Noiz sortua: 2019-05-15 00:30:00

Zaleak eta lagunak batzekoa

Berri Txarrak taldea hamabost lagunekin izango da uztailaren 14an Kobetamendin egingo duen saioan. El Drogas, Iseo, David Ruiz, Aiora Renteria eta Matxet dira horietako batzuk
Berri Txarrak taldeko kideek agerraldia egin zuten atzo, Bilboko Kobetamendin egingo duten kontzertuaren xehetasunak emateko.
Berri Txarrak taldeko kideek agerraldia egin zuten atzo, Bilboko Kobetamendin egingo duten kontzertuaren xehetasunak emateko. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2019ko maiatzak 15

«Ez dakit nola iritsiko garen, ezta iritsiko garen ere». Umoretik heldu dio Gorka Urbizu Berri Txarrak taldeko abeslari eta gitarristak. AEBetara bidea hartzeko zorian dira taldekideak, ostiraletik hilaren 23ra bitarte sei kontzertu emango baitituzte bertan. Mexikora egingo dute gero. Daramaten martxaren lagin bat da datorren asterako taldeak duen agenda, atsedenik hartu gabe baitabiltza «etenaldi mugagabea» egingo zuela iragarri eta Ikusi Arte Tour 2019 bira abiatu zutenetik. Euskal Herrian iragarritako emanaldi guztietako sarrerak bukatuta daude jada, bakarrekoak salbu: uztailaren 14an Bilboko Kobetamendin egingo duen saiokoak. «Berri Txarrak Euskal Herrian ikusteko dagoen aukera bakarra da». Urbizuk aitortu du ikuskizun berezia izango dela Kobetamendikoa, hamabost musikari ingururen kolaborazioak izango dituztelako tartean. Bost izen aurreratu dituzte, oraingoz: Enrique Villarreal El Drogas, Leire Villanueva Iseo, David Ruiz, Aiora Renteria eta Iñaki Altolagirre Matxet. Egunari buruzko xehetasunak azaltzeko agerraldia egin zuten atzo, Bilboko Kafe Antzokian.

Azken birako kontzertuen sarrera salmenta «erotzekoa» izan dela azaldu du Urbizuk, eta Nafarroa Arenan azaroaren 24an egin behar duten azken emanaldiarekin gertatutakoa jarri du adibide gisa: sarrera guztiak minutu gutxi batzuetan saldu zituztenez, aurreko egunean beste kontzertu bat antolatzea erabaki zuten. «Taldea ikusteko zegoen eskaera ikusita, pentsatu genuen inork sarrerarik gabe geratu behar ez lukeen kontzertu bat egin behar genuela». Ezohiko ikuskizun bat egin nahi dute, horregatik, Bilboko Kobetamendin, BBK Live jaialdiaren azpiegitura aprobetxatuz. Emanaldi «bakana» prestatzen ari dira. «Aparteko zerbait eskaintzeko, miresten ditugun musikariekin eta lagun artean izango gara agertokian».

Abeslariak aitortu du taldea ez dela inoiz kolaborazioak egitearen zale izan, eta horrek ere egiten duela berezi Kobetamendiko kontzertua. «1.000 emanaldi baino gehiago egin ditugu, eta halako zerbait prestatzen dugun lehen aldia da». Zuzenean edo zeharka Berri Txarrak-ekin harremana izan duten artisten laguntza izango dute Kobetamendin. «Ahalegin berezia egiten gabiltza ikusleak ere izan dezan aukera bestelakoa den zerbait ikusteko».

«Lagunen artean»

Oraindik ere kolaboratzaileen zerrenda prestatzen dabiltzala aitortu du Urbizuk, baina, iragarri duenez, hamabost lagun ingurukoa izango da zerrenda. Momentuz, bost izen egin dituzte publiko. «Guretzat erreferenteak diren edo miresten ditugun egileak dira». Enrique Villarreal El Drogas aipatu du lehenik. «Errespetu handia diogu». Leire Villanueva Iseo musikaria ere izango da oholtzan. «Bere kantuak ingelesez izanagatik ere, asko miresten dugu».

