Nafarroa

Aldaketaren alde egiteko eskatu dute lauko gobernuko kideek

Goizean bozkatu dute presidentetzarako hautagaiek Nafarroan.

jarraia166881.jpg
2019ko maiatzaren 26a
01:45
Entzun

Iruñean bozkatu du Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteak eta bertatik egin die herritarrei bozkatzera joateko deia ere. "Etorkizuna elkarrekin" eraikitzeko aukera baliatzeko eskatu die, eta era horretara duela lau urte hasitako bideari eutsi ahal izango diotela. 2015ean hasitako "proiektu eder bat" dela gogorarazi du Geroa Baiko presidentegaiak, baina hura berresteko herritarren babesa nahitaezkoa dela nabarmendu du.

Parte hartzea zenbat eta altuagoa izan, aurrera egiteko bermeak ere sendoagoak izango direla adierazi du Barkosek, eta erronkak handiak eta zailak izango direla aitortu duen arren, aukerak ere asko izango direla gogorarazi du. "Parte hartze osasuntsua eta handia lortzea da gizarte demokratiko baten adierazle hoberena. Hortik aurrera, herritarren babesa lortu nahiko nuke aurrera egin ahal izateko".

EH Bilduko presidentegai Bakartxo Ruizek ere botoa emateko deia egin die herritarrei: "Azken lau urteetako aldaketa berretsi behar dugu gaurko bozetan, eta horretarako oinarrizkoa da heritarren babesa". Iruñeko Patxi Larrainzar eskolan bozkatu du Ruizek.

Aldiz, Ahal Duguko hautagaiak ez dio aipamenik egin aldaketaren gobernuari. Horren ordez, Mikel Builek adierazi du datorren legealdiko lehentasunak aukeratuko dituztela herritarrek gaurko botoarekin eta bozkatzera joateko deia egin die bereziki gazteei, emakumeei eta egonkortasunik gabeko egoeran dauden herritarrei: "Guk badugu beraientzako proiektu bat".

Parte hartzeko deia egin dute Maria Chivite hautagai sozialistak eta Navarra Sumako Javier Esparzak ere. "Erantzunkizunez" jokatzeko deia egin die Esparzak herritarrei eta ohartarazi du bozkatzen denaren araberako gobernua izango dela datozen lau urteetan. "Bozkatzeko eskubidea baliatu behar dugu. Gaur badugu aukera hori, beste batzuetan, ordea, ez dugu izan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.