Mendebaldeko Sahara

Dimisioa eman du NBEren Mendebaldeko Sahararako ordezkariak

Duela bi urteko abuztuan hartu zuen kargua Horst Koehlerrek; tarte horretan, bitan bildu ditu Marokoko eta Mendebaldeko Saharako ordezkariak. Osasun arrazoiak argudiatuta utzi du kargua.

Horst Koehler martxoan, Suitzako goi bileraren ostean eskainitako prentsaurrekoan. VALENTIN FLAURAUD, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko maiatzaren 23a
13:07
Entzun

Karguan jardun duen ia bi urtean Mendebaldeko Saharako gatazka kopontzeko ahaleginak egin ditu Horst Koehlerrek. Alemaniako kantziler izandakoak 2017ko abuztuan hartu zuen NBEren Sahararako ordezkari kargua, eta, geroztik, bi alditan lortu du bi aldeak, Mauritania eta Aljeriarekin batera, biltzea. Baina 76 urterekin dimisioa ematea erabaki du Koehlerrek, osasun arazoiak argudiatuta.

Erabakia ontzat eman dute alde guztiek. NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresek eskerrak eman dizkio orain arte egindako lanarengatik eta, batez ere, Mendebaldeko Saharari buruzko prozesuan "oinarri berriak" jartzeagatik. Berdin egin du Marokok ere, eta aukera baliatu du gogorarazteko autonomian oinarritutako "irtenbide erreal eta dostu baten alde" dagoela.

Fronte Polisarioak ohar batean txalotu du Koehlerrek egindako lana, eta hark hasitakoa jarraituko duen ordezkaria "berehala" izendatzeko eskatu dio NBEko idazkari nagusiari. "Ez dadila haren dimisioa erabil joan den abendutik egindako urratsak bertan behera uzteko. Oraindik ere sinesten dugu borondate politikoarekin eta NBEren Segurtasun Kontseiluaren laguntzarekin gure esku dagoela saharar herriaren autodeterminazioa ahalbidetuko duen irtenbide justu eta iraunkorra topatzea".

Martxoan bildu ziren azken aldiz Polisarioa eta Maroko Koehlerren bitartekaritzarekin. Elkarrizketekin jarraitzea adostu zuten Suitzan egindako bilera hartan bi aldeek, nahiz eta bakoitzak bere jarrerari eutsi: autonomiari Marokok eta autodeterminazio eskubideari Fronte Polisarioak. "Inork ezin du espero berehalako emaitzak lortzea, jarrera asko guztiz aurkakoak baitira oraindik", azaldu zuen ordu hartan Kohlerrek. "Baina batak besteari entzun dio, eta, eztabaidak dauden arren, pauso garrantzitsua da konfiantza sortzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.