Artea

Arantzazuko apostoluek Oteizarengan utzitako arrastoa gogoratuko dute

Erakusketa bat, bi argitalpen, mahai-ingurua eta beste zenbait ekitaldi antolatu dituzte, eskultoreak lana amaitu zuenetik 50 urte betetzen baitira aurten.

Gorka Rubio/Foku. OTEIZA ETA ARANTZAZUKO ESTATUARIA, 1950-1969 PROGRAMAREN AURKEZPENA.
Miren Garate.
2019ko maiatzaren 30a
14:10
Entzun

Bizitzako proiekturik garrantzitsuena izan zen Arantzazukoa Jorge Oteiza eskultorearentzat. Elena Martin Oteiza Museoko kontserbaitzailearen esanetan, beste proiektu batzuk uzteko eta ahazteko arazorik ez zuen izan, baina izandako gorabeherak gorabehera —kontuan izan behar da apostoluek hamalau urte eman zituztela bukatu gabe eta bide ertzean botata—, ezin izan zion uko egin Arantzazukoari, "harentzat artean garrantzitsuak ziren baldintzatzaile ugari baitzituen proiektuak".

Alde batetik, artistikoki erronka bat zen; izan ere, 1951rako, lan hura egiteko hautatu zutenerako, abstrakzioaren bidea hartuta zegoen, eta arkitektoek eta frantziskotarrek emandako enkarguak estetika figuratiboarekin ere lan egitea eskatzen zion. Bestetik, Gipuzkoako patroia zenaren basilikan lan egiteko eskaera bat zen, eta, sinbolikoki, kontzeptu asko batzeko nahia eragiten zion horrek, Gipuzkoako bizlanteek islatuta ikusteko beren burua. Horrez gain, eskultura, arkitektura, paisaia, pintura eta beste zenbait arlo integratzea eskatzen zuen proiektuak, eta hori oso interesgarria iruditzen zitzaion eskultoreari. "Basilikan lan egin zuten artista guztiek izan zituzten kontuan inguruko faktore horiek guztiak".

Oteizak 1969ko ekainetik urrira bitartean kokatu zituen beren lekuan santutegiaren fatxadarako diseinatu zituen hamalau apostoluak, eta 50. urteurren hori baliatuz, zenbait ekitaldi antolatu dituzte. Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969 erakusketa da horietako bat. "Bi espaziotan garatuko den erakusketa da, elkarren osagarriak dira", azaldu du Gregorio Diaz Ereño Jorge Oteiza museoko zuzendariak. Hain zuzen, Altzuza bertan jarriko dute zati bat, eta ekainaren 19tik urriaren 27ra arte egongo da ikusgai; besteak beste, ehundik gora eskultura-estudio baino gehiago erakutsiko dituzte, horietatik gehienak orain arte erakutsi gabeak. Erakusketaren bigarren zatia, berriz, Arantzazu Gaur Fundazioaren egoitzan egongo da, Gandiaga Topagunean, ekainaren 28tik urriaren 27ra bitartean. Proiektuak izandako gagoak azalduko ditu 50 eskultura ingururen bidez, eta ikus-entzunezko ugari ere bilduko ditu.

Martin izango da erakusketaren komisarioa, eta hark doktore tesirako egindako ikerketa oinarri hartuta, Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969 argitalpen monografikoa ere kaleratuko dute ospakizun programaren barruan. 600 orrialde inguruko argitalpena izango da, euskaraz nahiz gaztelaniaz, eta eskultura proiektuaren bilakaerari nahiz fatxadaren behin betiko itxuraldaketari buruzko xehetasunak bilduko ditu, tartean baita 400 irudi baino gehiago ere. Beste argitalpen bat ere prestatutako dute, aldizkari formatuarekin, proiektuaren bilakaera modu ikusgarriagoan azaltzen duena.

Ospakizun ekitaldia irailaren 21ean egingo dute, eta mahai inguru baten bidez, Arantzazuren garrantzia aztertuko dute, bere testuinguruan. Ekitaldiak osatzeko, erakusketetara bisita gidatuak, lantegi pedagogikoak, hitzaldiak eta abar antolatu dituzte.

Ekitaldiak antolatzeko ekimena Jorge Oteiza Museoa eta Arantzazu Gaur fundazioena izan da, baina erakunde askoren babesa jaso dute, hala nola Gipuzkoako Foru Aldundiarena, Kutxa Fundazioarena, Eusko Jaurlaritzarena, Accion Cultural Españolarena, Eguasibarko Udalarena eta Arantzazuko Adiskideak Elkartearena. "XX. mendean arte erlijiosoak izandako berrikuntzaren ikur bat da, eta balioa eman nahi diogu", esan du Diaz Ereñok, eta gaineratu du Oteizaren obrak gero eta erreferentzialtasun handiagoa hartu behar duela, eta haren izenak XX. mendeko artea aztertzen duten argitalpen guztietan egon behar duela, ez bakarrik arte erlijiosoa lantzen dutenetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.