TORTURA

Gorka Lupiañez torturatu egin zutela ebatzi du Nazio Batuen Erakundeak

NBEko Giza Eskubideen Batzordeak frogatutzat jo du Lupiañez presoaren tortura salaketa, eta ebatzi Espainiak haren giza eskubideak urratu dituela.

Gorka Lupiañez duela hamar urte, bere aurkako epaiketan. FERNANDO ALVARADO, EFE
jon olano
2019ko maiatzaren 20a
07:12
Entzun

Genevan dauka egoitza Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak, eta hemezortzi aditu independentek osatzen dute. Horiek eman dute Lupiañezi buruzko ebazpena, eta Espainiari eskatu diote biktimari justizia eta erreparazioa emateko. Era berean, estatuari galdegin diote utz diezaiola inkomunikazio aldia ezartzeari, horrek "torturarako testuinguru egokiagoa ahalbidetzen duelako".

Besteak beste, batzordeak aintzat hartu du Lupiañezek bere atxiloaldian gertatutakoari buruzko "deskribapen zehatza eta koherentea" egin zuela, eta baita haren egoerari buruzko txosten medikoa ere; horretan ageri zen Lupiañezek lotura markak zituela, urduri zegoela, hematoma bat zeukala zakilean eta ultzerak ezpainetan, afoniaz gain. Batzordeak txostenean jaso du estatuak ez zuela inolako azalpenik eman mediku txostenean jasotakoen inguruan.

Hori horrela, adituek ebatzi dute, Guardia Zibilak Lupiañezi emandako tratuarekin, Espainiak Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren zazpigarren artikulua urratu zuela. Orain, batzordeak espero du Espainiak sei hilabeteko epean txosten bat helaraztea, jakinaraziz zer neurri hartuko dituen NBEk ebatzitakoa zuzentzeko. Boto partikularra eman du Jose Santos Pais aditu portugaldarrak.

2007an atxilotua

2007ko abenduaren 6an atxilotu zuten Gorka Lupiañez Mintegi, PSOE Espainiako Gobernuan zegoela; Madrilgo polizia etxe batean inkomunikatuta igaro zituen bost egunetan tortura gogorrak, tratu txarrak eta bortxaketa jasan zituela salatu zuen.

Espainiako Auzitegi Nazionalak 50 urteko espetxe zigorra ezarri zion apirilean Gorka Lupiañez euskal presoari, ETAk 2007an atentatu bat egin zezan furgoneta bat lapurtu eta familia bat bahitzea egotzita. 2007tik preso dago.

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ez zuen ontzat hartu Lupiañezen tortura salaketa; bai, ordea, NBEk. "Tortura ezin da justifikatu ezein kasutan, ezta segurtasun nazionaleko arrazoiengatik ere", azaldu du Tania Abdo Rocholl NBEko Giza Eskubideen Komiteko kideak. Halaber, batzorde horrek eskatu du tortura salaketak "berehala" eta "modu inpartzialean" ikertzeko.

1966an onartu zuten Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna, eta 1985ean egin zuen bat harekin Espainiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.