Hauteskundeen biharamuna

"Epelkeriak" alde batera uzteko eskatu dio Ana Beltranek PSNri

Esparzari ezezkoa emanda, "gobernu aurrerakoi bat" osatzen saiatuko da Txibite. Madrilgo sozialistek ohartarazi dute Nafarroan ez dutela onartuko EH Bildurekin koalizioan joaterik. Arratsaldean bildu dira UPN eta PSN bozen emaitzak aztertzeko. "Inoizko emaitza onenak" izan dituztela nabarmendu du Otegik.

Ana Beltran, apirileko kanpainan Iruñean, Pablo Casado Espainiako PPko burarekin. IñAKI PORTO, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko maiatzaren 27a
07:10
Entzun

Navarra Sumatik hasi zaizkio PSNri presioa egiten ez dadin saiatu bere aldetik gobernu bat osatzen. Maria Txibite sozialistak uko egin dio Nafarroan eskuinarekin akordioak egiteari, eta argi utzi du "gobernu aurrerakoia" izango dela berea. Ana Beltran PPko buruak, ordea, ardura eskatu dio eta gaineratua du herritarrek "nazionalismoaren aurka" eman duten agindua ukaezina dela.

"Foru gobernu bat osatzen uzteko" eskatu dio Beltranek Txibiteri; alegia, UPN, PP eta Ciudadanosen koalizioaren alde egiteko. "Epelkeriak amaitu dira sozialista nafarrentzat eta orain argi eta garbi jokatu beharko dute esanez nazionalismoaren edo konstituzionalismoaren alde dauden", adierazi du Beltranek. PSNren koherentzia ere aipatu du eta aurreko legegintzaldian "arrakalarik gabe" PP eta UPNrekin batera bozkatu zuela gogorarazi du.

Navarra Sumarekin bat egiten ez badu, babesak beharko ditu Txibitek presidente izan nahi badu, eta bide horretan, Uxue Barkos jarduneko presidenteak dagoeneko eskaini dio berea. Jose Luis Abalos PSOEko Antolakuntza idazkariak ohartarazi du, hala ere, ez dutela onartuko EH Bildu kide den koaliziorik. Ez duena zehaztu izan da onartuko ote luketen koalizio abertzalearen abstentzioarekin presidentetza eskuratzea.

Javier Esparzak bart gauean bertan egin zion elkarlanean aritzeko eskaintza Txibiteri, zehazturik eurena zela gobernuko buruzagitza —foru hauteskundeetan Navarra Suma izan da nagusi, 19 eserleku lortuta—. Alde horretatik, "erantzukizunez" joka dezatela eskatu dio Ana Beltran PPNko parlamentariak PSNri: "Amaitu dira aldebikotasunak; orain argi eta garbi esan beharko dute nazionalismoa edo konstituzionalismoa babesten ote duten".

Aldaketarekiko konpromisoa berretsi du Bakartxo Ruiz EH Bilduko parlamentariak bozen emaitzak jakin osteko agerraldian, eta elkarlanerako deia egin die azken lau urteotako koalizio gobernua osatu duten alderdiei, baina aurrera begirako asmoak gehiago zehaztu gabe. "Aurrean dugun egoera berriaren analisi bateratua egin behar dugu aldaketaren indarrok, ezarria dugun bide orria betetzeko".

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, ahatik, nabarmendu du "oso onak" izan direla oro har lortutako emaitzak: "Ezkerreko independentismoak sekula ez ditu lortu atzokoak: 346.000 boto eta 1.247 zinegotzi. Lehen indarra gara Hego Euskal Herriko udaletan. Europako hauteskundeetan 1.250.000 boto eta hiru diputatu lortu ditugu". Botoetan oso emaitza onak lortu arren, koalizio abertzaleak ez du lortu Gasteizen eta Gipuzkoan lehen indarra izatea. Jeltzaleak nagusitu zaizkie bietan.

Jeltzaleak izan dira lehen indarra Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta baita hiru hiriburuetan ere. Donostiako jarduneko alkate Eneko Goia pozik agertu da lortutakorekin, eta nabarmendu du elkarrizketak hasteko garaia dela orain. Aurreko legealdiko akordioa berriz egiteko prest agertu da Goia, baina askorik zehaztu gabe. Iritzi berekoa da Juan Mari Aburto Bilboko alkatea ere. Han duela lau urte baino 8.000 boto gehiago eskuratu ditu EAJk, eta Espainiako Gorteetarako bozetan baino 4.000 gehiago.

Ahal Dugu-ren gainbehera

Emaitza txarrak onartu arren, baikor agertu da Lander Martinez Ahal Dugu-ko idazkari nagusia. "EAEn ezkerreko taldeen batasunaren alde egin dugu, eta, horri esker, estatuko zerrendek baino emaitza hobeak lortu ditugu. Gobernurako giltza guk dugu hainbat udaletan: besteak beste, Errenterian, Andoainen edota Durangon".

Emaitza txarren zergatiez galdetuta, Martinezek zehaztu du EAJ eta EH BIlduren arteko lehiak hartu duela protagonismo osoa hainbat eremutan, eta horrek kalte egin diola euren alderdiari. "Ez dugu asmatu gure proposamenak entzunarazten eta kanpainan tokia egiten". Horrez agin, aitortu du "barne borrokek" ere eragina izan dutela herritarren erantzunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.