Herri kontsultak

Auzitegi Gorenak ebatzi du legezkoa izan zela Basauriko herri galdeketa

EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpen bati helegitea jarri zion Espainiako Estatuaren Abokatuak, Basauriko Udalak ez ziolako Madrili galdeketarako baimenik eskatu. Espainiako Auzitegi Gorenak ez du helegitea onartu.

Basauriko erdigunearen fotomuntaketa bat. Harako proiektu bati buruz egin zuten galdeketa. BASAURIKO UDALA.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko maiatzaren 31
17:36
Entzun

"Ados zaude San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxe berroneratzeko proiektua aurrera eramatearekin?". Galdera horren inguruan, herritarrak galdeketara deitu zituen Basauriko (Bizkaia) Udalak 2016ko uztailerako, eta bertan behera uzteko eskatu zuen Espainiako Estatuaren abokatuak. Hala agindu zuen Bilboko auzitegi batek. Espainiako Estatuaren abokatuak argudiatu zuen "estatuaren konpetentziak urratzen" zituela galdeketak, Pozokoetxeko trenbide gunea Adif Trenbide Azpiegitura Administratzailearen eta Espainiako Sustapen Ministerioaren menpekoa delako.

Azkenean 2017ko abenduan egin zuten bigarren kontsulta bat, Espainiako Ministroen Kontseiluari baimena eskatuta, baina lehen deialdi haren auzitegietako bideak aurrera jarraitu zuen. EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoi eman zion Basauriko Udalari, baina Espainiako Auzitegi Gorenera jo zuen gero estatuaren abokatuak. Hark atzera bota du orain Madrilen helegitea, eta legezkotzat jo du galdeketa, Basauriko Udalak jakinarazi duenez. Auzitegi Gorenak arrazoitu du ez dela frogatu "estatuko zuzenbidea modu nabarmenean urratu" denik. "Sententzia irmoa da eta doktrina ezartzen du", nabarmendu du Andoni Busquet (EAJ) alkateak.

EAEko Udal Legearen aterkipean eginiko lehen galdeketa izan zen Basaurikoa: 82. artikuluan oinarritu ziren Basaurin: "Toki erakundeek politika edo erabaki publikoei buruzko toki mailako herri galdeketa irekiak egin ahal izango dituzte". Era berean, artikuluak dioenez, "galdeketaren gaia udalerriaren eskumeneko politika publiko, erabaki edo kontuetara mugatuko da".

Guztira 33.400 herritar zeuden deituta bozka ematera, Basaurin erroldatuta zeuden 18 urtetik gorako herritarrak. 6.051 pertsonak eman dute zuten botoa (% 18,07), eta boto emaileen %73,13k babestu zuten udalak proposatutako plana.

EAEko Udal Legea oinarri

EH Bilduren esanetan, EAEko Udal Legea indartzen du erabaki horrek. Lege hori EAJren eta EH Bilduren arteko akordio baten ondorioz onartu zuten 2016ko apirilean. "Beti defendatu izan dugu kontsulta hori egitea posible zela Espainiako Ministroen Kontseiluari baimenik eskatu beharrik gabe", nabarmendu du EH Bilduk: "Orain, Espainiako Auzitegi Gorenak tesi hori berretsi du".

Busquet alkateak ere adierazi du Gorenaren erabakiak "udalen autonomia indartzea" dakarrela: "Ez zegoen halako aurrekaririk Euskadin".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.