Salaketa

Kasedako Langileak zerrendak salatu du alkateak botoa prestatu diola herritar bati

Jesus Esparza Iriarte da Kasedako alkatea, UPNko Batzorde Exekutiboko kide izandakoa.

Kasedako Langileak-ek Twitterren duen argazkia. KASEDAKO LANGILEAK
2019ko maiatzaren 26a
09:38
Entzun

Izquierda de Caseda / Kasedako Langileak zerrendak sare sozialetan egin du salaketa. Emakume bat joan da bi boto gutun eskuetan zituela bozkalekura. Zuria zen gutunetako bat, eta sepia kolorekoa bestea. Mahaiko presidenteak, orduan, jakinarazi dio Europarako botoa ere eman zezakeela, nahi izatera. Orduan, emakumeak erantzun du: "A, nik... alkateak eman dizkidanak". Kasedako Langileek kritikatu dute alkatearen jokabidea, herritarrei botoak prestatzen aritzea leporatuta.

Kasedan bi zerrenda aurkeztu ziren 2015ean, eta Agrupacion San Zoilok irabazi zuen. Botoen %57,2 lortu zituen. UNPrengandik gertukoa da zerrenda hori, eta burua, Jesus Esparza Iriarte, UPNko Batzorde Exekutiboko kide izandakoa. 1999tik izan da Esparza Kasedako alkate, eta Zangozako mankomunitateko burua ere izan da bi agintalditan. Nafarroako Parlamentuan ere izan da ordezkari, UPNren izenean, 2009 eta 2015 artean. Urte batzuetan, beraz, aldi berean hiru kargu publiko ere eduki izan ditu.

Lehenago ere polemikak izan dituzte herrian Esparzarekin. 2015ean parlamentari izateari utzi zion, eta, handik bi urtera, bere buruari soldata eta jarduna igo zizkiolako salaketa bat publiko egin zuten Kasedako Langileek. Bestela ere, 2017an, Zangozako mankomunitatean 2008 eta 2015 artean irregulartasun eta utzikeria ugari pilatu zirela agertarazi zuen auditoria batek. 2015ean kendu zuten Esparza mankomunitateko agintetik, eta aurkitutako emaitza eta datuek kezkatuta agindu zuten auditoria bat buru berriek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.