Nafarroa

Iruñeko auzoetako armarriak ere kanpainan sartu dira

Zeresana eman du Twitterren Iñaki Iriarte UPNko parlamentariaren txio batek. EH Bilduri egozten dio "laguntxoen sozialismoa" egitea, Buztintxuri eta Mendillorriko armarrietan ageri den arrano beltzari erreferentzia eginez.

jarraia166582.jpg
2019ko maiatzaren 20a
12:21
Entzun

Buztintxuri eta Mendillorriko armarriak ageri dira Iñaki Iriarte UPNako parlamentariaren txioan. Politikariak zuzenean esaten ez badu ere, EH Bilduren gain jartzen du armarri horien egiletza, eta "laguntxoen sozialismoa" egitea egozten dio alderdiari, bi irudietan arrano beltza ageri dela eta.

Txioa, ordea, ez da oharkabean igaro sarean. Erabiltzaileek berehala erantzun diote Iriarteri gogoraraziz 2015eko hauteskundeen aurretik egin zirela bi armarri horiek Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidente zela, eta, beraz, koalizio abertzalea Iruñeko alkatetzara heldu baino lehenago.

Elur Abertzale gisa sinatzen duen erabiltzaileak azaltzen dio Iriarteri nola egin zen armarrien aukeraketa. Haren arabera, 2015eko maiatzaren 8an zazpi proposamen aurkeztu zituzten Buztintxuri auzoko armarrirako, eta bozketa hilaren 23an egin zen, udal hauteskundeak baino egun bat lehenago. Azkenean, Iriartek bere txioan jasotakoak irabazi zuen. Auzoko gazte batek egina zen, eta jaietan suziria botatzea izan zen haren saria.

Erabiltzaile horrek berak gogorarazten dio UPNko parlamentariari armarriena ez dela ohitura berria, eta ohikoa dela jai batzordeenak diren irudiak gerora auzoko ikur bilakatzea. Horren adibide gisa jartzen ditu Iruñeko zortzi auzotako armarriak, horietako gehienak Nafarroan horren zabaldua dagoen arrano beltzaren irudiarekin.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.