Nafarroa

Bi eserleku daude kolokan Nafarroan

Zenbaketa amaitzeke duten herrien artan daude Burlata, Cadreita, Cintruenigo eta Lizarra, besteak beste. 24 botoren aldearekin, Navarra Sumak bat gehiago eskuratuko luke, eta hogeira heldu.

Bakartxo Ruiz, EH Bilduko parlamentaria, bart. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
2019ko maiatzaren 27a
07:21
Entzun

Oso gutxigatik, baina hogeigarren eserlekua eskura du Navarra Sumak Nafarroako Parlamentuan. 24 botoren aldea ateratzen dio Navarra Suma koalizioak EH Bilduri. Botoen %1,86 geratzen da zenbatzeko, tartean atzerrikoak, eta azken horiek eskuinaren alde oker dezakete balantza. Hala gertatu zen duela lau urte. Ordu hartan UPN izan zen nagusi atzerriko botoari dagokionez, eta Ahal Dugu eta EH Bildu bigarren eta hirugarren izan ziren hurrenez hurren.

Zenbaketa amaitzeko dute, halaber, hainbat udalerritan, tartean Iruñean eta Lizarran. Bai batan eta bai bestean Navarra Suma gailendu da botoen %39,41ekin lehenengoan eta %38,05ekin bigarrenean.

Beste aukera litzateke Javier Esparzaren taldea 19rekin geratzea eta zortzigarrena eskuratzea EH Bilduk —horrek ez luke lauko gobernua ahalbidetuko, hala ere—. Horrez gain, gerta liteke Ezkerra-Izquierdak duen diputatu bakarra galtzea, botoen %98,14 zenbatuta eserlekua lortzeko beharrezko %3ra ozta-ozta iritsi baita.

Nafarroako Parlamentu berria ekainaren 19an osatuko dute, eta egun horretan aukeratuko dituzte parlamentuko presidentea eta mahaiko kideak ere. Hurrengo urratsa izango da gobernua osatzea, zeinean PSNk izango duen giltza. Javier Esparzak bart gauean bertan luzatu dio eskua Maria Txibite sozialistari, argi utziz, hori bai, presidentetza koalizioarena dela.

Gaur arratsaldean bilduko da PSNko zuzendaritza, hauteskundeen emaitzak aztertu eta aurrerantzean egin beharreko pausoez hausnartzeko. Berdin egingo dute UPNko kideek ere. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.