GIPUZKOA

Gehiengoa areagotu egin dute EAJk eta PSEk

Batzar Nagusietan bi ordezkari gehiago lortu dituzte jeltzaleek. Sozialistek bat galdu dute, baina gehiengo argia izango luke bien koalizioak. Joera bera da Donostiako Udalean: PSEk galera izan du, baina jeltzaleekin gehiengoa du. Udal koskor batzuk EH Bilduren eskuetara pasatu dira.

Markel Olano, EAJren hautagaia, botoa ematen. ANDONI CANELLADA, FOKU
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko maiatzaren 26a
11:10
Entzun

Batzar Nagusiak. EAJk lortu du boto gehien, eta hogei ordezkari izango ditu, orain arte baino bi gehiago. EH Bilduk ere irabazia izan du, ordezkari bat gehiago (18). Galera izan du Ahal Dugu-k: hiru kide gutxiago (3). PSE-EEk ere atzera egin du, ordezkari bat gutxiagorekin (8). PPk bakarrari eutsi dio. Beraz, emaitza horrekin, EAJ-PSE gobernu koalizioak gehiengo argia luke Gipuzkoan: 26 ordezkari behar dira gehiengo absolutua izateko, eta 29 ordezkari dituzte bien artean. Markel Olanok jarraituko du ahaldun nagusi. Eskualdeei dagokienez, EAJ izan da lehen indarra Deba-Urola, Donostia aldean eta Bidasoa-Oiartzunen; Orian, EH Bildu.

Donostiako Udala. Hiriburuan ere EAJk lortu du boto gehien, eta ordezkari gehiago: hamar, orain arte baino bat gehiago. Haren bazkideak, PSEk, atzera egin du: bost zinegotzi lortu ditu, bi galduta. Hala ere, koalizio horrek gehiengoa luke Donostiako Udalean: 27 zinegotzitik 15. Oposizioko alderdiei dagokienez, Ahal Dugu-k zinegotzi bat irabazi du (3), eta ordezkaritza berbera izango dute EH Bilduk (6) eta PPk (3).

Aldaketak udaletan. Aurreko hauteskundeen aldean, aldaketa izan da Gipuzkoako udal batzuetan, gehienetan EH Bilduren mesederako eta EAJren kalterako. Koalizio subiranistak gehiengoa lortu du honako herri hauetan, adibidez: Zumaia, Bergara, Zestoa, Villabona, Irura...

Gobernu itunen esku. Herri batzuetan joko irekiagoa utzi dute hauteskunde emaitzek. Errenterian EH Bildu da lehen indarra orain ere, eta Ahal Dugu-rekin gehiengoa luke; Ordizian ere berbera da egoera. Koalizio subiranista da buru Pasaian, Andoainen eta Lezon ere, baina EAJ-PSEk gehiengoa lukete. Sozialistek irabazi dituzte hauteskundeak Irunen, Eibarren eta Lasarte-Orian ere, baina gehiengorik lortu gabe; jeltzaleekin, bai, balukete.

Aldaketarik ez. Herri nagusi askotan, berriz, orain arteko gehiengoak egongo dira. EAJren esku, honako hauek, adibidez: Zarautz, Elgoibar, Tolosa, Hondarribia, Azkoitia, Beasain, Urnieta... EH Bilduk, esaterako, honako herri hauetan lortu du nagusitasuna berriro: OƱatin, Hernanin, Azpeitian, Oiartzunen, Usurbilen... Sozialistek gehiengo absolutua dute Zumarragan.

Beste kasu batzuk. Gipuzkoako beste bi herritan ere nagusitasuna lortu du PSE-EEk: Berrobin eta Larraulen. Herrian bizi ez diren hautagaiak aurkeztu ditu zerrendan; Berrobin, esaterako, Benjamin Atutxa parlamentari ohia da alkategai. Sozialistena zen zerrenda bakarra bi herri horietan, eta baliozko botoen %5 behar zituen gutxienez. Aise lortu ditu bietan: Berrobin, %12 (30 boto); Larraulen, %17 (19 boz). EH Bilduk izan du alkatetza Berrobin orain arte, eta Larraulen, talde independente batek; ez dute hautagaitzarik osatu orain. Orain hurrena Albizturren gertatu zen berdin, eta PSEk uko egin zion alkatetza hartzeari. Leintz Gatzagan, berriz, ez dute udal hauteskunderik izan gaur, ez baita inor aurkeztu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.