Urrutikoetxearen atxiloketa

"Bake prozesua saboteatu" nahi dutela salatu du EH Baik iluntzeko protestetan

Baionako elkarretaratzea. EH BAI.
2019ko maiatzaren 16a
07:05
Entzun

"Frantziako eta Espainiako estatuek atxiloketa honekin erakusten digute bake prozesua saboteatu nahi dutela". Anita Lopepe EH Bairen bozeramaileak "fermuki salatu" du Josu Urrutikoetxearen atxiloketa, Baionan egindako elkarretaratzean. "ETAren disoluzioaren urtemugaren biharamunean honelako gertakari bat ulergaitza zaigu. Urrutikoetxea eta beste bi lagunak berehala aska ditzaten exijitzen dugu". Baionan ez ezik, Donibane Garazin eta Maulen ere egin dituzte bilkurak.

Izan ere, EH Baiko kideek nabarmendu dutenez, Urrutikoetxeak "paper aktibo bat izan du azken urteetan eraikitako bake prozesuan, elkarrizketaren bitartez irtenbide politikoa bilatuz gatazka politikoari. Bakearen apustuaren aldeko erreferente nagusietariko bat izan da ETAn". Horren adibide gisa, desegitea iragartzeko agiria ere berak irakurri zuela gogorarazi dute.

Atxiloketa "erabaki politikoa" izan dela kritikatu du Lopepek, eta ohartarazi du "oraindik ere badela gatazka eta bere konponbidea etekin politikoa eta elektorala erdiesteko helburua duenik". Hala, Miramar jauregian EH Bildurekin batera egindako adierazpena gogora ekarriz, berretsi du "konpromisoa eta ardura" hartu dutela "bakea zein bizikidetza demokratikoa eraikitzeko".

Larunbatean, manifestazioa

Sortuk ere elkarretaratzera deitu ditu herritarrak, arratsalderako, atxiloketa salatu eta "bakearen eta askatasunaren aldeko apustu irmoa" berresteko. Horra, esaterako, Iruñean, Larrabetzun (Bizkaia) eta Oiartzunen (Gipuzkoa) egindako protestak:

Larunbaterako, berriz, manifestazio batera deitu du Sortuk Ugaon (Bizkaia), 18:30ean, Urrutikoetxearen jaioeterrian. Bakea eta askatasuna irabaztera, Josu eta besteak askatu lelopean egingo dute mobilizazioa.

Azkenik, maiatzaren 26ko bozetan EH Bildu bozkatzera deitu du, "bakearen eta askatasunaren aldeko apustua" babesteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.