Musika

Amaitu dira sarean Berri Txarrak taldearen sarrerak, ekainaren 21ean Donostian emango duen kontzerturakoak

11:30ean jarri dituzte sarrerak salgai, eta ordu laurden eskasean saldu dira denak. Adarra saria jasoko du taldeak egun horretan.

Berri Txarrak taldea, joan den astean, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Berria
2019ko maiatzaren 21a
13:54
Entzun

Atzo jakinarazi zuten aurtengo Adarra saria —Donostiako Udalak artista baten musika ibilbidea aitortzeko ematen duen saria— Berri Txarrak taldearentzat izango dela, eta gaur 11:30ean jarri dituzte taldeak ekainaren 21ean Viktoria Eugenia antzokian emango duen kontzerturako sarrerak; 11:45erako, baina, denak salduta zeuden.

Juan Gonzalez Andres kazetariak, Etxepare Institutuko zuzendari Irene Larrazak eta Donostia Kulturako Jaione Askasibarrek osatutako batzordeak musika taldearen «ibilbide artistiko eta profesionala» eta Euskal Herrian zein atzerrian «publikoarengan duen eragin izugarria» hartu ditu kontuan saria emateko, prentsa oharrean zehaztu dutenez: «Berri Txarrak-en emanaldiek arrakasta handia izan dute herrialde askotan, eta taldeak milaka jarraitzaileri eskaini dizkie kontzertuak bost kontinenteetako agertokietan».

[youtube]https://youtu.be/cXWjWzeNtO8[/youtube]

Horrez gain, jakinarazpenean nabarmendu dutenez, kontuan hartu dute taldeak musikarekiko eduki duen dedikazioa eta euskal kulturarekiko izandako «ardura eta errespetua» ere.

David Gonzalezek (baxua), Galder Izagirrek (bateria) eta Gorka Urbizuk (ahotsa eta gitarrak) osatzen dute Berri Txarrak taldea. Ez ditu beti kide berak izan, baina. Lekunberrin (Nafarroa) sortu zutenean, 1994an, Aitor Goikoetxea (bateria), Mikel Lopez Rubio (baxua) eta Aitor Oreja (gitarra) zituen Urbizuk taldekide. Mende laurdeneko ibilbidean, zortzi disko eta disko hirukoitz bat eman dituzte argitara, eta iazko abenduan jakinarazi zuten «etenaldi mugagabea» egingo zutela beren ibilbidean. Ordutik, Ikusi Arte Agur biran ari dira, eta sarrerak berehalakoan amaitzen dituzte, eta neurri guztietako aretoak bete.

Joan den astean jakinarazi zuen taldeak uztailaren 14an kontzertu berezi bat emango duela Bilbon, Kobetamendin.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.