Kataluniako epaiketa

Fiskaltzak eutsi egin die independentista katalanen aurkako zigor eskaerei

Behin betiko ondorioen berri eman dute gaur aldeek. Fiskaltzaren arabera, matxinada delitua egin zuten auzipetuek. Zazpi eta 25 urte arteko kartzela zigorrak eskatu ditu berriz.

Fidel Cadena eta Javier Moreno fiskalak, Espainiako Auzitegi Gorenean. EFE
Hodei Iruretagoiena.
2019ko maiatzaren 29a
19:03
Entzun

Fiskaltzak eutsi egin die eskaerei Kataluniako buruzagi independentisten aurkako auzian: haren arabera, matxinada delitua da urriaren 1eko erreferendumaren inguruan gertatutakoa. Dirua bidegabe erabili izana ere leporatzen die auzipetuei, eta akusazioez gain, zigor eskaerak ere berretsi ditu gaurko Espaniako Auzitegi Goreneko saioan. Behin betiko eskaerak dira, beraz: 25 urteko kartzela zigorra eskatu du Oriol Junquerasentzat; hamazazpi urtekoa Jordi Sanchezentzat, Jordi Cuixartentzat eta Carme Forcadellentzat; hamasei urtekoa Jordi Turullentzat, Josep Rullentzat, Joaquim Fornentzat, Raul Romevarentzat eta Dolors Bassarentzat; eta zazpi urtekoa Carles Mundorentzat, Meritxell Borrasentzat eta Santi Vilarentzat —azken hiruei desobedientzia eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egozten zien—.

Beste eskari bat ere egin du Fiskaltzak: auzipetuak zigortzen badituzte, hirugarren gradua lortzeko zigorraren erdia bete beharra jaso dezala epaileak sententzian. Hala, ezingo lukete baimenik edo baldintzapeko askatasunik eskuratu gutxienez zigorraren erdia bete arte. Espainiako Zigor Kodeko 36.2 artikulua aipatu du Fiskaltzak: "Kartzela zigorra bost urtetik gorakoa denean, epaileak edo auzitegiak agindu dezake ez emateko hirugarren gradurik zigorraren erdia bete arte". Fiskaltzaren eskaera betetzeko, epaileak sententzian jaso beharko luke klausula hori.

Estatuaren Abokatutzak ere mantendu egin du bere bertsioa: sedizio delitua egozten die akusatuei. Hamabi urteko zigorra eskatzen du Junquerasentzat, 11 urte erdikoa Forn, Rull, Turull, Bassa eta Romevarentzat; hamar urtekoa Forcadellentzat; eta zortzi urtekoa Sanchez eta Cuixartentzat.

Voxeko akusazio partikularrak egin du aldaketa bakarra. Santi Villari erakunde kriminaleko kide izatea egozten zion, eta erretiratu egin du akusazio hori. Desobedientzia soilik leporatzen dio orain.

NBEren Atxiloketa Arbitrarioaren Lantaldeak Junqueras, Sanchez eta Ciuxart aske uzteko eskatu duen egunean egin dituzte behin betiko eskaerak Fiskaltzak, Estatuaren Abokatutzak eta Voxek.

Manuel Marchena buru duen epaimahaiak ia lau hilabete igaro ditu alde guztiek deituriko lekukoak entzuten. Atzo, horiek esandakoa irudien bidez aztertzen hasi ziren, 2017ko irailaren 20an —Guardia Zibila Ekonomia Kontseilaritzan sartu zen— eta U-1ean grabaturiko bideoak ikusten hasi baitziren. Orain, behin betiko ondorioak aurkeztu beharko dituzte aldeek.

Eskaeren berri izan bezain pronto, akusazioak erretiratzeko eta auzipetu presoak berehala aske uzteko eskatu dute, besteak beste, Omnium Culturalek, ERCk eta Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidenteak. "Errepresioarekin inoiz baino konplizeago" izatea egotzi dio ERCk Pedro Sanchez Espainiako presidenteari, eta Torrak iragarri du ez-ohiko gobernu kontseilura deituko duela eskari horiek formalizatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.