Araba

Gorka Urtaranek berea du alkatetza Gasteizen

Jeltzaleek zazpi ordezkari izango dituzte, eta PSE-EE bigarren indarra da sei ordezkarirekin. EH Bilduk ere sei ordezkari izango ditu.

Urtaran, botoa ematen. IHANA IRIONDO, FOKU
aitor biain
2019ko maiatzaren 26a
11:09
Entzun

Gorka Urtaranek alkatetzari eutsiko dio Gasteizen. Lehia estua iragarri zuten inkestek, baina EAJk babes nabarmena izan du bozetan: zazpi ordezkari izango dituzte jeltzaleek, botoen %23,5 eskuratuta. Hirugarren indarra izatetik alderdirik bozkatuena izatera pasa da EAJ, eta azken hamarkadetako joera irauli du Arabako hiriburuan. Orain artekoari eutsi eta PSE-EErekin agintzen jarraituz gero, gehiengo osotik boto bakarrera izango litzateke Urtaranen gobernua.

Hain zuzen, aurreikuspen guztiei aurrea hartu eta bigarren indarra da PSE-EE Gasteizen. Uste baino babes handiagoa izan dute sozialistek, eta EH Bildu baino ia mila boto gehiago eskuratu dituzte: 2015ek datuekin alderatuta, hamar mila boto gehiago eskuratu dituzte (%21,5), eta bi hautetsi gehiago izango dituzte.
Urtarani alkatetza lehiatzeko hautagai nagusietako bat zen Miren Larrion, baina boto kopurua handitu eta ordezkaritzari eutsi arren, hirugarren indarra izatera pasako da EH Bildu. Koalizio abertzalek ere sei ordezkari izango ditu, botoen %20,54 eskuratuta. 

Alderdi Popularrak, aldiz, beherakada nabarmena izan du. Alderdi bozkatuena izatetik laugarren indarra izatera pasa da: hamahiru mila boto baino gehiago galdu ditu. Bost ordezkari izango dituzte popularrek Gasteizko udalean, lau gutxiago. Elkarrekin Podemosek, berriz, hiru ordezkari izango ditu. 

Aldaketak udalerrietan

Arabako zenbait herritan ere lehia estua izan da, eta EAJren gorakadak aldaketa bat edo beste eragin du. Laudion, esaterako, EH Bilduk alkatetza galdu du EAJren mesedetan. Jeltzaleek nabarmen egin dute gora eta zazpi zinegotzi izango dituzte, bi gehiago. EH Bilduk, aldiz, zinegotzi kopuruari eutsi dio, baina bigarren indarra izango litzateke boto kopuruari dagokionez.

Amurrion, aldiz, EAJk alkatetzari eutsiko dio, eta Josune Irabienek jarraituko du aginte makilarekin. Zinegotzi bat gehiago izango dute jeltzaleek: zortzi, botoen %42 eskuratuta. Ordezkaritza handitu du EH Bilduk ere, baina bigarren indarra izango da zazpi zinegotzirekin, 2015ean baino bi gehiago lortuta. (botoen %34 inguru). 

Agurainen ere EAJ izan da alderdirik bozkatuena, baina boto gutxiren aldearekin: hamazazpi botoko aldea izan baita jeltzaleen eta EH Bilduren artean. EAJk zazpi zinegotzi izango ditu, eta sei EH Bilduk. 

Alkatetzari eutsiko dio EH Bilduk, aldiz, Legution, Zuian, Urkabustaizen eta Barrundian, besteak beste.  

Laguardian eta Bastidan, berriz, Alderdi Popularra izan da nagusi. Babes handia izan ohi dute popularrek Arabako Errioxan, eta babes horri eutsi dio oraingoan ere. EAJren gorakadak izan du eraginik, halere. Gertu izan baita bi kasuetan: hogeita lau eta hogei botoko aldea izan baita, hurrenez hurren.

EAJ nagusi Batzar Nagusietan eta Europako hauteskundeetan ere

Batzar Nagusietan ere EAJk jaso ditu boto gehien. 2015eko datuekin alderatuta, lau eserleku gehiago izango dituzte jeltzaleek: hamazazpi ordezkari denera. Ramiro Gonzalezek bigarren agintaldia izango du, beraz. EH Bildu da bigarren indarra, ordezkari bat gehiago eskuratuta: hamabi ordezkari izango ditu. Koalizio abertzaleak baino eserleku bat gutxiago izango dute sozialistek, hamar ordezkari guztira. Alderdi Popularra laugarren postuan da, lau eserleku galduta: zortzi ordezkari izango dituzte. Elkarrekin Podemosek ere lau ordezkari izango ditu Batzar Nagusietan. 

Europako hauteskundeetan ere EAJ izan da alderdirik bozkatuena Araban. Guztira, 40.808 bozka eskuratu dituzte jeltzaleek, emandako botoen %25,31, 2014ko datuen bikoitza. Parte hartzeak 21 puntu egin du gora, eta eragin nabarmena izan du horrek gainerako alderdietan ere. PSOE izan da bigarren indar bozkatuena 35648 boto lortuta (%22,11), eta EH Bildu hirugarrena, 28.836 erdietsita (%17,88). Laugarren postuan litzateke Alderdi Popularra 20112 botorekin (%12.47).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.