Aiora Renteria Zea Mays taldeko abeslaria izan da Urbizuk jaurti duen hirugarren izena. «Euskal musikagintzak eman duen ahotsik ederrenetako bat da. Kontzertua Bilbon izanda, garrantzitsua iruditzen zitzaigun Zea Mays taldea gurekin egotea». Belaunaldi berekoak dira talde biak. «1990eko hamarkadaren bigaren erdialdean sortu ginen bi taldeak, eta hamaika bider izan gara agertokian elkarrekin». La M.O.D.A. musika taldeko David Ruizen laguntza ere izango du talde nafarrak. «Sarritan esan du Berri Txarrak taldearen zale amorratua dela. Fokuetatik aparte sortutako talde bat da, eta bere taldean ere kolaboratu dut».

Iñaki Altolagirre Matxet da Urbizuk aipatu duen azken musikaria. «Aspaldikoa da gure arteko harremana». Sega Saund Killers, Jousilouli eta Naizroxa taldeetan aritutakoa da Matxet; eta, besteak beste, Berri Txarrak taldearen Eskuak Ukabilak (2001) laneko Mundua begiratzeko leihoak abestian parte hartu zuen. «Ipurtarin hutsa da, proiektu interesgarrietan sartuta dago beti». Bost musikari horiez gain, hamar bat gehiago izango direla azaldu du Urbizuk.

Kontzertutik harago

Taldearen emanaldiaz haragokoa izango da uztailaren 14ko ekitaldia, eta taldekideek zehaztu dute arratsaldeko egitaraua prestatzen ari direla. 16:00etan zabalduko dituzte ateak, eta 20:30ak bitarte eskaintza kultural «oparoa» izango dela azaldu du Urbizuk. «Kultur eskaintza zabala biltzea nahi dugu, ez dadin Berri Txarrak-en eta gonbidatuen arteko emanaldi soila izan». Antzerkia, bertso saioak, dantza emanaldiak eta musika saio laburrak izango dira, besteak beste, arratsaldean zehar.

Kontzertua, berriz, 21:00etan hasiko da, eta, asko jota, 00:00ak iraungo du saioak. «Jende asko bilduko gara oholtzan, eta luze joango da. Baina saiatuko gara hiru ordu baino gehiagoz ez luzatzen». 10.000 sarrera saldu ziren salgai jarri eta zortzi ordura, baina «guztientzako» tokia dagoela azpimarratu dute gaur. 35 euroan eskuratu daitezke, www.berritxarrak.net webgunean. Haurrentzako prezio bereziak jarri dituzte: 3 urtera bitarteko umeek euro bat ordaindu beharko dute sartzeko, eta 3 eta 11 bitartekoek, aldiz, zortzi.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 26an eguneratua, 20:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan zazpi pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, 11 positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta lau gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 28.634 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.027 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Berra adinekoen egoitza. ©JON URBE / FOKU

Ekainaren 8tik egin ahalko dira bisitak Gipuzkoako zahar etxeetan

Berria

Egoiliar bakoitzeko senide bakarra joan ahal izango da bisitan, eta segurtasun neurriak zorroztuko dituzte. Gipuzkoako zahar etxeetan 167 pertsona hil dira izurria hasi zenetik; gaur egun 22 eri daude, bi egoitzatan.

Maiatzaren 11an igaro zen lehen fasera Hegoaldea ©Marisol Ramirez, Foku

Hegoaldea lehen fasera igaro izanaren arrazoiak eman ditu Espainiako Gobernuak

Ainhoa Larretxea Agirre

Espainiako Osasun Ministerioak zehaztu du egoera epidemiologiko «ona» izan dela Nafarroa pasatzeko arrazoia; Osakidetzak pazienteak artatzeko duen «gaitasun handia», berriz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa igarotzekoa. Maiatzaren 11n aldatu zen lehen fasera Hegoaldea.

Txagorritxu ospitaleko laborategiko irudi bat. ©Gorka Rubio / Foku

Datuen peskizan (eguneko laburpena)

Pello Urzelai

Beste zazpi pertsona gehitu behar dira koronabirusarekin hildakoen zerrendara. Bost EAEn, bi Nafarroan. PCR bidezko 11 positibo berri agertu dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna