. 1996an Espainiaratu zuten. Han, lau urte egin zituen behin-behineko espetxealdian, eta 2000ko urtarrilean utzi zuten libre. Espetxetik irten berritan, Euskaldunon Egunkaria-k elkarrizketatu zuen, eta, bertan, ez zion eperik jarri nahi izan gatazkaren konponbideari: "150 urte daramatzagu borrokatzen; gaur egun ukaezina da urratsak egin ditugula, ezker abertzalea borrokatu egin delako. Duela 20 urte marko juridiko-politiko honen alde apustu egin zutenek esaten dute hori pasatua dela. Ni ez nintzateke ausartuko eperik jartzen; borrokari ekin behar diogu, arrazoia dugulako eta lortuko dugulako, bai barruan eta bai kanpoan".

Orduan bete ahal izan zuen bere lekua Eusko Legebiltzarrean. 1998ko hauteskundeetan, Euskal Herritarrok-en zerrendan aurkeztu zen, eta Urrutikoetxea izan zen alderdiak lortutako hamalau legebiltzarkideetako bat. Berriro hautatu zuten 2001ekoetan. Legebiltzarreko jardunean, polemika sortu zuen hura Giza Eskubideen Batzordeko kide izateak, ETAn ibilbide luzea egina zuenez gero. Ez zuen denbora luzea egin karguan, ordea: 2002ko azaroan, berriro deitu zuten deklaratzera, 1987an Guardia Zibilaren Zaragozako kuartelaren aurkako erasoa agindu izana egotzita. 11 lagun hil ziren atentatu horretan. Ez zen azaldu auzitegian, eta harrezkero ibili da sasian. Beste modu batera, legebiltzarrean izan zen 2004ko abenduaren 30ean, Eusko Jaurlaritzak proposatutako estatutu proiektuaren eztabaidan. Arnaldo Otegi legebiltzarkideak haren gutun bat irakurri zuen; bertan, Urrutikoetxeak zioen "ezker abertzale osoa" gatazka konpontzeko bideak zabaltzearekin engaiatuta zegoela eta bide horiek bultzatzeko prest zegoela.

Elkarrizketa mahaian

1998ko urrian, preso zegoela, haren izena proposatu zion ETAk Espainiako Gobernuari bake negoziazioetarako mintzaide gisa. Bide motza egin zuen aukera hark, baina 2002an alde egin, eta 2005eko ekainean ETAko ordezkari gisa azaldu zen Genevako negoziazio mahaian. Haren eta Egigurenen arteko solasaldiek ekarri zituzten emaitza batzuk, horrela iritsi baitzen ETA 2006ko martxoan su-etena ematera. Urte horretako irailaren bukaeran Genevan eginiko bilera, ordea, Urrutikoetxearen azkena izan zen, eta Xabier Lopez Peñaren aurrenekoa. Bigarrenak hartu zuen gidaritza hortik aurrera.

Elkarrizketa saio horiek porrot egin zuten, baina, ETAk 2011ko urrian jarduera armatuaren behin betiko etena iragarri ostean, Urrutikoetxeak hilabeteak eman zituen Oslon, David Pla eta Iratxe Sorzabalekin batera, Espainiako Gobernuaren ordezkaritza baten zain, gatazkaren ondorioen inguruan hitz egiteko. Mintzaiderik agertu ez, eta Norvegiatik egotzi zituzten. 2017ko ekainean, Parisko Auzitegiak zortzi urteko zigorra ezarri zion auzi ihesean, 2011-2013 artean Norvegian izan eta ETAko egitura politikoan parte hartzea egotzita.

Harrezkero, Espainiako segurtasun indarrak haren bila ibili dira "gau eta egun", Francisco Martinez Espainiako Segurtasun idazkariak adierazi zuenez. "Erabateko lehentasuna" eman zion hura atxilotzeari. 2013an esan zuen hori, Urrutikoetxea atxilotzera joan eta topatu ez zutenean.

ETAk iazko maiatzaren 3an egin zuen publiko bere desegitea, eta talde armatuaren azken adierazpenaren ahotsetako bat izan zen Urrutikoetxea, Marixol Iparragirrerekin batera.

[youtube]https://youtu.be/U9T-AP2itF4[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.