Polizia operazioa

Funosas: "Iraganari lotu nahi gaituen ekimena da"

Orain arteko bideari eusteko deia egin du Bake Bideako presidenteak. Bestetik, polizia operazioak testuingurua "konplikatzen" duela nabarmendu du Vincent Bru Modemeko diputatuak.

Anais Funosas, Bake Bideako burua, urtarrileko argazki batean. /
Anais Funosas, Bake Bideako burua, urtarrileko argazki batean. / Bob Edme

Ekhi Erremundegi Beloki -

2019ko maiatzak 16

Anaiz Funosas Bake Bideako presidenteak erabat gaitzetsi du Josu Urrutikoetxearen atxiloketa. "Iraganari lotu nahi gaituen ekimena da. Aietez geroztik herri honen gehiengoak adierazi du bake prozesuaren perspektiban aitzinatzeko borondatea. Haatik, bi estatuak ez dira bake prozesuari manera baikor eta arduratsuan erantzuten ari".

Goizeko lehen orduan atxilotu dute Josu Urrutikoetxea ETAko buruzagi politikoa izandakoa, Frantziako Alpeetan. Frantzia eta Espainiako segurtasun indarrek egindako polizia operazioan egin dute atxiloketa. Sallanches herriko ospitalera bidean zihoala atzeman dute. 

Aste honetan Euskal Herriko ordezkaritzarekin eman duten prentsaurrekoa ekarri du gogora. "2019a mugarri bat izatea espero dugula erran dugu. Guretzat onartezina da gaurko atxiloketa". Eragile gehienek bide bat egin dutela eta urrats esanguratsuak egin dituztela azpimarratu du. "Joan den urtetik eszenatoki berri baten aitzinean gaude. Eta guk, orain arte hartutako engaiamendua berretsi nahi dugu. Hartu dugun bidea atzeraezina da. Aitzina segituko dugu"

Prentsaurrekoan, laster urratsak espero dituztela adierazi zuten Euskal Herriko ordezkaritzako kideek. Funosasen hitzetan gaurko polizia operazioak erakusten du estatuaren baitan ere botere gune ezberdinen arteko indar harremana dagoela. "Antiterrorismoak botere handia du eta bere bidetik darama jarduera. Prentsaurrekoan ere erran genuen kezkatuak garela eta ez dugula ulertzen terrorismoaren kontrako fiskaltzak duen jarrera". Hala ere, uste du ez duela Justizia Ministerioarekin abiatutako elkarrizketa kolokan jartzen eta ekainaren 7 eta 8an antolatu dituzten ekitaldietan parte hartzera deitu du. "Gaurkoak erakusten du nor diren bake prozesuaren etsaiak".

Vincent Bru Modemeko diputatuaren hitzetan "normala" da Frantziako justiziak ekintza bortitzetan parte hartu duen pertsona bat bila dezan. "Ez dago agindu politikorik justizia gelditu dadin, Justizia independentea da". Hala ere, gogora ekarri du Urrutikoetxea izan zela ETAren desegitearen agiria irakurri zuena, eta aitortu du atxiloketak "gauzak konplikatzen" dituela. "Bakearen eraikitze prozesu batean gaude, eta presoen auziari konponbidea aurkitu nahi diogu".

Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak Justizia Ministerioarekin abiatutako elkarrizketetan intzidentziarik izango ez duela espero du Bruk, eta berretsi du desmartxarekin segitu behar dela. Azken bilkura "eraikitzailea" izan zela adierazi du eta ekainerako neurriak espero dituztela, DPS estatusen kentzean, eta presoen hurbiltzeetan. "Aitortzen dut egoera aldatu izanik nahiko genukeela Frantziako Gobernuaren eta justiziaren jarrera ere aldatu dadin. Nahiko genuke Euskal Herrian egiten den lana kontuan hartu dezaten".

Frantziako Barne ministro Christopher Castanerrek ere bide beretik jo du, Espainiarekiko elkarlana goraipatuz. "Fernando Grande Marlaskarekin mintzatu naiz telefonoz", idatzi du Twitterren: "Terrorismoaren kontrako gure zerbitzuen elkarlan eraginkorrak Josu Ternera ETAko buruzagi ohiaren atxiloketa ahalbidetu du".

Sophie Bussiere EELVko Ipar Euskal Herriko koordinatzaileak ez du ikuspegi bera agertu, eta biktimak eta presoak izan ditu gogoan: "Frantziako eta Espainiako estatuek ez dute bake prozesua kontuan hartzen... Baldintzapeko askatasunen errefusatzeek eta atxiloketek segitzen dute. Anakronikoak dira. Justizia transizional bat ezartzea ezinbestekoa da".