Kolonbia

Aske utzi dute Jesus Santrich FARCeko buru ohia

Kolonbiako Auzitegi Gorenak agindu zuen atzo FARCeko gerrillari ohi eta Habanako akordioen sinatzaileetakoa aske uzteko. Gertukoen harrera jaso ondoren, FARC alderdiaren egoitzan agertu da. Handik Kolonbiako Kongresura joateakoa da, diputatu akta hartzera.

Jesus Santrich, libre geratu ondoren. JUAN PáEZ / EFE.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko maiatzaren 30a
07:18
Entzun

Kolonbiako Fiskaltzak bete du Auzitegi Gorenaren ebazpena. Seuxis Paucias Hernandez Jesus Santrich FARCeko gerrillari ohia aske utzi du gaur. Ivan Cepeda PDAko senatariak eta FARC alderdiko Pablo Catatumbok lagunduta atera da Santrich Fiskaltzaren Bogotako egoitzatik, eta FARC alderdiaren egoitzara joan da. Handik Kolonbiako Kongresura joatekoa da, diputatu akta hartzera. Hain zuzen, atzo, Kolonbiako Auzitegi Gorenak argudiatu zuen foruduna dela Santrich —bake negoziazioetan adostutako diputatuetako bat da—, eta hari dagokiola auzia, ez auzitegi arrunt bati.

"Une honetan, Fiskaltza Auzitegi Gorenaren erabakia betetzen ari da", idatzi dute Fiskaltzaren Twitter kontu ofizialean. "Prozedura Segurtasunerako Unitate Nazionalaren segurtasun neurriekin ari dira egiten", erantsi dute. Gertuko eta kideak zituen zain Santrichek FARCen egoitzan; haren askatasunaren aldeko Twitter kontu batetik zabaldu dituzte lehen irudiak.

Bakerako Batzorde Bereziak ere Jesus Santrich FARCeko buruzagi ohi eta Habanako bake akordioen sinatzaileetakoa aske uzteko agindu zuen maiatzaren 15ean. Aske geratu orduko atxilotu zuten, ordea, narkotrafiko delituak egotzita. Kolonbiako Gobernua eta Fiskaltza Santrichen askatasunaren aurka agertu dira, baina Auzitegi Gorenaren arabera, Fiskaltzari ez zegokion halakorik erabakitzea. Gaur, azkenean, Gorenaren erabakia bete du Fiskaltzak.

"Bihotza pozez gainezka eta besoak zabalik hartu dugu gure kide Jesus Santrich, askatasunean", idatzi du Victoria Sandino FARCeko senatariak: "Haren duintasunak beti dago gurekin borroka honetan eta Kolonbian bakea eraikitzeko amets honetan". Kolonbiako Estatuaren "azpijoko zikina" salatu du Pastor Alape Lascarro FARCeko ordezkariak: "Haien nahia bakea txikitzea da, baina justizia eta egia nagusitu dira".

Bigarren atxiloketaren aurretik, bere buruaz beste egiten ere saiatu zen Santrich, Ivan Cepeda Kolonbiako senatariak adierazi zuenez, estraditatu egin behar zutela sinetsarazi ziotelako. Aurrez, 2018ko apirilean atxilotu zuten, AEBen eskariz Interpolek emandako agindu baten ondorioz. Hari eta beste hiru laguni 2017ko ekainaren eta 2018 apirilaren artean 10 tona kokaina AEBetara bidaltzea leporatzen zien New York hegoaldeko distrituko epaitegi batek, baina FARCek salatu zuen "azpijokoa" zela guztia.

Santrichen askatasunaren berri izan ondoren, Morgan Ortagus AEBen bozeramaileak esan du "negargarria" dela erabakia, nahiz eta erantsi duen "errespetatu" egiten dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.