Euskal presoak

Gorka Fraile ez Euskal Herriratzea bidezkoa dela ebatzi du Estrasburgoko Auzitegiak

Argudiatu duenez, bere etxetik 700 kilometrora egon arren, "familia bizitzarako eskubidea" bermatua zuen.

Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko maiatzaren 28a
07:47
Entzun

Gorka Fraile euskal presoak Badajozko espetxetik (Espainia) Euskal Herrira gerturatzeko eskaria egin zuen 2016an,  familiarengandik gertuago egon ahal izateko. Dunangon (Bizkaia) du etxebizitza. Frailek adierazi zuen  etxetik 700 kilometrora zegoela espetxeratuta, eta Badajozen preso egon zen denboran senideek ezin izan ziotela bisitarik egin.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ukatu egin zion babes helegitea Fraileri, eta Konstituzionalaren erabaki hori zuzenbidearen araberakoa dela ebatzi du orain Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegiak. Konstituzionalak adierazi zuen Fraile urrunduta mantentzeak ez zuela urratzen presoaren oinarrizko eskubiderik.

Iñaki Goioaga Fraileren abokatuak BERRIAri adierazi dionez, Estrasburgoko auzitegia "ez da auziaren muina aztertzera sartu", eta Espainiako Estatuaren "argudioak ontzat ematera mugatu da". Goioagak gaineratu du auzitegiaren erabakiak "kontraesanak" dituela. Izan ere, ez du Fraileren helegitea tramiterako onartu, baina Espainiako Estatuak presoaren "komunikazioa bermatu" behar duela jasotzen du.

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebazpenean jaso duenez, preso politikoen urrunketaren helburua da presoak "ingurune terroristarekin" izan dezakeen lotura etetea. Ildo horretan, nabarmendu du ETA ez zegoela deseginda Espainiak Fraile urruntzeko erabakia hartu zuenean. Auzitegiak gaineratu du Frailek ez diola uko egin erakundeari, eta gogorarazi du ETAko kideen kasuan bakarrik harekin lotura eten duten presoek lor dezaketela hirugarren gradua.

Goioagak nabarmendu duenez, auzitegiak bi irizpidetan oinarritzen du bere erabakia: presoaren egoera juridikoa eta haren bilakaera, batetik, eta Espainiako Estatuaren kartzela politika orokorra, bestetik. Azken horri dagokionez, auzitegiak zehazten du urruntzea terrorismo delituengatik zigortuta daude presoei mugatuta dagoela, eta une politikoaren baldintzen araberakoa dela.

"Helegitea aurkeztu zenetik hona erabat  aldatu dira baldintza politikoak", Goioagaren iritziz. "Ez dago erakunde armaturik 2018ko maiatzaz geroztik, eta ez dago borroka armaturik 2011tik". Fraileren helegitearen auzibidea ETAren behin betiko su etenaren aurrekoa da, ordea. Goioagaren arabera, Estrasburgoren ebazpenetik uler daiteke helegitea gaur aurkeztuz gero, egoera politikoan izan diren aldaketa horiek kontuan hartu beharko liratekeela. "Momentu honetan ez dauka oinarririk presoen urruntzea mantentzeak".

Erabakia hartu duen epaimahaia zortzi epailek osatu dute. Tartean, Maria Elosegi donostiarrak.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren ukoaren aurretik, Fraileren eskaria baztertu dute Espainiako beste bi auzitegik. Bigarren instantzian, Auzitegi Nazionalak argudiatu zuen Frailek harreman jarraitua izan zuela senide eta gertukoekin Badajozen preso zegoela, eta, beraz, bere komunikaziorako eskubidea bermatuta zegoela.

Fraile Euskal Herritik gertuago dago 2018 azaroaz geroztik. Duesoko espetxera lekualdatu zuten (Kantabria, Espainia), zigorraren hiru laurdenak beteta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.