Igoera ospatzeko bira egin du Osasunak, Iruñeko kaleetan barrena

Sadar estadiotik irten da taldea sabairik gabeko autobus batean 17:30ean. Uxu Barkos Nafarroako jarduneko lehendakariak harrera egin dio taldeari, eta Joseba Asiron Iruñeko jarduneko alkatear ere hartu du taldea ondoren. San Ferminen kaperan amaituko dute bira.

Osasunako jokalariak, Nafarroa Jauregiaren balkoian, zaleak agurtzen. AINHOA LARRETXEA AGIRRE, @AINHOAA8
2019ko maiatzaren 21a
07:39
Entzun

Atzoko ospakizunen ondotik, Lehen Mailara igo dela ospatzen jarraituko du gaur Osasunak. Bira bat egiten ari da Iruñeko kaleetan barrena, lorpena zaleekin batera gozatzeko. Ospakizunak izaera formala ere izan du gaurkoan. Talde gorritxoari harrera egin diote Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak. Bira amaitzeko, San Fermini eskerrak emango dizkiote jokalariek, santuaren kaperan.

Taldea 17:30ean abiatu da Sadar futbol zelaitik, sabairik gabeko autobus batean. Zaragoza etorbidetik egin du aurrera, eta 18:00ak pasata iritsi da taldea Nafarroa Jaurregira.

Bertan, harrera egin die Uxue Barkos Nafarroako jarduneko lehendakariak. Ondoren, jauregiko balkoira irten dira jokalariak, zaleak agurtzera.

Gobernuaren egoitzatik, Sarasate pasealekua hartu eta Kale Berritik sartu da taldea Alde Zaharrera, Iruñeko udaletxeraino. 19:15ean, Joseba Asiron jarduneko alkateak hartu ditu jokalariak. Udaletxeko balkoira irtengo dira segidan. Sekulako jendetza aurkitu dute zain. Sanferminetako giroa aurreratu du talde gorritxoak hirian.

Azkenik, Kale Nagusitik barrena, San Ferminen kaperara joango dira, santuari eskerrak ematera. 21:00etan izango da hori.

Bira amaitutakoan, jokalariak, talde teknikoa, zuzendaritza eta langileak afari ofiziala egingo dute hiriko hotel batean.

Osasunak eta haren zaleek ez dute gaur arte itxaron igoera ospatzeko. Atzo, Iruñeko Gaztelu plazan bildu ziren milaka jarraitzaile, igoera matematikoki ziurtatu zuen Albaceteren eta Granadaren arteko partida amaitu bezain laster. Bertan itxaron zioten taldeari. Jokalariak, talde teknikoa eta zuzendaritza iritsi orduko, kantu eta oihuek hartu zituzten Iruñeko kaleak.

Hautagaiak, gorritxo

Oraingoan, hauteskunde kanpaina betean iritsi da Lehen Mailarako jauzia, eta talde nafarraren lorpena ez zaie oharkabean pasa indar politikoetako hautagaiei.

Uxue Barkos Nafarroako jarduneko lehendakari eta Geroa Bairen zerrendaburuak zale gorritxo guztiak zoriondu ditu "merezitako" igoerarengatik.

Joseba Asiron Iruñeko jarduneko alkateak berriro ere Lehen Mailara igo direlako zoriondu ditu gorritxoak. "Lehen Mailakoak gara, taldea, zaleak eta hiria ere lehen mailakoak direlako".

Javier Esparza Navarra Suma koalizioko zerrendaburuak eskerrak eman dizkio taldeari, "denboraldi historiko" batekin zaleak gozarazteagarik. "Osasuna Lehen Mailakoa da berriz, eta Nafarroa futbol profesionalaren elitera itzuli da. Beti sinistu dugu gure klubean, eta beti babestu dugu; une gozoetan eta garratzetan. Aupa Osasuna!" idatzi du bere Twitter kontuan.

Bakartxo Ruiz EH Bilduren lehendakarigaiak ere Osasuna zoriondu du, eta koalizioaren hauteskundeko leloa baliatu du, EH Bilduk bere buruari egokitu dion izenondoa talde gorritxoari ere jartzeko: #Geldiezina traolarekin bidali du zorion mezua.

Maria Txibite PSNko idazkari nagusi eta alderdiko hautagaiak nabarmendu du ongi egindako lanak bere uzta izan duela azkenean. Hark ere hauteskunde leloa erabili du Osasunaren garaipena ospatzeko: "Posible egin duzue. Txapeldunak!".

Ahal Dugu-ko lehendakarigai Mikel Builek ere Osasuna zoriondu du Twitterreko bere kontuan. "Lehen Mailara! Orain zaleekin ospatzera", idatzi du.

Marisa de Simon Ezkerrako zerrendaburuak igoera ospatzera deitu du "familia osasunista".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.