Justizia feministaz eztabaidatzeko jardunaldia antolatu du Foro Sozialak

Datorren larunbatean egingo dute jardunaldia, Bilbon, Foro Sozial Iraunkorreko Genero Lantaldeak eta Justizia Feminista Mintegiak antolatuta.

Foro Sozial Iraunkorraren agerraldi bat, otsailean. JON URBE, FOKU
2019ko maiatzaren 25a
15:26
Entzun

"Zer da justizia guretzat? Zein da eta nolakoak izan beharko lukete justiziaren kontzeptuak eta ereduak guretzat? Nondik has gaitezke berau eraikitzen?". Galdera horiek ardatz hartuta, justizia feminista izango dute eztabaidagai ekainaren 1ean, Foro Sozialak antolatutako jardunaldietan. Emakumeentzako saioak izango dira, eta Bilboko Arrupe Etxean egingo dituzte, egun osoan zehar. 10:15ean hasi eta 19:00etan amaitzea aurreikusi dute.

Zehazki, Foro Sozial Iraunkorreko Genero Lantaldeak eta Justizia Feminista Mintegiak antolatu dute jardunaldia. Foro Sozialak azaldu duenez, 2017an jarri zuten martxan  ikuspegi feministatik eragiteko asmoz sortutako lan taldea, eta urrian egindako Nik sinisten dizut. Emakumeen egia aitortu ekimena mugarri izan zen "bakegintzaren eraikuntza kolektiboan feminismotik eragin nahi dugunontzat".

Justizia feministaren inguruko galderei erantzuteko, Justizia Feminista Mintegia sortu dute aurten, esparru askotako emakumeak bilduta. Mugimendu feministan ari diren kideak nahiz eremu ezberdinetan feminismotik eragiten ari direnak, gatazka armatuaren ondorioak landu eta "bakearen eraikuntzan" dabiltzan eragileak, herri mugimenduetakoak eta lankidetza eta zuzenbide arlokoak ari dira lanean mintegi horretan. "Mintegi honetan kezka, gogoeta eta jakintzak partekatu ditugu: justizia patriarkal eta punitiboari egindako kritika feminista, testigantzen balioa, biktima izaera eta rola prozesuetan, errestaurazio justizia, birgizarteratzea, ez errepikatzeko bermeak, komunitatearen rola gatazken kudeaketan...".

Hausnarketak horiek partekatu eta sakontzeko antolatu dute datorren larunbateko jardunaldia. Estibaliz de Miguel soziologoa, Bego Casado jurista, Nagore Larrazabal ikerlaria, Ainhoa Narbaiza eta Marta Luxan Joxemi Zumalabe fundazioko kideak eta Ainara Esteban Egiari Zor taldekoa arituko dira hizlari, besteak beste. Parte hartzeko, izena eman behar da aurrez, Foro Sozialaren webgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.